Euskal AEko industri prezioak %1,2 gehitu dira urteko lehen sei hilabeteetan, 2001eko abenduaren aldean, EUSTATek landutako datuen arabera. Urteko lehen hilabeteetako igoera gorabehera, ekaineko urte arteko tasa %-0,8ra iritsi da. Tasa horrek, hain zuzen, azken hamabi hilabeteetako industri prezioen aldakuntza jasotzen du. Industri prezioek ekainean izan duten aldakuntza, berriz, %-0,2rena izan da, aurreko hilaren aldean.
Sektorekako azterketak agerian uzten du, ekainean, ehungintza eta jantzigintza (%3,7), elikagai-industria (%2,3) eta ez-metalezko industria (%1,8) sektoreek gehitu dituztela gehien prezioak aurreko hilaren aldean. Prezioetako hileko jaitsierarik handienak, berriz, honako sektore hauei dagozkie: petrolioa fintzea (%-10,6), kautxua eta plastikoa (%-2,3), papera, argitalpena eta arte grafikoak (%-0,7), eta energia elektrikoa, gasa eta ura (%-0,6), besteak beste.
2002ko lehen sei hilabeteetan, prezioen hazkunderik handienak sektore hauei egokitu zaizkie: petrolioa fintzea (%8,2), ehungintza eta jantzigintza (%4,2), larruaren eta oinetakoen industria (%3,7) eta ez-metalezko industria (%2,4). Aldiz, urte arteko tasa negatiboak lortu dituzte energia elektrikoa, gasa eta ura (%-2,8), kautxua eta plastikoa (%-1,3), zurgintza (%-0,7) eta garraio-materiala (%-0,1) sektoreen prezioek, besteak beste.
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz,
hiru ondasun-taldeen urte arteko bilakaerek alde nabarmenak erakusten dituzte:
bitarteko ondasunen prezioak %2,8 jaitsi dira urte arteko aldian (2002ko
ekaina 2001eko ekainaren aldean); kontsumo-ondasunei eta ekipo-ondasunei
dagozkienak, berriz, %2,2 eta %0,4ren gehikuntzak lortu dituzte, hurrenez hurren.
Urteko lehen sei hilabeteen multzoan, hiru ondasun-taldeek igo dituzte prezioak, baina inflazionistenak kontsumo-ondasunak izan dira (%1,4); haien atzetik datoz bitarteko ondasunak (%1,2) eta ekipo-ondasunak, prezioen hazkunde neurritsuago batekin (%0,6).