2009-07-29(e)ko prentsa-oharra
2009KO EUSKAL ESTATISTIKA URTEKARIA
Euskal AEko BPGaren % 60,7 zerbitzuen sektoreak sortu du
Datu horiek eta beste asko Eustatek argitaratutako “Euskal Estatistika Urtekaria 2009” lanean biltzen dira.
Eustatek duela gutxi argitaratu du Euskal Estatistika Urtekariaren hogeita zazpigarren argitalpena, 2009. urteari dagokiona. Argitalpeneko kapituluak antolatzean urtean zehar Interneteko zerbitzarian (www.eustat.eus) egin diren aldaketak hartzen dira oinarri moduan; horrenbestez, Euskal Estatistika Urtekariak gaika sailkatutako informazioa ematen du, Eustaten webgunean ematen den bera.
Aurtengo argitalpenean “Euskadi EB-27n” izeneko kapitulua sartu da Euskal Autonomia Erkidegoak 27 kidez osatutako Europar Batasunean (EB-27) duen tokiaren gaineko ikuspegia eskaini ahal izateko. Izan ere, irakurleari Europan dugun tokiari buruzko alderdiak ezagutzen lagun diezaioketen 27 adierazle jasotzen dira.
Argitalpenaren helburua da 2009. urtean Euskal AEko ekonomia, gizarte, kultura, politika eta abarretan eskura dauden datu estatistiko garrantzitsuenak zabaltzea. Lurralde historiko bakoitzeko datuak ere jasotzen dira, eta gero horietariko asko 27 kidez osatutako Europar Batasuneko beste herrialde batzuekin alderatzen dira.
Biztanleei buruzko kapituluan azpimarratzekoa da Euskal AEko jaiotza kopurua honakoa izatea: 1.000 biztanleko 9,7 jaiotza daude. Alabaina, Estatuan 1.000 biztanleko 11,0 jaiotza daude. Lurraldeka, Gipuzkoak du jaiotza tasarik altuena (10,5), eta gero Arabak (10,0) eta Bizkaiak (9,1).
Euskal Estatistika Urtekarian jasotako datu batzuk baino ez dira hauek. 2007. urtean, Euskal AEko BPGaren % 60,7 zerbitzuen sektoreak sortu zuen; % 29,4 industria sektoreak, % 9,1 eraikuntzak eta % 0,8 nekazaritza eta arrantza sektoreak. BPG lurraldeka banatuz gero, % 50,3 Bizkaian sortu zen, % 33,1 Gipuzkoan eta % 16,6 Araban.
Euskal AEko datu ekonomiko interesgarrietako bat da Euskal AEko batez besteko errenta pertsonala 13.647 eurokoa zela; horietako 18.846 € gizonezkoena eta 8.744 € emakumezkoena. Lurraldeka, Arabak batez besteko errenta pertsonal altuena zuen (14.132 €), gero Gipuzkoak (13.892 €) eta azkenik Bizkaiak (13.376 €).
Industria sektorean lan egiten zuten pertsonen artean (250.862), 11.019 pertsonak maila teknologiko handiko industrietan egiten zuen lan, 65.534k maila teknologiko ertain-altuko industrietan, 116.617k maila teknologiko ertain-txikiko industrietan eta 52.902k maila teknologiko txikikoetan.
Liburuan, besteak beste, aktibotasun tasa eta langabezia ere azaltzen dira, Erkidegokoak eta hiru lurraldeetakoak. Hain zuzen, 2008. urtean aktibotasun tasa eta langabezia % 55 eta % 3,8 ziren hurrenez hurren. Lurraldeka, Arabak du aktibotasun tasarik altuena (% 57,1), gero Gipuzkoak (% 56,9) eta azkenik Bizkaiak (% 53,4).
Hezkuntzari buruzko atalean azaltzen da 2008-2009 ikasturtean matrikulatuta zeuden 350.287 ikasleen artean 186.984k D ereduan ikasi zutela, 75.230k B ereduan eta 86.079k A ereduan.
Euskara eta kultura ere jasotzen dira liburuan; besteak beste, biztanleen bilakaera azaltzen da, euskara maila orokorraren, sexuaren, ama hizkuntzaren eta abarren arabera sailkatuta.
“Euskal Estatistika Urtekaria 2009” izeneko lanean, halaber, euskal osasun sistemaren estatistika zehatz biltzen da. Horrela, 2007an 44 ospitale zeuden, 8.048 oherekin eta biztanle bakoitzeko 861 euroko gastuarekin, hau da, BPGaren % 2,8. Beste adierazle interesgarri bat ohe kopuruari buruzkoa da: 1.000 biztanle bakoitzeko 3,8 ohe daude Euskal AEn.
Gizarte babeseko gastuena beste atal interesgarri bat da Urtekarian. Erkidego honek 5.156 € erabiltzen ditu biztanle bakoitzeko babes mota honetan, EAEko BPGaren % 18,9. Argitalpenean, pobrezia arriskua eta ongizaterik eza bezalako adierazleak ere aipatzen dira; Euskal AEko biztanleen % 4,1 pobrezia arriskuan dago, eta emakumeen % 8,2 dago egoera horretan.
Informazioaren gizartea, familietan nahiz enpresetan, zehatz-mehatz jaso da “Euskal Estatistika Urtekaria 2009” argitalpen honetan. Argitalpen honi esker dakigu 2008an euskal familien % 57,9ak ordenagailua zeukala etxean eta % 88,4ak sakelako telefonoa zeukala. Enpresetan, berriz, urte berean establezimenduen % 74,8ak zeukan ordenagailu pertsonala, % 66,4ak Internet eta % 79,2ak sakelako telefonoa.
Azken kapituluan, Euskadi EB-27n izenekoan, azaltzen da Euskal AEko biztanleko BPG 139,5ekoa zela 2008. urtean; EB-27ko batezbestekoa, aldiz, 100 zen. Euskal AEren indize hori soilik gainditu dute Luxemburgek (261,7) eta Irlandak (143,8).
Kapitulu honetan jasotako beste adierazle batzuen arabera, adibidez, 2007. urtean Euskal AEk BPGren % 1,65eko gastua izan zuen I+Gn, hau da, Espainiakoa (% 1,27) baino handiagoa baina EB-27ren batezbestekoa (% 1,83) baino txikiagoa.
Azken batean, liburuan hainbat arlori buruzko datuak biltzen dira, hala nola: biztanleria, ekonomia, lehen sektorea, industria eta energia, eraikuntza eta etxebizitza, zerbitzuak eta turismoa, enpresak eta establezimenduak, prezioak eta soldatak, kanpo-merkataritza, lan merkatua, hezkuntza, euskara eta kultura, osasuna, gizarte ohiturak, gizarte babesa, hauteskundeak, justizia, lurraldea eta ingurumena, informazioaren gizartea, berrikuntza eta I+G, EAEko 251 udalerrietako adierazle nagusienei buruzko kapitulu berezi bat eta Euskadi EB-27n.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Manu Riveiros
Tel.:+34-945-01 75 62 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es