2011-07-27ko prentsa-oharra
Euskal AEn 171.345 enpresa daude, 2011ko Euskal Estatistika Urtekariaren arabera
Eustatek berriki argitaratua, ekonomia eta gizartearen errealitateari buruzko datu ugari agertzen dira
“Euskal Estatistika Urtekaria, 2011” izeneko lana Eustatek argitaratu du eta horren helburua da 2011. urtean zehar Euskal AEko ekonomia, gizarte, kultura, politika eta beste arlo batzuetan eman diren datu estatistiko garrantzitsuenak zabaltzea. Lurralde historiko bakoitzeko datuak ere jasotzen dira, eta gero horietariko asko inguruko beste batzuetakoekin alderatzen dira.
Hain zuzen, argitalpen horretan, enpresei eta establezimenduei buruzko kapituluan, ekonomia arloan jasotako datu interesgarri batzuen arabera, autonomia-erkidego honetan 171.345 enpresa daude eta horiek guztira 906.044 enplegu sortzen dituzte. Enpresa guztien artean, 86.814 Bizkaian daude (380.694 enplegu), 59.456 Gipuzkoan (253.597 enplegu) eta 21.000 Araban (167.268 enplegu). 4.075 enpresak Euskal AEn jarduten dute baina Estatuko gainerako autonomietan dute egoitza; hauek 104.485 enplegu sortzen dituzte.
EAEko 191.057 establezimenduei dagokienez, enplegu-geruzarik ugaritsuena 3 langile baino gutxiagokoa izan da (141.607); soilik 81 enpresak dituzte 500 langile edo gehiago.
Gainera, 2009. urtean, Euskal AEko BPGaren %66,0 zerbitzuen sektoreak sortu zuen; %24,2 industria sektoreak, %9,1 eraikuntzak eta %0,6 nekazaritza eta arrantza sektoreak. BPG lurraldeka banatuz gero, %51,1 Bizkaian sortu zen, %32,6 Gipuzkoan eta %16,3 Araban.
Informazioaren gizartea, familietan nahiz enpresetan, zehatz-mehatz jaso da “Euskal Estatistika Urtekaria, 2011” argitalpen honetan. Argitalpen honi esker dakigu 2010ean EAEko familien %61,4k ordenagailua zeukala etxean eta %90,1ek sakelako telefonoa zeukala. Enpresetan, berriz, urte berean establezimenduen %76,5ek zeukan ordenagailu pertsonala, %69,9k Internet eta %81,7k sakelako telefonoa.
Atal horretako beste adierazle batzuen arabera, adibidez, Euskal AEk BPGren %2,0 inguruko gastua izan zuen I+Gn 2009. urtean.
Liburuan, beste datu askoren artean, aktibotasun tasa eta langabezia tasa aipatzen dira. Hain zuzen, 2010. urtean Euskal AEko aktibotasun tasa eta langabezia tasa %55,9 eta %9,2 izan ziren hurrenez hurren. Lurraldeka, Arabak du aktibotasun tasarik altuena (%58,1), gero Gipuzkoak (%56,5) eta azkenik Bizkaiak (%55,0).
Industria sektore osoan lan egin duten 225.337 pertsonen artean, 8.592 pertsonak maila teknologiko altuko industrietan egin du lan, 57.233k maila teknologiko ertain-altuko industrietan, 108.867k maila teknologiko ertain-txikiko industrietan eta 41.810ek maila teknologiko txikikoetan.
Bestalde, azken datuen arabera Euskal AEko batez besteko errenta pertsonala 17.362 eurokoa izan da; 23.224 € gizonezkoena eta 11.857 € emakumezkoena. Lurraldeka banatzean, aldiz, beste datu hauek ateratzen dira: Gipuzkoak 17.488 €-ko errentarekin batez besteko errenta pertsonal altuena du, gero Bizkaiak 17.332 €-ko errenta eta Arabak 17.190 €-koa.
“Euskal Estatistika Urtekaria 2011” izeneko lanean, halaber, osasunaren estatistika zehatz biltzen da. Osasun jarduerari buruzko ataletan ezarri da Euskal AEko 44 ospitaletan 23.061 pertsonak lan egiten dutela; biztanle bakoitzak 1.034 euroko gastua sortzen duela, eta ospitaleetako sektoreko gastu osoa BPGren %3,5 dela. Ospitaleez kanpoko laguntza publikoari dagokionez, Euskal AEko 472 zentrotan 8.048 profesional daude; biztanle bakoitzeko gastua 249 € da eta gastu osoa BPGren %0,78 da.
Biztanleei buruzko kapituluan azpimarratzekoa da Euskal AEko jaiotza kopurua honakoa izatea: 1.000 biztanleko 9,6 jaiotza daude. Alabaina, Espainian 1.000 biztanleko 10,7 jaiotza daude. Lurraldeka, Gipuzkoak du jaiotza tasarik altuena (10,3), eta gero Arabak (10,2) eta Bizkaiak (9,1).
Hezkuntzari buruzko atalean azaltzen da 2010-2011 ikasturtean matrikulatuta zeuden 341.723 ikasleen artean 205.128k D ereduan ikasi dutela, 75.278k B ereduan eta 59.313k A ereduan.
Euskara eta kultura ere jasotzen dira liburuan; besteak beste, biztanleen bilakaera azaltzen da, euskara maila orokorraren, sexuaren, ama hizkuntzaren eta abarren arabera sailkatuta.
Liburuan hainbat arlori buruzko datuak biltzen dira, hala nola: biztanleria, ekonomia, lehen sektorea, industria eta energia, eraikuntza eta etxebizitza, zerbitzuak eta turismoa, enpresak eta establezimenduak, prezioak eta soldatak, kanpo-merkataritza, lan merkatua, hezkuntza, euskara eta kultura, osasuna, gizarte ohiturak, gizarte babesa, hauteskundeak, justizia, lurraldea eta ingurumena, informazioaren gizartea, berrikuntza eta I+G, eta EAEko 251 udalerrietako adierazle nagusienei buruzko kapitulu berezi bat.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetan jartzeko pertsona: Manu Riveiros
Tel.: +34-945-01 75 62 Faxa: +34-945-01 75 01
Euskal Estatistika Urtekariari buruzko prentsa-ohar gehiago