Merkataritza-indizea azalera handietan eta elikagai-kateetan
Euskadiko AEko azalera handietako eta elikagai kateetako merkataritza sektorearen merkatu- eta lan-bilakaeraren adierazle zuzena da azalera handietako eta elikagai-kateetako merkataritza-indizea. Helburu horrekin, bi indize-mota kalkulatzen dira: salmenten indizea eta landun-kopuruaren indizea. Lehendabizikoa, saldutako produktu-motaren arabera xehekatzen da: elikadura, batetik; eta gainerako produktuak, bestetik.
Azalera handietako merkataritza da txikizkako merkataritza enpresek egindakoa, salmenta-azalera 2.500 m2 edo gehiago direnean. Bestalde, elikagai-kate esaten zaie Euskadiko AEn gutxienez hiru lokal dituzten (azalera handikoak barne hartuta, edukitzekotan) eta 100 langiletik gora dituzten enpresa guztiei, establezimendu ez espezializatuetan txikizkako merkataritzan aritzen badira eta elikagai-, edari- eta tabako-produktuak gailentzen badira.