Errenta baliagarri eta doituaren erabilpen-kontua (II.4.2)
Errenta baliagarri eta doituaren erabilpen-kontuak benetako azken kontsumoaren kontzeptua hartzen du, hau da, etxeek azken kontsumorako benetan dituzten ondasun eta zerbitzuen balioa, nahiz eta herri administrazioek edo etxeen zerbitzura dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeek finantzatu.
Ondorioz, herri administrazioen benetako azken kontsumoa, azken kontsumo kolektiboa da. Etxeen zerbitzura dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeen azken kontsumoko gastua banakoa denez, horren azken kontsumoa baliogabea izango da.
Aurrezkia, errentaren erabilpen-kontuaren bi bertsioen kontabilitateko saldoa da. Sektore guztietan balio bera izango du, nahiz eta hori lortzeko errenta baliagarriaren azken kontsumoko gastua kendu edo errenta baliagarri eta doituaren benetako azken kontsumoa kendu behar izan.
Aurrezkia, eragiketa arrunten bidez lortu den eta metatze-prozesuarekiko konexio bezala balio duen zenbatekoa (positiboa edo negatiboa) da. Aurrezkia positiboa bada, gastatu ez den errenta aktiboak eskuratzeko edo pasiboak gutxitzeko erabiliko da. Aurrezkia negatiboa bada, ordea, aktibo jakin batzuk likidatu egingo dira edo pasibo jakin batzuk gehituko dira.