2003ko urrian, EUSTATek eskainitako datuen arabera, %10,6ko urte arteko gehikuntza nominala izan zuten Euskal AEko azalera handietan egindako salmentek, aurreko urteko hil beraren aldean. Behin prezioen eragin inflazionista kenduz gero, joan den urriko urte arteko tasa %8,1ekoa izan da, hazkunde errealeko baliotan.
Merkataritza-arloko salmenten %11,7ko hazkunde nominala izan zuten Gipuzkoan, %10,7koa Bizkaian, eta %8,2koa Araban. Salmenta nominaletako zifra horiek balio errealetara ekarrita, Gipuzkoako azalera handiek %9,2 gehitu zituzten salmentak; Bizkaikoek, %8,1; eta Arabakoek, %6,7.
Elikadura-produktuen salmentek, Euskal AEn, %9,5eko urte arteko gehikuntza nominala izan dute 2003ko urrian; eta gainerako salgaiek igoera askoz ere handiagoa izan dute, %12,1ekoa. Balio errealetan (prezioen igoeraren eragina deskontatuta), elikadura-produktuen salmentak %5,2 hazi dira; gainerako produktuetan, berriz, %10,5 gehitu dira salmentak.
Lurraldeka, elikadura-produktuen salmenten bilakaerak, balio errealetan, alde txikiak izan ditu. Izan ere, %5,6 hazi dira Gipuzkoan; %6,3, Bizkaian; eta azkenik, gutxixeago, %3,1, Araban. Ehuneko horiek guztiak, aurreko urteko hil beraren aldean.
Gainerako produktuen salmenten bilakaerari dagokionez, lurralde batetik bestera aldeak nabari dira orobat. Hartara, %13,7ko hazkundea izan da Gipuzkoan, %10,0koa Bizkaian, eta %7,8koa Araban, balio konstanteetan neurtuta.
Euskal AEko azalera handietako establezimenduetako enplegatuak %0,7 gutxitu ziren 2003ko urrian, irailaren aldean; eta %1,0 gehitu, aurreko urteko urriaren aldean. Joan zen abendutik, enpleguaren bilakaerak aldakuntza positibo hauek metatu ditu azken hamar hilabeteotan: Gipuzkoan, %1,4; Bizkaian %0,8; Araban %0,8; eta Euskal AE osoan %0,9.
Argibide gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.: +34-945 01 75 00 Faxa: +34-945 01 75 01 E-maila: eustat@eustat.eus Harremanetarako pertsona: Nerea Linaza Tel.: 05-945 01 75 05. Faxa: +34-945 01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus