Sektorekako azterketak agerian uzten du, abenduan, petrolioa
fintzea (% 5,2), energia elektrikoa, gasa eta ura (% 2,3),
metalezko eta ez-metalezko meak (% 1,4), larruaren eta oinetakoen
industria (% 0,9) eta elikagai-industria (% 0,8) sektoreek
gehitu dituztela gehien prezioak, aurreko hilaren aldean. Prezioetako hileko
jaitsierarik handienak, aitzitik, honako sektore hauei dagozkie: material
elektrikoa (% -0,2), ehungintza eta jantzigintza (% -0,1),
zurgintza (% -0,1) eta metalgintza eta metalezko gaiak (% -0,1).
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz,
abenduan, aurreko hilaren aldean, bitarteko ondasunen prezioak % 0,1
igo dira; kontsumo-ondasunenak, % 0,5; eta ekipo-ondasunenak,
gutxiago, % 0,2.
2002. URTEKO BALANTZEA
2002ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitarteko epean, prezio-hazkunderik
handienak petrolioa fintzea (% 13,6) metalezko eta ez-metalezko
meak (% 4,7) eta ehungintza eta jantzigintza (% 2,7) sektoreenak
izan dira. Kontrako noranzkoan, urte arteko tasarik negatiboenak energia
elektrikoa, gasa eta ura (% -6,1), zurgintza (% -0,8) eta
kimika-industria (% -0,3) sektoreetako prezioek izan dituzte.
Helburu ekonomikoaren araberako bilakaeretan, hiru ondasun-taldeek
zeinu positiboa dute urte arteko bilakaeran (2002ko abendua, 2001eko abenduaren
aldean). Hala ere, badira alde txikiak igoera horretan: kontsumo-ondasunen
prezioak % 2,5 goratu dira; bitarteko ondasunenak, % 2,4;
eta ekipo-ondasunenak, azkenik, gutxiago hazi dira, % 1,0.
