2002ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal AEko esportazioak %4,5
hazi dira tasa nominalean, aurreko urteko aldi beraren aldean, Eustatek emandako
datuen arabera. Emaitza horiekin 2001eko erdialdetik bertoko esportazioek izandako
joera negatiboa hautsi da, baina hala ere, lehenengo bederatzi hilabeteetako
metatuak %-2,4ko jaitsiera agertzen du, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Hiruhileko honetan inportazioak ere %3,4 igo dira eta horrela
urtarriletik irailerako tasa metatua %-1,0koa da.
Produktu energiazkoen eragina kenduta (esportazioetan %45,3ko
jaitsiera eta inportazioetan %14,5ekoarekin), produktu ez-energiazkoen esportazioetan
%7,8ko eta inportazioetan %9,2ko hazkunde-tasak izan dira 2002ko hirugarren
hiruhilekoan.

Estatuan ere Euskal AEn izandako garapenaren antzekoa
izan da: esportazioak %5,3 hazi dira eta inportazioak %2,6. Urteko lehenengo
bederatzi hilabeteetako hazkunde metatuak %0,0 eta %-2,3koak izan dira esportazio
eta inportazioetan, hurrenez hurren.
Esportazioek inportazioen aldean duten estaldura-tasa
%116,3an dago, aurreko urtekoa baino puntu bat altuago, 2.747,0 milioi euroko
esportazioen eta 2.362,5 milioi euroko inportazioen ondorioz. Produktu energiazkoak
alde batera utzita, estaldura-tasa bi puntu jaitsi da eta %140,5ean dago 2002ko
hirugarren hiruhilekoan. Merkataritza-fluxu horien eraginez, Euskal AEko merkataritza-superabita
385 milioi eurora heldu da produktu guztietan, eta 767 milioi eurora produktu
ez-energiazkoetan.
Helburuko lurralde-eremuka, argi ikusten da garapen
positibo hori Europar Batasuneko esportazioen hazkundetik datorrela (%9,2) eta
nabarmendu egiten dira gure bezero nagusienen hazkundeak: Frantzian %15,7 eta
Alemanian %8,7. Beste alor eta herrialde batzuekin, aldiz, jaitsierak orokorrak
dira. Europar Batasunetik datozen inportazioak ere %10,3 hazi dira. Atzera ere
gutxitu egin dira orokorrean, gainerako herrietatik datozen inportazioak.
Produktu meazko eta energiazkoak (%-45,3) taldea izan
ezik, gainerako muga--zergetako talde guztiak tasa positiboak izan dituzten
esportazioetan eta garrantzitsuenak produktu kimikoak (%19,2), papera
(%11,8), metalak eta manufakturak (%11,6) eta ekipo-ondasunak
(%7,4) taldeetakoak izan dira.
Inportazioei dagokienez, guztien joera positiboa errepikatu
da eta nabarmendu egin dira papera (%30,7), nekazaritzako produktuak
(%27,5) eta metalak eta manufakturak (%12,1) taldeen hazkundeak. Inportazioen
fluxuan ere produktu meazko eta energiazkoak jaitsi egin dira, %14,5
kasu honetan.
Euskal AEko hiru lurraldeetako jokaerari begiratu eta
produktu energiazkoen eragina kenduz gero, joera positiboa da hiruretan, eta
nabarmendu egiten da gipuzkoako esportazioen hazkunde handia (%14,4). Bizkaia
eta Arabak ere hazkundeak izan dituzte, %4,4koa eta %4,1ekoa, hurrenez hurren.
Inportazio ez-energiazkoetan, Gipuzkoak agertzen du joerarik positiboena %13,7ko
hazkundearekin, eta ondoren Bizkaiak %11,9rekin. Araban, aldiz, %2,5 jaitsi
da 2001eko hirugarren hiruhilekoaren aldean.