Testuinguru horretan, eta azaroaren 25ari jarraiki -Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko nazioarteko eguna-, txosten honetan emakumeen kontrako indarkeriaren estatistikaren daturik aipagarrienak aurkezten dira. Horiek Segurtasun Sailarenak dira, 2023. urtekoak eta Ertzaintzak ezagutza duen polizia-eginbideetan jasotako arau-hauste penaletatik datozenak.
Emakumeen aurkako indarkeria-kasuen erregistroak %127 areagotu dira azken bi hamarkadetan. Gorakada horrek bi gauza adieraz ditzake: indarkeriaren benetako hazkundea edota biktimek gertaerak salatzeko duten jarrera handiagoa. Nolanahi ere, arazo iraunkorra da gizartean.
BIKTIMIZAZIOAK ETA EMAKUME BIKTIMAK
2023. urtean zehar, emakumeen aurkako 6.572 indarkeria-kasu erregistratu ziren; aurreko urtean baino %7 gehiago, azken hamarkadan baino %32 gehiago eta, duela 20 urteko datuekin alderatuta, %127 gehiago. Hurrengo grafikoak biktimizazioek azken hamarkadetan izan duten goranzko bilakaera erakusten du.
Biktimen kopuruari dagokionez, 2023an 5.235 emakumek jasan dute indarkeria-motaren bat Euskal AEn. Biktimizazio kopuruarekin alderatuta (6.572), ondorioztatzen da 1.337 indarkeria-kasu emakume berdinengan errepikatu direla. Hau da, indarkeria-kasuen %20,3a ez da unean uneko zerbait, baizik eta behin baino gehiagotan gertatzen dena. Ehuneko hori ia egonkor mantentzen da denboran zehar, eta horrek berresten du azken hamarkadan biktimizazioen kasuan gertatzen den bezala, emakume biktimek ere %32ko gorakada izan dutela.
2023an, guztira 57,9 biktimizazio izan dira 10.000 emakumeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Azken 20 urteetan, biktimizazio-tasa etengabe hazi da, 30 puntu baino gehiago (%113,7).
Tasak lurraldeka aztertzean, Araba nabarmentzen da, hiru lurraldeetako tasarik altuena izan du eta. Nahiz eta 2008tik 2013ra pixka bat jaitsi zen, ondorengo urteetan hazkunde sendoa izan zuen, 14,6 puntukoa azken 5 urteetan.
Biktimizazio tasa 10.000 emakumeko lurralde historikoaren arabera Euskal Aen. 2003-2023
| 2003 | 2008 | 2013 | 2018 | 2023 |
Euskal AE | 27,1 | 43,1 | 44,6 | 47,4 | 57,9 |
Araba/Álava | 31,4 | 44,4 | 43,4 | 47,7 | 62,3 |
Bizkaia | 29,0 | 46,3 | 47,0 | 49,6 | 58,9 |
Gipuzkoa | 22,2 | 37,2 | 41,1 | 43,8 | 54,4 |
Data 2024ko Azaroaren 25a
Iturria: Segurtasun Saila. Emakumeen aurkako indarkeria
Gipuzkoan daude biktimizazio tasarik txikienak serie osoan, baina ehunekotan gehien igo dena da, % 144,6 (2003ko %22,2tik 2023ko %54,4ra).
Hiru lurraldeek ia bikoiztu egin dute tasa azken bi hamarkadetan.
ESKUALDE ETA UDALERRIKAKO INTZIDENTZIA
Datuak aztertzeko, azken 5 urteetako batez besteko tasa erabili dugu. Euskal AEko eskualde eta udalerri gehienetan ikus daiteke tasak gora egin duela pixkanaka, baina modu irregularrean. Arabak eta Bizkaiak 10.000 emakumeko 52,4 kasuko batez besteko tasa dute, eta Gipuzkoak, aldiz, 48,8koa.
Batez besteko biktimizazio tasa10.000 emakumeko Euskal AE-n. 2019-2023
| Batez besteko tasa |
Euskal AE | 51,3 |
Araba/Álava | 52,4 |
Bizkaia | 52,4 |
Gipuzkoa | 48,8 |
Arabako Ibarrak | 46,8 |
Arabako Lautada | 54,1 |
Arabako Mendialdea | 30,4 |
Arratia-Nerbioi | 52,1 |
Bidasoa Behea | 68,5 |
Bilbo Handia | 54,5 |
Deba Beherea | 53,4 |
Debagoiena | 39,6 |
Donostialdea | 52,9 |
Durangaldea | 40,2 |
Enkartazioak | 49,2 |
Errioxa Arabarra | 36,6 |
Gernika-Bermeo | 50,2 |
Goierri | 36,0 |
Gorbeia Inguruak | 34,0 |
Kantauri Arabarra | 46,2 |
Markina-Ondarroa | 37,3 |
Plentzia-Mungia | 41,7 |
Tolosaldea | 41,6 |
Urola-Kostaldea | 27,9 |
Data 2024ko Azaroaren 25a
Iturria: Segurtasun Saila. Emakumeen aurkako indarkeria
Eskualdeak aztertuta, Bidasoa Beherea nabarmentzen da (68,5), eta ondoren Bilbo Handia (54,5), biak biztanleria-dentsitate handikoak. Kontrako aldean Urola Kosta dago 27,9ko tasarekin, batez besteko tasarik baxuena duen eskualdea.
Udalerrien kasuan, aldakortasun handiena dutenak biztanle gutxien duten eremuak izan ohi dira; izan ere, horietan jakinarazitako intzidentzia-kopuruaren aldaketa txikienek nabarmen eragiten dute tasetan. Gazteluko udalerriak du batez besteko tasarik altuena (214,9), urteko 1,33 biktimizazioko batez bestekoarekin. Jarraian, Leza (107,4), Sestao (100) eta Okondo (99,1) daude. Tasa altu horiek agerian uzten dute udalerri horietako emakumeen %1ek indarkeria-motaren bat jasaten duela.
251 udalerrietatik 57k Euskal AEko batez besteko tasa (51,3) gainditzen dute.
Zero kasu ematen dituzten udalerrien kopurua nabarmen jaitsi da: 2018an 79 udalerrik ez zuten biktimizaziorik, eta 2023an 52k.
15 udalerrik zero kasuko erregistroa izan dute azken 5 urteetan; hala ere, guztiak dira 250 emakume baino gutxiagoko udalerri txikiak.
INDARKERIA MOTA
Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria da kasuen zenbatekorik handiena, 4.818. Aurreko urtearekin alderatuta %7 igo da, %29 azken hamarkadan eta %140 azken 20 urteetan.
Familia barruko indarkeria da denboran zehar irregularrena agertzen dena. Egia da kasuak %0,5 gutxitu direla aurreko urtearekin alderatuta, baina, azken 10 urteetan izandako bilakaerari erreparatzen badiogu, biktimizazioak %12,5 igo dira; eta %71,6 azken bi hamarkadetan.
Sexu-indarkeriak izan du hazkunderik handiena: %43,9 hazi da 2013tik, eta %170,6 erregistro gehiago egin dira 2003tik. Iazko datuekin alderatuta ere igoera nabarmena izan da, %23,8koa. Guztizko zenbaketan, sexu-indarkeria 2013an kasuen %5,3 izatetik 2023an %9,8 izatera igaro da.
Datuak lurraldeka aztertzean, Araba nabarmentzen da bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria motari dagokionez: hor tasa 10.000 emakumeko 47,7 kasukoa da. Bestalde, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen gutxiago da, 43,2eko eta 39ko tasak baitituzte, hurrenez hurren.
Azken hamarkadan, familia barruko indarkerian ere Araban hazi da gehien, % 24,4 hain zuzen ere (gainerako lurraldeetan % 10 inguru hazi da). Hala ere, Bizkaiak du tasarik altuena, 10,3.
Biktimizazio tasa 10.000 emakumeko indarkeria motaren arabera Euskal AE-n. 2013-2023
| Guztira | Bikotekideak/Bikotekide ohiak eragindako indarkeria | Familia barruko indarkeria | Sexu indarkeria |
| 2013 | 2023 | Gehikuntza | 2013 | 2023 | 2013 | 2023 | 2013 | 2023 |
Euskal AE | 44,6 | 57,9 | 29,9% | 33,4 | 42,5 | 8,8 | 9,8 | 2,4 | 5,7 |
Araba | 43,4 | 62,3 | 43,4% | 33,9 | 47,7 | 7,4 | 9,2 | 2,2 | 5,4 |
Bizkaia | 47,0 | 58,9 | 25,3% | 34,8 | 43,2 | 9,5 | 10,3 | 2,7 | 5,5 |
Gipuzkoa | 41,1 | 54,4 | 32,3% | 30,9 | 39,0 | 8,4 | 9,2 | 1,8 | 6,1 |
Data 2024ko Azaroaren 25a
Iturria: Segurtasun Saila. Emakumeen aurkako indarkeria
Sexu-indarkeriaren zifrak dira deigarrienak. Bi lurraldeetan kasuak bikoiztu egin dira 2013 eta 2023 urteen artean, eta Gipuzkoan hirukoiztu egin dira, non tasa %235,6 igo den.
KALTEGARRITASUNA
Euskal AEko emakumeen aurkako indarkeria era ezberdinetan agertzen da, eraso fisikoa eta erailketa izanik indarkeria-mota esplizituenak eta agerikoenak.
2023an, hiru emakume erail zituzten. Bi heriotza bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria gisa sailkatu ziren, eta bat familia barruko indarkeria gisa. Indarkeriagatik hildako emakumeen kopurua urteko 1etik 3ra bitartekoa da, eta ez dago gorabehera-patroi argirik. Zenbakiz txikia bada ere, datu horrek etengabe dirauen muturreko indarkeria adierazten du.
22 emakume larriki zauritu zituzten eta 1.349k ondorio arinak izan zituzten (%20). Azken zifra horrek goranzko joera txikia erakusten du, %13,8ko aldakuntzarekin azken 8 urteetan. Igoera horren arrazoia biktimak salaketa jartzeko jarrera handiagoa izatea izan liteke.
Biktimizazioen (kasu zenbakia) kaltegarritasunaren (jasotako kaltearen) araberako bilakaera . 2016-2023
| 2016 | 2018 | 2020 | 2022 | 2023 |
Guztira | 4693 | 5315 | 5276 | 6.143 | 6.572 |
Kaltegarritasuna | | | | | |
Hilda | 1 | 3 | 3 | 2 | 3 |
Larriki zauritua | 15 | 21 | 23 | 25 | 22 |
Arinki zauritua | 1185 | 1289 | 1177 | 1.278 | 1.349 |
Kalterik gabe | 3157 | 3377 | 3183 | 3.688 | 3.871 |
Ezezaguna | 335 | 625 | 890 | 1.150 | 1.327 |
Data 2024ko Azaroaren 25a
Iturria: Segurtasun Saila. Emakumeen aurkako indarkeria
2023an, biktimen %59k ez zuten ageriko kalte fisikorik izan, eta arlo horretan %22,6ko hazkundea izan da 2016tik.
Azkenik, deigarria da kaltegarritasun ezezaguna duten 1.327 emakumeren datua, hau da, bost biktimizaziotik batek ezezagun gisa sailkatutako lesioak eragin zituen. Kaltearen maila zehazten ez den kasu horiek 2016an kasu guztien %7 izatetik 2023an kasuen %20 baino gehiago izatera igaro dira.
NOIZ GERTATZEN DIRA?
Emakumeen aurkako indarkeriaren joerak hobeto ulertzeko, biktimizazioen maiztasunean izandako aldaketak berrikusiko ditugu, asteko egunaren eta eguneko orduaren arabera, 2009 eta 2023 urteen artean.
Urteetan zehar, asteburuetan izan dira biktimizazio-maila handienak, alde handiarekin. 2023an, kasuen %36,6 asteburuetan gertatu ziren: igandean 1.299 kasu erregistratu ziren eta larunbatean 1.104. Hau da, batez beste 1.201,5 kasu izan ziren egunean. Hamarkada bat lehenago aldiz, egunean 810,5 kasuko batez bestekoa zegoen; beraz, %48,2ko igoera izan da.
Astegunetan ere gorakada handia izan da; izan ere, 2013an batez beste 672,4 kasu erregistratu ziren egunean, eta 2023an 833,8 (%24ko igoera). Edonola ere, asteburuko batez bestekoaren igoera baino nabarmen baxuagoa izan da: erdia, hain zuzen. Fenomeno hori, zuzeneko interakzio-denbora murrizten duten laneko edo ikasteko errutinekin egon daiteke lotuta.
Biktimizazioak gertatzen diren eguneko orduari dagokionez, joera mantendu egin da urteetan zehar. 2023an goizeko tartea da ez-ohikoena, kasuen %20. Biktimizazio-kasuen %35 arratsaldez gertatu dira (2.332), eta gora egin dute azken urteetan, %11,8 2019tik. Gaueko tarteak izan du gorakadarik handiena, 2019an 1.882 kasu izatetik 2023an 2.519 izatera igaro baita (kasuen %38).
ERASOTZAILEEN ETA EMAKUME BIKTIMEN ADINA
Erasotzaileen profilak erakusten du %73,5 21-50 urteko tartean daudela, 3.749 gizon. Horrek adierazten du genero-indarkeria heldu-gazteek eta adin ertainekoek eragiten dutela.
Hurrenkera
Zeren arabera
Aldiak
Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriari dagokionez, 31 eta 40 urte bitarteko adinekoak dira kasuen eragile nagusiak (kasuen %29,4), nahiz eta inguruko adin taldeak oso hurbil ibili. Familia barruko indarkeriari dagokionez, berriz, 41-50 urteko gizonen taldea nabarmentzen da, guztira 203 erasotzaile.
Azkenik, sexu-indarkeria 21 eta 30 urte bitarteko 161 gizon gaztek eragin dute (kasuen %28,3), gainerako adin-taldeen oso gainetik. Deigarria da, halaber, sexu-indarkeria kasuak eragin dituzten 92 gizonen adina ezezaguna dela.
Indarkeriaren biktima diren emakumeen profilari dagokionez, erasotzaileen kasuan bezala, 21-50 urtekoek pairatzen dute gehien: 3.530 emakume, guztizkoaren % 67,4.
Bikotekideak/bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren biktimak, batez ere, 31-40, 41-50 eta 21-30 urtekoak dira, %31,5, %25,6 eta %24, hurrenez hurren. Horiek dira, halaber, emakumeak harreman egonkorretan, bizikidetzan edo ezkonduta egon ohi diren bizitzako garaiak.
Hurrenkera
Zeren arabera
Aldiak
Familia barruko indarkerian, erdia baino gehiago (%55) 14 urtetik beherakoak edo 50 urtetik gorakoak dira. Indarkeria mota honek familiako kiderik ahulenen aurkakoa izan ohi da, hala nola adingabeen eta adineko helduen aurkakoa, senideen mende baitaude eta horrek abusu-egoerak erraz ditzake.
Sexu-indarkeriaren lau biktimatik hiru 30 urtetik beherakoak dira, eta kasu horien erdia baino gehiago 20 urtetik beherakoak. 2023an, 635 emakume izan dira indarkeria-mota honen biktimak, eta adin-talde ohikoenak honako hauek izan dira: 14-17 urte (%22,2), 21-30 urte (%22,2) eta 14 urtetik beherakoak (%19). Datuek adierazten dutenez, arrisku bereziki handia dute nerabe eta emakume gazteek sexu-indarkeriari dagokionez.
ERASOTZAILE ETA BIKTIMAREN ARTEKO HARREMANA
Erasotzailea eta biktimaren arteko harremana, biktimizazio-kasu gehienetan, bikotekidearekin edo bikotekide ohiarena izaten da: horrek adierazten du indarkeria intimoak nagusitzen direla oraindik.
Ezkontidearen/ezkontide ohiaren indarkeria-kasuetan, erlatiboki egonkorra den portaera ikusten da, igoera txikiekin. Hala ere, gorakada nabarmenagoa da bikotekideen eta bikotekide ohien indarkeria-kasuetan. Harreman mota horretan, bikotekideak eragindako indarkeria-kasuak %25 igo dira 2018tik, eta %29,7 bikotekide ohien kasuan.
Biktimizazioen bilakaera biktima eta erasotzailearen arteko harremanaren arabera. 2018-2023
| 2018 | 2020 | 2022 | 2023 |
Guztira | 5315 | 5276 | 6.143 | 6.572 |
Indarkeria mota | | | | |
Bikotekideak egindako indarkeria / Bikotekide ohia | 3974 | 3814 | 4.507 | 4.818 |
Ezkontidea | 641 | 686 | 674 | 687 |
Ezkontide ohia | 403 | 393 | 413 | 396 |
Bikotekidea | 1591 | 1140 | 1.846 | 1.989 |
Bikotekide ohia | 1245 | 1495 | 1.434 | 1.615 |
Neskalaguna | 50 | 50 | 64 | 69 |
Neskalagun ohia | 44 | 50 | 76 | 62 |
Familia barruko indarkeria | 953 | 1115 | 1.116 | 1.110 |
Adingabeko alaba | 205 | 180 | 175 | 193 |
Ama | 374 | 493 | 479 | 477 |
Gainerako senideak | 374 | 442 | 462 | 440 |
Sexu indarkeria (*) | 388 | 347 | 520 | 644 |
Beste bat edo batere ez | 388 | 347 | 520 | 644 |
(*)Sexu indarkeria: Zigor-Kodean agertzen diren sexu-askatasunaren aurkako delituak, familiaz kanpokoek eragindakoak.
Data 2024ko Azaroaren 25a
Iturria: Segurtasun Saila. Emakumeen aurkako indarkeria
Seme-alaba adingabeen eta amen aurkako indarkeria etengabea da familia barruko indarkeria-kasuetan. Adingabeko alaben kasuek egonkor samar jarraitzen dute, igoera txikiekin; amen kasuek, berriz, gora egin dute 2020ra arte, baina 2023an egonkortu egin dira.
2023an, 5.104 erasotzaile, 5.235 emakume biktima eta 6.572 biktimizazio erregistratu dira. Hau da, erasotzaileak baino 131 biktima gehiago daude (erasotzaile bera biktima bat baino gehiagorentzat) eta 1.337 biktimizazio gehiago biktimak baino (biktima bera indarkeria-kasu bat baino gehiagorentzat). Horrek esan nahi du erasotzaile berak behin baino gehiagotan balia diezaiokeela indarkeria emakume bati baino gehiagori.
ESKATUTAKO ETA EPAITEGIEK EMANDAKO BABES AGINDUAK
Azken 6 urteetan, goranzko joera orokorra ikusi da eskatutako babes-aginduetan, 2017an 1.470 izatetik 2023an 1.781 izatera igaro baitira (%21,1eko igoera). Hala ere, denbora-tarte horretan biktimizazioak %31,5 igo dira eta emakume biktimak %30,2. Epaitegiek emandako aginduek, aldiz, sistematikoki gainditu zituzten eskatutako aginduak, eskatu zirenak baino %34,3 gehiago eman baitziren.
Epaitegiek 2.392 agindu eman zituzten, 2017an baino %36,5 gehiago. Hala ere, egia da jaitsiera nabarmena izan zutela 2020 eta 2021 urteen artean, Covid-19aren pandemiaren ondorioz.
Logikoa denez, eskatutako agindu gehienak bikotekideak/bikotekide ohiak eragindako indarkeriari dagozkie (% 87,9). 2023an, indarkeria-mota horren eskaerak ia zati berdinetan banatzen dira ezkontideek, bikotekideek eta neska-lagunek eskatutakoen artean (%49,5) eta ezkontide ohiek, bikotekide ohiek eta neska- lagun ohiek eskatutakoen artean (%50,5). Indarkeria-mota horren eskaerak %22 igo dira 2017tik.

Familia barruko indarkerian, babes-aginduen erdia baino gehiago amak eskatu zituen (% 52,3).