SEEPROS eskuliburuaren arabera, gizarte-babeserako sistemen gastuak hurrengo kontzeptuetan sailka daitezke:
- Gizarte-prestazioak
- Administrazio-gastuak
- Beste sistema batzuetarako transferentziak
- Beste gastu batzuk
- Jabetzaren errentak
- Beste batzuk
Gizarte-prestazioak estatistikaren muina dira. Etxeek gizarte-babeserako sistemen bitartez, eskudirutan edo espezietan, jasotzen dituzten ordainketak dira eta zuzenean ematen dira, hau da, onuradunaren errenta baliagarriaren baliokidea den gehikuntza dakarte.
SEEPROS metodologiak irizpide ezberdinak aintzat hartuta sailkatzen ditu gizarte-prestazioak. Lehenengo irizpidea, prestazioak kapitulu honetan lehenago aipatu diren zortzi funtzioetan sailkatzen dituena da. Zortzi funtzio horietako bakoitzean prestazio mota ezberdinak daude, baina orokorrean denek dute funtzio bera.
Funtzio eta moten araberako sailkapen horrezaz gainera SEEPROSek zeharkako beste bi irizpide proposatzen ditu.
- Lehenengo irizpideak prestazioak hirutan banatzen ditu, hala nola: eskudirutan egindako prestazioak, espezietan egindako prestazioak eta berriz esleitutako kotizazioak. Eskudirutan egindako prestazioak dirutan ordaintzen dira eta horietan ez da beharrezkoa hartzaileek gastuak frogatzea. Espezietan egindako prestazioak zuzenean eman diren ondasun edo zerbitzuak izaten dira, edo onuradunek ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko aurretik egin dituzten ordainketen ziozko diru-itzulketak.
- Bigarren irizpideak prestazioak bitan banatzen ditu: jaso baino lehen onuradunaren baliabideak kontrolatzea dakarten prestazioak (baliabideen kontrol ostekoak) eta baldintza hori ez duten prestazioak (baliabideen kontrolik gabekoak).
Administrazio-gastuak babeserako sistemen kudeaketa eta administrazioaren ondoriozkoak dira.
Transferentziak gizarte-babeserako beste sistema batzuei egindako ordainketak dira, konpentsaziorik gabekoak.
Beste gastu batzuetan, batez ere korrituen ziozko ordainketekin bat datozen jabetzaren errentak eta aurreko kontzeptuetan sailkatu ezin diren beste gastu batzuk sartzen dira.