2010/09/14ko prentsa-oharra
Euskal AEko esportazioak %34 igo ziren urte artean 2010eko bigarren hiruhilekoan
Inportazioak %36,4 gehitu ziren aldi berean
EUSTATek landutako datuen arabera, Euskal AEko esportazioak 4.914,9 milioi eurora iritsi ziren 2010eko bigarren hiruhilekoan. 2009ko aldi beraren aldean, kopuru hori %34,0ko igoera da.
Euskal AEko Inportazioak 4.110,9 milioi eurora iritsi ziren, hots, 2009ko bigarren hiruhilekoan baino %36,4 gehiago. Datu horien arabera, 804 milioiko merkataritza-saldo positiboa eta esportazioek inportazioen gaineko %119,6ko estaldura-tasa lortu ziren aldi horretarako.
Euskal AEko kanpo-merkataritzaren hiruhilekoetako bilakaerak erritmo positiboak izan ditu Euskal AEko hiru lurraldeetan. Bigarren hiruhilekoko esportazioak %52,6 hazi ziren Bizkaian, %32,7 Araban eta %13,5 Gipuzkoan. Igoerak ditugu muga-zergen sekzio gehienetan eta batez ere Garraio materialen eta Metalen eta beren manufakturen esportazioetan
Inportazioak %42,3 igo ziren Bizkaian, %30,1 Araban eta %24,3 Gipuzkoan.
2010eko lehenengo seihilekoaren balantzea
Lehenengo seihilekoan esportazioak %20,9 hazi ziren eta inportazioak %24,9.
2010eko lehen seihilekoan Euskal AEko esportazioak 8.702,3 milioi izan ziren, 2009ko lehen seihilekoan baino %20,9 gehiago. Inportazioak 7.474,7 milioi izan ziren, %24,9 gehiago.
Urteko lehen seihilekoko salerosketen (esportazioak+inportazioak) guztirakoa 16.177 milioi izan zen, 2009ko lehen seihilekokoa, 13.179, baino %22,7 gehiago.
Lehen seihileko honetako kanpo-saldoan superabit dago; merkataritza-saldoa 1.228 milioikoa da, aurreko urtekoaren (1.214) tankerakoa, baina salerosketa-bolumena handiagoa da. Bestalde, kanpo saldo ez-energetikoa, 3.179 milioi, %17 hazi da. Esportazioen inportazioen gaineko estaldura-tasa iazko %120,3tik aurtengo %116,4ra pasa da. Produktu ez-energetikoen estaldura 2009ko lehen seihilekoko %169,4tik aurtengo %164,5era jaitsi da.
27-Europako Batasunerako esportazioek %20,2ko hazkundea izan dute; Frantziarakoak %19,7 hazi dira eta Alemaniarakoak %11. Sei hileko honetako ezaugarria da, oro har Europako Batasunerako esportazioak hazi egin direla, gutxi edo asko. Europar Batasunetik etorritako inportazioak %32,4 hazi ziren: Alemaniatik (%12), Frantziatik (%36,2), Erresuma Batutik (%66,2) eta Herbehereetatik (%84,4).
Sektore-ikuspuntutik, seihilekoko esportazioen bilakaeran muga-zergen sekziorik dinamikoena Garraio-materiala izan zen, %59,1 hazi eta guztizko hazkundeari erdia baino gehiago ekarri zion. Bolumena kontuan hartuta, muga-zergen bigarren sekzioa Metalak eta euren manufakturak izan zen; %23,3ko hazkunde garrantzitsua lortu zuen. Material elektrikoa da pisu handieneko muga-zergen hirugarren sekzioa; jokaera negatiboa izan du, %2,8. Plastikoak eta kautxua sekzioa nabarmen hazi zen %30,2.
Inportazioen atalean, Mineral-produktuak –gure inportazioen %34- (%23,2), Metalak eta beren manufakturak (%57,9) eta Material elektrikoa (%13,9) sekzioen inportazioak hazi ziren. Garraio-materiala %23,5 murriztu da, pisu handiko inportazioen artean.
Lurralde Historikoei begiratuz gero, nabarmentzekoa da Bizkaiko esportazioen hazkundea (%37,7), bereziki Garraio Materialari (%229,8) esker; izan ere, bi itsasontzi esportatu dira seihilekoan, Singapur eta Oman-era. Nabarmentzekoak dira, baita ere, Metalen eta beren manufakturen (%38,5) eta Plastikoen eta kautxuaren (%46,1) hazkundeak. Arabako esportazioen hobekuntza (%17,6), Bizkaikoena bezalaxe, Garraio materialean (%40,8) bermatzen da bereziki; baita Zementuetan eta beiran (%36,9) ere; Metalen eta beren manufakturen esportazioak %2,2 murriztu ziren. Gipuzkoako esportazioek %5 hazi dira, apal antzean, non Metalen eta beren manufakturen (%25,5) hazkundeari kontra egiten diote Material elektrikoaren (%7,7) jaitsierak eta Garraio materialaren jokaera apalak (%2); Gipuzkoako manufaktura nagusiak dira, esportazioen %78.
Inportazioak %26,4 igo ziren Bizkaian, %22,9 Gipuzkoan eta %21,7 Araban.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Patxi Garrido
Tel:+34-945-01 75 13 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Kanpo merkataritzaren estatistiken gaineko prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Kanpo merkataritzaren estatistiken gaineko datu-bankua