HomeGaiakPrentsa OharrakPrentsa Oharrak Eustatek bere web orrian...

2005/12/09ko prentsa-oharra

UDAL ADIERAZLEAK. SERIE ESTATISTIKOAK, 2005



Eustatek bere web orrian jarri ditu “Udal adierazleak. Serie estatistikoak”


Euskal AEko 250 udalerri eta 20 eskualderi buruzko 140 adierazle baino gehiago bildu ditu


EUSTATek duela gutxi argitaratu ditu bere web gunean 2005. urteko "Udal adierazleak. Serie estatistikoak”; Euskal Autonomia Erkidegoko 250 udalerriei eta eskualdeei buruzko informazio zabala bildu du bertan (140 adierazle baino gehiago). Lan horretan jaso diren kapitulu nagusi batzuk hauexek dira: lurraldea, biztanleria, hezkuntza sistema, euskara, establezimenduak eta etxebizitzak, okupazioa eta langabezia, egitura ekonomikoa, ospitaleak eta ospitaleez kanpoko zentroak, banku kopurua, ibilgailu-parkea edo errenta pertsonala eta familia-errenta.


2004. urteko argitalpenean bezala, aurtengoan ere eskura dagoen atzera begirako informazio guztia jasotzen da web gunean, udalerrien errealitatean alderdi ezberdinetan eman den bilakaera errazago aztertze aldera. Esaterako, 1900. urtetik gaur arteko biztanleei buruzko informazioa ematen da.


Lurraldea eta demografia


Euskal AEko udalerriek tamaina oso ezberdinak dituzte, hala nola: Vitoria-Gasteizek 276,8 km2 ditu eta Lanestosak 1,2 km2. Udalerrien fisionomiarekin jarraituz Portugalete da biztanle kopuru handiena duena, 15.829 biztanle baititu km2 bakoitzeko. Udalerri horren biztanle kopuru handiak baina tamaina txikiak (3,2 km2) eragin du bereizketa hori. Ondoren Sestao eta Bilbo daude, 8.863 eta 8.537 biz/km2-rekin hurrenez hurren.


Biztanleak aintzat hartuta, Euskal AEko udalerri jendeztatuenak hiru hiriburuak dira. Hain zuzen ere, Bilbok 352.606 biztanle zituen, Vitoria-Gasteizek 223.169 eta Donostia-San Sebastiánek 183.515. Aitzitik, Arakaldo (97 biztanle) eta Orexa (81) dira biztanle gutxien duten udalerriak.


Hazkunde begetatiboari dagokionez (bizirik jaiotakoak ken hildakoak), eskura ditugun azken datuen arabera (2003. urtekoak) Vitoria-Gasteizek izan du hazkunde begetatiborik handiena (353). Aldiz, Bilbok erabat kontrako joera izan du; hiriburu honen hazkunde begetatiboa negatiboa izan da (-867 pertsona). Gauza bera gertatu da Barakaldon (-194), Donostia-San Sebastiánen (-136) eta Portugaleten (-105). Jaiotzen kopurua kontuan hartuta, hiru hiriburuak nabarmendu behar dira: 2.799 ume jaio ziren Bilbon, 2.050 Vitoria-Gasteizen eta 1.646 Donostia-San Sebastiánen. Horien atzetik Barakaldo (729) eta Getxo (702) daude.


Etxebizitza eta ekonomi jarduera


Etxebizitzen atala aztertzean datu batzuk azpimarratu behar dira, hala nola: Bilbok 130.312 etxebizitza nagusi ditu, Vitoria-Gasteizek 77.831 eta Donostia-San Sebastiánek 65.875. Udal adierazleak kontsultatzean, gainera, beste datu asko eskura daitezke: etxebizitza nagusien kopurua esaterako, instalazioen eta zerbitzuen arabera.

Lan horretan udalerrietako ekonomi jarduerari buruzko datuak ere jasotzen dira. Horri esker, establezimendu, jarduera eta enplegu kopurua zein den jakin daiteke. Okupatuta dagoen biztanle kopurua jarduera-adarren arabera kontsultatzen bada, Bermeok eta Ondarroak (1.207 eta 804, hurrenez hurren) nekazaritzan eta arrantzan lan egiten duen biztanle kopuru handiena dute. Argi eta garbi, Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Donostia-San Sebastián (hurrenkera horretan) udalerriek lehenengo postua hartzen dute eraikuntza eta zerbitzuen sektoreetan; industriaren kasuan, aldiz, Vitoria-Gasteiz (30.233) da nagusi, gero Bilbo (22.423) eta azkenik Donostia-San Sebastián (12.372).


Ekonomia aztertuz gero, Euskal AEko udalerrien errenta pertsonalaren eta familia-errentaren batez bestekoa aztertu behar dira. Zehazki, Laukiz (23.363 €), Sukarrieta (18.458 €), Gatzaga (18.094 €) eta Getxo (17.823 €) udalerriek dituzte errenta pertsonal handienak. Hiru hiriburuen artean Donostia-San Sebastián (14.895 €) da nagusi, eta gero Vitoria-Gasteiz (13.731 €) eta Bilbo (12.881 €). Aitzitik, errenta txikiena duen udalerria Karrantza Harana da 8.087 euroko errentarekin.


Batez besteko familia-errentari dagokionez, Laukiz (70.922 €), Gatzaga (45.457 €) eta Getxo (45.353 €) sailkapenaren lehenengo postuetan daude. Donostia-San Sebastiánek 34.225 euroko familia-errenta du, Vitoria-Gasteizek 32.213 eurokoa eta Bilbok 29.730 eurokoa. Sailkapenaren muturrean dagoen udalerria, hau da, batez besteko familia-errenta txikiena duena Lanestosa da 18.011 eurorekin.


Zerbitzuen ekipamenduak


“Udal adierazleen” bidez, halaber, udalerriek dituzten ekipamenduen eta zerbitzuen edo baliabideen maila jakin daiteke. Osasun-ekipamenduen kasuan, udalerri ia gehienek dute gutxienez osasun-zentro publiko bat edo ospitale bat. Salbuespen dira, hala ere, landa-inguruneetako udalerri txikiak; horietariko udalerri gehienek 1.000 biztanle baino gutxiago dute.


Udalerrien ekipamendu-maila jakiteko beste bide bat banku kopurua kontuan hartzea da. Euskal AEn banku pribatuen bulego kopurua (732) aurrezki kutxena (684) baino pixka bat handiagoa da; zerbitzu hauetako gehienak hiriburuetan daude. Hala ere, 83 udalerritan ez dago bankurik. Lurraldeka, Bizkaiak 913 banku ditu, Gipuzkoak 532 eta Arabak 290.


Euskara


“Udal adierazleetako” atal batean urte 2ko eta gehiagoko biztanleen euskara maila orokorra jasotzen da. Balio absolutuetan, hiru hiriburuetan dago euskaldun kopuru handiena: Donostia-San Sebastiánen 60.415, Bilbon 53.051 eta Vitoria-Gasteizen 31.482. Deigarriak dira, alabaina, biztanle gehienak euskaldunak dituzten herriak. Adibidez, Markina-Xemeinen 4.084 biztanle euskaldunak dira eta herri horrek guztira 4.708 biztanle ditu; Mutrikun ere 4.006 euskaldun daude eta herriak 4.775 biztanle ditu.


Hezkuntza sistemaren adierazlea ere kontsulta daiteke aipatu liburuan. Ildo horretan, udalerri bakoitzeko ikasle kopurua zein den jakin daiteke hurrengoen arabera: hezkuntza-maila (haur hezkuntza, lehen hezkuntza, DBH, batxilerra, LH,…), irakaskuntza elebidunaren eredua (A-X, B, D) edo zentroaren titulartasuna (publikoa, pribatua edo ikastola).


Azkenik, beste hainbat adierazle ere kontsulta daitezke: udal bakoitzak duen gastuaren aurrekontuko likidazioa, horien ibilgailu-parkea eta nekazaritzako makinariaren parkea, nekazaritza-azaleraren banaketa edo udalerri bakoitzean dagoen gizarte-zerbitzuen zentro kopurua.




Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945 01 75 00. Faxa: +34-945 01 75 01. Helbide elektronikoa: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Manu Riveiros
Tel.: 47-945 01 75 62. Faxa: +34-945 01 75 01.
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Eustatek bere web orrian jarri ditu “Udal adierazleak. Serie estatistikoak”

Eragiketa : 
Udal-adierazleak
Eragiketa kodea : 
990104
Periodikotasuna : 
Etengabea
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2005/12/09
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0003265_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Estatistika taulak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Txostenak

Mikrodatuak

Metadatuak

Metodologia eta Kalitatea

Definizioak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali