HomeGaiakOsasun egoeraPrentsa Oharrak Ospitaleetan sartzeko...

2006/04/6ko prentsa-oharra

OSASUNAREN MUNDU EGUNA


Ospitaleetan sartzeko arrazoi nagusiena zirkulazioko gaixotasunak izan dira


Haurdunaldi eta erditzeen ziozko sarrerak kontuan hartu gabe, gizonek emakumeek baino ospitaleetarako gaixotze-tasa handiagoa izan dute


2004. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko gaixo akutuen ospitaleetan ia 277.000 gaixori eman zitzaien alta, EUSTATen datuen arabera. Horrela, azken bost urteetan (2000-2004) ospitaleetarako gaixotze-tasa gehitu egin da: 2000. urtean 1.000 biztanletik 122k ospitaleetan alta hartu zuten eta 2004. urtean 131 gaixok hartu zuten alta.


Ospitaleetarako gaixotze-tasa pertsonen osasun maila, gaixotasunik ohikoenak eta ospitaleetako zerbitzuen erabilpena zein diren jakiteko eta horien artean alderaketak egiteko adierazle erabilgarria da.


Alta gehiago emateko arrazoi nagusienak, besteak beste, hauexek dira: eguneko ospitale kirurgikoetan tratamenduak jasotzen dituzten gaixoak gehiago izatea, ospitaleetako batez besteko egonaldiak murriztea eta ospitaleetako zerbitzuak gehiago erabiltzea.


Obstetriziako arrazoiak (haurdunaldiak eta erditzeak) alde batera utzita, gizonek dute (1.000 biztanletik 130) emakumeek baino (1.000 biztanletik 109) ospitaleetarako gaixotze-tasa handiena adin-tarte guztietan.



Gizonen artean sarriago ospitalizatuta egoten direnak 70-74 urte artekoak dira. Emakumeen artean, aldiz, 30-34 urte artekoak egoten dira sarriago ospitaleetan, haurdunaldiak eta erditzeak direla medio; baina arrazoi hori alde batera utziz gero 75-79 urte artekoak dira sarriago ospitalizatzen direnak bizitza-luzera handiagoa izaten dutelako.


Urtebete baino gutxiagoko biztanleak eta adinez nagusienak (65 urtetik aurrerakoak gizonen kasuan eta 70 urtetik aurrerakoak eta gehiagokoak emakumeen kasuan) adin-tarteak aintzat hartuta ospitalizazio gehien izaten dituztenak dira. Bai gizonen bai emakumeen artean (erditzeak eta haurdunaldiak kontuan hartu gabe), ospitaleetara joateko maiztasuna gehitu egiten da biztanleak zaharragoak diren heinean.


2004. urtean zirkulazio-sistemako gaixotasunek ospitaleratzeko arrazoi nagusiena izaten jarraitu zuten, alta guztien %13,1arekin. Estatuko gainerako autonomia-erkidegoetan ere antzekoa gertatu zen (2003. urtean) %12,9arekin. Zirkulazioko gaixotasunen ondoriozko ospitaleetarako gaixotze-tasa gizonen artean (1.000 gizon bakoitzeko 20,3 alta) emakumeen artean (1.000 emakume bakoitzeko 14,3 alta) baino gehiago eman zen, eta gainera garrantzi berezia izan zuen 65 urteko eta gehiagoko biztanleen artean.




Zirkulazioko gaixotasunen artean maizen eman zen diagnostikoa bihotz-gutxiegitasunarena izan zen; halaber, emakumeen artean ospitaleetan heriotza eragin zuen arrazoi nagusiena izan zen hori eta gizonen artean bigarren arrazoia (trakeako, bronkioetako eta birikako neoplasia gaiztoaren atzetik).


Zirkulazioko gaixotasunen ostean ospitaleetaratzeak eragin zituzten arrazoi nagusienak digestio-aparatuko, nerbio-sistemako eta sentimen-organoetako gaixotasunak izan ziren.


Sexuaren arabera gaixotasun-multzo ohikoenak ezberdinak dira. Gizonen artean zirkulazio-aparatuarekin lotutako gaixotasunek eragin zuten ospitaleratze gehien, gero digestio-aparatuko eta arnasako gaixotasunek; emakumeen artean, aitzitik, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak hirugarren arrazoi moduan agertzen dira, horiek baino ospitaleratze gehiago eragin baitituzte haurdunaldi, erditze eta erditze ondoko arazoen multzoak eta nerbio-sistema eta sentimen-organoen multzoak.


Adina kontuan hartuz gero, bi sexuetako gazteak (0-14 urte) ospitalizatzeko arrazoi nagusienak arnas eritasunak (amigdalitis kronikoa eta adenoideak batez ere) izan ziren; 15-44 urte bitartean hausturak eta lesioak izan ziren nagusi (belaunaren lokadura) gizonen artean, eta emakumeen artean haurdunaldia eta erditzea.


45 urtetik aurrera gizonak ospitalizatzeko arrazoi nagusiena zirkulazioko gaixotasunak dira; emakumeen artean gaixotasun horren nagusitasuna beranduago ematen da, 75 urtetik aurrera hain zuzen. 45-74 urte bitarteko emakumeen artean bestelako arazoak agertzen dira; aparatu muskuloeskeletikoari lotutako gaixotasunak (belaunaren barruko nahasteak) 45-64 urte bitarteko emakumeak ospitalizatzeko arrazoi nagusienak izan ziren eta nerbio-sistemako eta sentimen-organoetako gaixotasunak (begi-lausoak) 65-74 urte bitarteko emakumeak ospitalizatzeko arrazoi nagusienak.


Ospitaleratutako gaixoen %57ari ebakuntza kirurjikoa egin zitzaion. Azken bost urteetako (2000-2004) ebakuntzarik ohikoenak aparatu muskuloeskeletikoan egindakoak izan ziren (artroskopia eta belauneko ilargi-formako kartilagoaren ebakuntza). Maiztasunaren arabera ebakuntzarik ohikoenak dira, gainera: digestio-aparatuko ebakuntzak (hernia konponketak batez ere), begiko ebakuntzak (begi-lausoak), obstetriziako prozedurak eta aparatu kardiobaskularreko ebakuntzak (barizeak, bihotz-kateterismoa eta koronarioetako angioplastia).












Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Maite Ugarte
Tel:+34-945-01 75 48 Faxa:+34-945-01 75 47
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
 

Top

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali