Eustatek Estatistikako Isilpekotasunari buruzko Nazioarteko VI. Biltzarra egin zuen Bilbon
2010eko abenduaren 2, 3 eta 4an egin zuen Eustatek Bilbon Datu estatistikoak hedatzeko isilpekotasunari buruzko Nazioarteko VI. Biltzarra. Izan ere, biltzar hau Nazio Batuen Europako Ekonomi Batzordeak (UNECE) eta Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (EUROSTAT) antolatzen dute.
Mundu osoko 24 herrialdetako, nazioarteko 4 erakundetako eta 13 unibertsitate eta ikerketa zentrotako 100 ordezkarik parte hartu zuten biltzarrean.
Bi urtean behin egiten den biltzar honen xedea izan zen datuen taulen edo fitxategien bidezko estatistika-hedapenean datuak babesteari lotuta dauden estatistikako azken azterketa eta teknikak azaltzea, eztabaidatzea eta horien gaineko esperientziak trukatzea. Horrela, estatistika-iturriek ematen duten informazio guzti-guztia erabili ahal izango litzateke, betiere banakoen datuei dagokienez sekretu estatistikoa zorrotz betez, herrialdeetako legeetan ezarri bezalaxe.
Informazioa erabili eta ustiatzeko faseetan zaintzen da isilpekotasuna, baina batez ere datuen hedapenean.
Azken kasu honen gainean jardun zen gehienbat Bilboko Nazioarteko Biltzarrean. Besteak beste, isilpekotasuna aplikatzeari eta herrialdeetan ezartzeari buruzko Europako Jardun Onen eskuliburu nagusienak aztertu ziren. Biztanleen Zentsuak hedatzean isilpekotasuna zaintzeko teknika berrienez jardun zen, eta Alemaniaren esperientzia azaldu zen, herrialde honek ikertzaileentzako zentro berezietatik erabiltzen dituelako datuak, hots, urrutiko erabilera egiten du. Azkenik, isilpeko datu estatistikoak prestatzeko garapen informatiko berrienez ere jardun zen.
Biltzarrean bertan, EUSTATek metodo berritzailea aurkeztu zuen, familiei egindako Ingurumenari buruzko Inkestari aplikatzen zaizkion mikrodatuen fitxategiak babestekoa.
Egitaraua (Pdf, 470 Kb)