2009-09-29ko prentsa-oharra
Euskal AEn nekazaritzako ustiategi gutxiago dago, baina daudenak handiagoak dira
Euskal nekazaritza sektorean emakumearen presentziak gora egin du
Euskal AEn 2009an 16.445 nekazaritza ustiategi zeuden, hau da, 1999an baino 8.293 gutxiago (-% 33) termino homogeneoetan, EUSTATek egindako 2009ko Nekazaritza Zentsuko behin-behineko datuen arabera. Beherakada hau hiru lurralde historikoetan izan da, handiena Bizkaian (-% 37), ondoren Araban (-% 33) eta txikiena Gipuzkoan (-% 30).
Euskal AEko ustiategien osoko batez besteko neurria eta nekazaritzako azalera erabilgarria (NAE) 16,9 eta 12,3 hektareakoa da, hurrenez hurren. Hau da, azkeneko hau % 18 hazi da 1999arekin alderatuz gero. Alde handiak daude Arabaren (29,7 ha eta 28,3 ha) eta beste bi lurraldeen artean; Bizkaia (9,5 ha eta 6,6 ha) eta Gipuzkoa (18,4 ha eta 9,5 ha).
Nekazaritzako ustiategietan ganadua kontzentratzen jarraitzen da
2009ah mota guztietako ganadu ustiategiak gutxitu ziren Euskal AEn, baina abeltzaintza guztietan ustiategi bakoitzeko batez besteko buru kopuruak gora egin zuen.
Beherakadarik handienak esne-behietan eta txerri-aziendetan izan dira. Azken hamar urteetan esne-behien eta txerramen ustiaketek % 68,5 eta % 68,2 egin dute behera, hurrenez hurren; hala ere, ustiategi bakoitzeko esne-behi kopuruak gora egin du eta 1999an ustiategi bakoitzean 13 baldin bazeuden, 2009an 26 zeuden (+% 100) eta txerramen kopuruak ere gora egin du aldi berean, 9tik 10era hazi da (+% 11).
Haragitarako behien ustiategi kopuruak ere behera egin du (-% 33), baina ustiategi bakoitzean dagoen buru kopurua 8tik 11ra igaro da (+% 30). Azpimarratzekoa da zaldi-azienden gorakada (+% 25) eta errule kopurua mantendu izana, bi kasu hauetan ere ustiategi bakoitzeko buru kopuruak gora egin du.
.
Gazteen parte hartze txikiagoa eta emakume gehiago nekazaritza ustiategietako buru
Ustiaketen nortasun juridikoari dagokionez, 1999 eta 2009 artean ez da ia aldaketarik egon; % 95 inguru pertsona fisikoenak dira eta % 5 pertsona juridikoenak. Araban pertsona juridikoak % 15 baino zerbait gehiago dira eta Bizkaian eta Gipuzkoan ustiategi guztien % 2 eta 3 artean daude.
Ustiategiko buruaren batez besteko adina 58 urtekoa da Euskal AE osoan; Araban, batez besteko adin hori 54 urte da, Bizkaian 60 eta Gipuzkoan 59. Ustiategiko buruaren batez besteko adina 1999 eta 2009 artean ia mantendu egin den arren, azken hamarkadan gazte bat (40 urtez beherakoa) ustiategiko buru izateak gero eta garrantzi erlatibo txikiagoa du, eta ehuneko 3 puntu erori da, gutxi gorabehera. 40 eta 65 urte artekoak ia 5 puntu igo dira eta 65 urtez gorakoek ehuneko 2 puntu inguruko beherakada izan dute.
Ustiategiko buru emakumea izateari dagokionez, 1999an % 24,4 izatetik 2009an % 30,9 izatera igaro dira. Era berean, emakumea ustiategiko buru izate horrek gora egin du hiru lurraldetan, adin talde desberdinetan (40 urtez azpikoak, 40 eta 65 urtekoak eta 65 urtez gorakoak) eta nahiz nortasun fisikoa nahiz juridikoa duten ustiaketetan.
Ustiategi bakoitzeko urteko batez besteko lan-karga 1999ko 0,7 ULUtik 2009ko 0,9 ULUra igaro da (ULU 1 -Urteko Lan-unitatea- 228 lanaldi oso edo 1.826 ordu da gutxienez). ULU bat baino gehiagoko lan karga duten ustiategiak gutxitu egin dira azken hamarkadan; 2009ko zentsuan ustiategien % 40k ULU bat baino gehiagoko kargak dituzte eta 1999an % 42 ziren. Joera hau ez da soilik Euskal AE mailakoa, hiru lurraldeetan ere gauza bera gertatzen da (Araban bereziki) ustiategiaren nortasun juridikoa eta ustiategiaren buruaren adina dena delakoa izanda ere.
2009an Euskal AEko ustiategien % 7 inguruk langileak falta dituzte, ustiategian lana egiten dutenek lan gehiegi dutelako, behar adina denbora ez dutenez lanak behar bezala egiten ez direlako edo lan horiek egiten ez direlako. Era berean, aldi baterako langileak behar dituzten ustiategien % 15ean kontrataziorako arazoak dituzte (eskura dagoen jendea edo kualifikatuak) eta langile finkoak eskatzen dituztenen % 12k ere zailtasun horiek ditu.
Erronka berriak: jarduerak dibertsifikatu, produktuak eraldatu, nekazaritza eta ingurumeneko neurriak, nekazaritza ekologikoa...
Euskal AEko ustiategien % 30 ingurutan beste jarduera osagarri batzuk egiten dira, ustiategi bertako baliabideak erabilita. Jarduera hauen artean basogintzarekin lotutakoak nabarmentzen dira (ustiategien % 24ean), nekazaritzako produktuak eraldatzen dira (% 6,4) eta turismoarekin, ostatatzearekin eta aisiarekin lotutako beste jarduera batzuk dituzte (% 1,5).
Era berean, euskal ustiategien % 20k landa garapenerako neurriren bat jaso du azken hiru urteetan. Aipatu beharrekoak dira hauek ere: nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak jasotakoak (% 8), ustiategiak modernizatu dituztenak (% 3) eta nekazaritza eta basogintzako produktuen balio gehituari lotutakoak (% 2).
Nekazaritza ekologikoa asko ezarri gabeko neurria den arren, gero eta garrantzi handiagoa du Euskal AEn. 2009ko Nekazaritza Zentsuaren arabera, Nekazaritza Ekologikoa Arautzeko Kontseiluan 126 ustiategi daude erregistratuta eta 718 ha-ko azalera dago aitortuta.
Ohar metodologikoa: Datuak 2008ko urriaren 1etik 2009ko irailaren 30era bitartekoak dira, 2009ko nekazaritza urtekoak. Biztanleriaren eremua gutxieneko hauek dituzten nekazaritza ustiategiei dagokie: Nekazaritzako Azalera Erabilgarriko (NAE) hektarea bat; 0,2 ha barazki, lora edo landare apaingarriak aire librean eta estalian edo negutegietan edo fruta arbolak (zitrikoak barne) ureztatuta edo haztegietan; 0,1 ha negutegietako barazkietan; 0,1 ha negutegietako lore eta landare apaingarrietan; 0,5 ha tabako; 0,5 ha lupulu edo kotoi; 1999ko Nekazaritza Zentsuan 0,75 Europako Dimentsio Unitate (EDU 1=1.200 €) edo gehiagoko Guztizko Marjina Gordina zuten abeltzaintzako unitate (AU) bat edo gehiago izan zituzten nekazaritzako ustiategiak.
Eragiketa hau Estatistikako Institutu Nazionalarekin (EIN) eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako Sailarekin elkarlanean egin da Euskal AEn.
Aurkeztutako datuak behin-behinekoak dira eta titularrak Euskal AEn bizi eta ustiategiak ere Euskal AEn dituztenei dagozkie.
Zentsuen arteko alderaketan 2009ko Nekazaritza Zentsurako ezarritako irizpideak hartu dira kontuan eta 1999ko Nekazaritza Zentsuarekiko biztanleriaren eremua mugatu egin du, gorago aipatu bezala.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako: Mariano González Izquierdo
Tel.:+34-945-01 75 42 Faxa:+34-945-01 75 01