2021
Indarkeria matxista, 2021ean, igo egin da, 2020an behera egin ondoren, eta 5.430 biktimizazio-kasu izan dira.
2020an, osasun-larrialdiko egoerarengatik izan ziren murrizketen ondorioz, beherakada orokorra izan zen delitu-jardueran, eta testuinguru horretan ere indarkeria matxistaren kasuak murriztu ziren.
2021a ere salbuespen-egoerak baldintzatu du, eta igoera nabarmena izan du. “Sexu-askatasunaren aurkako delituak” (familia-eremutik kanpokoek eginikoak) izan dira gehien areagotu direnak; 2019an izandako kasu kopurua gainditu da 2021ean.

Indarkeria mota
Indarkeria moten artean, “Sexu-askatasunaren” aurkako indarkeria-kasuek (familia-eremutik kanpokoek eginikoak) izan dute gorakada handiena.
“Bikotekidearen/bikotekide ohiaren indarkeria”ren kasuen kopuruak pixka bat egin du gora, 2020arekin alderatuta, baina ez da 2019ko erregistroetara iritsi.
“Familia barruko indarkeria”k (bikotekidearen/bikotekide ohiaren indarkeria kenduta) pixka bat egin du behera, baina jarraitzen du 2019ko datuen gainetik.

Emakume gazteak
Emakume adingabeak gero eta sarriago dira familia-eremutik kanpo jasandako sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima.
2021ean, 445etik 197 izan dira; alegia, emakume biktimen % 44,3 adingabeak izan dira. Kopuru eta proportzio hori 2020koak baino handiagoak izan dira, orduan 127 izan baitziren biktima adingabeak 338tik, alegia: biktimen % 37,6.
Analisia 20 urteko eta gutxiagoko emakumeen adin-taldera zabaltzen badugu, 2021ean kasuen % 59,3 direla ikusten dugu, eta, 2020an, % 51,2 eta, 2019an, % 51,7.

Lurraldeen arabera
Lurraldeen araberako datuen analisiak erakusten du azken 4 urteotan egoerak gehien Gipuzkoan egin duela okerrera. Lurralde horretan egin du gehien gora biktimizazioen kopuru osoak 2018tik, eta Bizkaian eta Araban gorakada txikiagoa izan da.
Lurralde guztietan igo zen kasuen kopurua 2018aren eta 2019aren artean, eta 2020ko beherakada osasun-larrialdiko egoerak baldintzatu zuen nabarmen. Hala ere, 2021ean, kopuru osoa asko igo da Gipuzkoan, askoz ere gutxiago Araban eta, Bizkaian, behera ere egin du.
Gipuzkoan, indarkeria mota guztiak areagotu dira; Araban, familia barruko indarkeria, eta, Bizkaian, familia barruko indarkeria eta sexu-indarkeria.
Nolanahi ere, aipatu behar da Gipuzkoako intzidentzia baxuagoa zela hasieran eta, orain, biztanleko tasak parekatu egin direla. Ondorioz, 2021ean Araban eta Gipuzkoan tasa orokorra 47 biktimizaziokoa da 10.000 emakumeko eta, Bizkaian, 49koa, 10.000 emakumeko.
Biktimizazioak (kasu-kopurua), emakumeen aurkako indarkeria-motaren arabera, Euskal AEko lurralde-eremuei dagokienez. 2018-2021
| Guztira | Bikotekideak egindako indarkeria / Bikotekide ohia | Familia barruko indarkeria | Sexu indarkeria |
| 2018 | 2021 | Gehikuntza (%) | 2018 | 2021 | 2018 | 2021 | 2018 | 2021 |
Euskal AE | 5.315 | 5.430 | 2,2 | 4.086 | 3.873 | 1.008 | 1.106 | 424 | 451 |
Araba/Álava | 786 | 795 | 1,1 | 625 | 571 | 166 | 172 | 55 | 52 |
Bizkaia | 2.932 | 2.908 | -0,8 | 2.230 | 2.114 | 524 | 570 | 235 | 224 |
Gipuzkoa | 1.597 | 1.727 | 8,1 | 1.231 | 1.188 | 318 | 364 | 134 | 175 |
Data 2022ko Ekainaren 21a
Iturria: Segurtasun Saila. Emakumeen aurkako indarkeria