Euskal AEko industri prezioak %0,8 igo dira 2003ko otsailean, EUSTATek landutako datuen arabera. Igoera hori, hein handi batean, petrolioa fintzearen prezioen bilakaerak eragindakoa da, prezio horiek %6,1 igo baitira. Datu horiek kontuan hartuta, otsaileko urte arteko tasa (azken hamabi hilabeteetan industri prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen duena) %3,7 hazi da.
Sektorekako azterketak agerian uzten du, otsailean sektorerik
inflazionistenak honako hauek izan direla: petrolioa fintzea (%6,1),
metalezko eta ez-metalezko meak (%2,5) eta larruaren eta oinetakoen
industria (%2,1). Prezioetan jaitsierak, berriz, honako sektore hauek izan
dituzte: ez-metalezko industria (%-0,3), makineria (%-0,3) eta
bestelako manufakturak (%-0,2).
2002ko otsailetik 2003ko otsailera bitarteko epean, prezio-hazkunderik
handienak petrolioa fintzea (%24,9) eta metalezko eta ez-metalezko
meak (%7,8) sektoreenak izan dira. Kontrako noranzkoan, urte arteko tasa
negatiboak energia elektrikoa, gasa eta ura (%-4,9) sektoreko prezioek
izan dituzte.
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz,
otsailean, aurreko hilaren aldean, bitarteko ondasunen eta kontsumo-ondasunen
prezioak %1,3 eta %0,3 igo dira, hurrenez hurren, eta ekipo-ondasunenak,
aldiz, %0,1 jaitsi dira.
Hiru ondasun-talde horien bilakaerek zeinu positiboa dute (2003ko
otsaila, 2002ko otsailaren aldean), euren artean desberdintasun esanguratsuak
badira ere urte arteko bilakaeran: bitarteko ondasunen eta kontsumo-ondasunen
balioak %4,8 eta %3,3 igo dira, hurrenez hurren, eta ekipo-ondasunenak,
azkenik, gutxiago hazi dira, %0,8.
