HomeGaiakEzkontza-kopuruaPrentsa Oharrak Belaunaldiak ordezkatzea...

2003/03/21eko prentsa-oharra

DEMOGRAFIAKO INKESTA 2002. urtea



Belaunaldiak ordezkatzea ez dago ziurtatuta Euskal AE-n



Jaitsi egin da ezkontzako ugalkortasun-tasa, eta handitu ezkongabeena


Euskal AEn ugalkortasun-tasaren jaitsiera gertatzen ari da laurogeiko hamarkadaz geroztik. Horrek eraginda, euren bizitza ugalkorra bukatu duten emakumeek ez dute belaunaldiak ordezkatzea bermatzeko behar adina seme-alabarik.


Eustatek egindako demografiako inkestaren arabera, 1951 eta 1955 bitartean jaiotako emakume-belaunaldia lehenengoa da, mende honetan, bere ordezkapena ziurtatzen ez duena. Ordezkapena ziurtatzeko emakumeko 2,1 seme-alaba behar dira, eta belaunaldi horrek emakumeko 1,9 seme-alaba izan ditu. 15 urte lehenago jaiotako belaunaldiak, aldiz, 2,8 seme-alaba izan zituen.


Eta hurrengo belaunaldiko emakumeek, 1956 eta 1960 bitartean jaioek, jadanik euren bizitza ugalkorra ia bukatuta dutelarik, apenas gainditzen duten 1,5 seme-alabako seme-alaba kopurua. Belaunaldiak ez ordezkatzea esplikatzen duten arrazoia hirugarren eta hurrengo seme-alaben kopurua bat-batean gutxitu izana da: 1941 eta 1945 bitarteko belaunaldiko emakumeen seme-alaba guztien % 36 ziren, eta % 9 dira 1956 eta 1960 bitartean jaioen seme-alaben artean. Seme-alaben guztizko kopuruaren urritze horrek, ondorio gisa, ugaltzealdia urte gutxi batzuetan kontzentratzea ekarri du. 1936 eta 1940 bitarteko belaunaldiak 6,5 urteko tartean izaten zituen seme-alabak; 20 urte geroago jaiotako emakumeek, ostera, 3,4 urtean izan dituzte.


Ondorengoen kopurua belaunaldiak berritzeko mailatik behera jaistea Europako herrialde guztietan gertatu da, eta eskuarki 1950. urtearen aurretiko belaunaldietan. Hala ere, Irlandan, Frantzian eta Suedian, bizitza ugalkorra burutu duten belaunaldi gazteenek ordezkatze-mailatik hurbil dagoen azken ondorengo-kopurua dute.


Euskal AEko ugalkortasunaren jaitsiera ezkontzen barruan jazo da. Izan ere, ezkontzatik kanpo jaiotako seme-alaben proportzioa ez da % 6ra iristen euren bizitza ugalkorra orain-berrikien burutu duten belaunaldien artean. 1956 eta 1960 bitartean egindako ezkontzen azken ondorengo-kopurua 2,8 seme-alabakoa zen; 1981 eta 1985 bitartean egindakoena, berriz, 1,6raino murriztu da.


Ezkontza barruko ugalkortasuna gutxitzeaz gain, 40 urte beteak dituzten belaunaldietan, gehiago dira ezkongabe irautearen alde egin duten gizon-emakumeak. Hartara, 1941-1945eko eta 1956-1960ko belaunaldietan, ezkongabeen ehunekoa 6 puntu handitu da bi sexuetan. Azken belaunaldian, % 16 dira gizonezko ezkongabeak, eta % 12 emakumezko ezkongabeak. Proportzio horiek, hala ere, Espainiakoak eta Europako gainerako herrialdeetakoak baino txikiagoak dira, han ezkongabeen kopurua betiere ez baita jaisten % 20tik gizonezkoetan, eta % 15etik emakumezkoetan.





Ugalkortasuna indarberritzeko esperantza gutxi


Itxura osoa du emakume-belaunaldi gazteenek, hau da, 1960az geroztik jaioek, ez dutela orobat euren ordezkatzea ziurtatuko. Are gehiago, badirudi haien ondorengo-kopurua 1956 eta 1960 bitarteko belaunaldiak emandakoa baino urriagoa izango dela. Ondorio horiek ateratzeko arrazoien artean, honako hauek aipa ditzakegu:


- Pentsatzekoa da ezkongabe-proportzioa handitu egingo dela, eta hori ez dutela berdinduko legeztatu gabeko elkartze egonkorrek. Eratutako bikote guztien % 5 ziren halako elkartze egonkorrak 2002an; Europako gainerakoan, berriz, askoz gehiago dira, batez ere Europako iparraldeko herrialdeetan.


- 1971 eta 1975 bitartean jaiotako emakumeek 30 urterekin duten seme-alaba kopurua, 1956 eta 1960 bitartean jaioek adin horrekin berarekin zutenaren laurdena baino gehixeago da. Era berean, 1966 eta 1970 bitartean jaioek 35 urterekin izandako ondorengo-kopurua 0,8 seme-alabakoa da, 1951 eta 1955 bitartean jaioek izandakoena baino % 53 txikiagoa, azken horiek adin horretan 1,7 seme-alaba baitzituzten.


Datuok adierazten dute oraindik ugaltzeko adinean diren belaunaldien azken ondorengo-kopurua are txikiagoa izango dela.


Ildo horretan, 15 eta 40 urte bitarteko emakumeei izan asmo duten azken seme-alaba kopuruaz (ordurako jaioak barne) galdetuta, 1,4 seme-alabakoa da batez bestekoa. Adin horietako emakumeen % 72k gutxienez ume bat izan asmo du, baina orain ume bat duten % 45ek baino ez dute adierazi etorkizunean gehiago izateko asmoa. Jadanik bi seme-alaba dituztenen artean, ehuneko hori % 6ra jaisten da.


Seme-alabak luzaroago bizi dira gurasoekin, eta atzeratu egin dute euren familia eratzea.


Belaunaldiok oraintsuko historiako ugalkortasun-tasa apalenekoak dira, baina, nolabait ere, seme-alaba kopuru urria berdindu egiten da seme-alabak gurasoenean luzaroago bizi izanda. 1996 eta 2000 urteen bitarteko aldian, seme-alabak batez beste 29 urterekin alde egiten zuten gurasoenetik. Hogei urte lehenago, aldiz, 24 urtekoa zen batez besteko adina. Bi kasuetan ere, bat dator ezkontza-adinarekin, hori baita seme-alabek gurasoen etxetik alde egiteko kausa nagusia. Dena dela, azken urteotan arrazoi horrek pisua galdu du, bakarrik edo ezkondu gabe bikotean bizitzeko arrazoiaren alde.


Ezkontzeak aldez aurretik eskatzen du ekonomia- eta lan-egoera egonkorragoak izatea, neurri handi batean etxebizitzaren jabetza erosteak baldintzatuta. Baina, 25 eta 29 urte bitartean egoera horiek badaezpadakoak direnez (langabezia ia % 17koa da; eta aldi baterako langileen kopurua, landun guztien aldean, % 55ekoa), ezkontzeko adina atzeratu da, eta, ondorioz, ezkontza-kopurua gutxitu da. Ugalkortasun-tasari dagokionez, egoera egonkorrago horiek zaharrago direnean lortzeak eta bi sexuek egindako ahaleginek (emakumeek etxetik kanpora lan egitea, emakumeen aldarrikapena ez ezik, baldintza hobeak izateko beharra ere bada) eurekin dakarte azken urteotan seme-alaben kopurua bat-batean urritu izana.





Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.: 31-945 01 75 49. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Belaunaldiak ordezkatzea ez dago ziurtatuta Euskal AE-n

Eragiketa : 
Inkesta demografikoa
Eragiketa kodea : 
010313
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
2021
Eguneratze data : 
2003/03/21
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0002308_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Informazio gehigarria

Egutegia

Su feedback.   Ayúdenos a adaptar nuestra web a sus necesidades

¿Cómo valora usted la información de esta página?
Muy útil
Útil
Poco útil
Nada útil
¿Tiene alguna sugerencia que hacer?
Si, tengo
Enviar