2011/10/24ko prentsa-oharra
2011ko irailean industriako prezioek % 0,1 egin dute gora, aurreko hilabetearen aldean
Iazko datuekin alderatuz gero, prezioek % 7,1 egin dute gora
EUSTATen datuen arabera, Euskal AEko industriako prezioek % 0,1 egin dute gora 2011ko irailean, aurreko hilabetearen aldean. Datu horien arabera, azken hamabi hilabeteetako industriako prezioen aldaketa jaso duen iraileko urte arteko tasak % 7,1eko hazkundea izan du.
Sektore-azterketa xehekatuenak erakutsi bezala, 2011ko irailean, eta aurreko hilabetearen aldean, “Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak” (% 3,3) adarrak izan du inflazio handiena, eta ondoren daude “Energia elektrikoa, gasa eta lurruna” adarra (% 1,1) eta “Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakoen industria” (% 0,4). Prezioetan beherakada handiena izan duten adarrak, aldiz, honakoak izan dira: “Zura, papera eta arte grafikoen industria” (% -1,4), “Metalurgia eta produktu metalikoak” (% -0,7) eta “Industria kimikoa” (% -0,5).
2010eko irailetik 2011ko irailera arteko aldian, prezioen hazkunderik handienak ondoko adarretan eman dira: “Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak” (% 23,3), “Energia elektrikoa, gasa eta lurruna” (% 21,5), eta "Industria kimikoa" (% 7,4). “Erauzteko industriak” sektoreko prezioek baino ez dute behera egin (% -1,8).
Ondasunak xede ekonomikoaren arabera sailkatuta, eta aurreko hilabetearekin alderatuta, soilik Tarteko Ondasunen sektoreak egin du behera: prezioak % 0,8 jaitsi dira. Energiak % 2,3 egin du gora, eta Ekipamenduko Ondasunek % 0,2 egin dute gora aurreko hilabetearekin alderatuta. Kontsumo Ondasunek ere, oro har, gora egin dute (% 0,2), Kontsumo Ondasun Ez Iraunkorrek gora egin dutelako (% 0,3); izan ere, Kontsumo Ondasun Iraunkorrek (% 0,1) behera egin dute.
Ondasunen multzo handi hauen prezioen bilakaera guztiek gora egin dute urte arteko aldian. Energiaren prezioak % 22,5 gehitu dira, Tarteko Ondasunenak % 4,7, Ekipamenduko Ondasunenak % 2,4 eta Kontsumo Ondasunenak % 2,4. Azken hauen artean, % 3,1 igo ziren Kontsumo Ondasun Ez Iraunkorren prezioak eta % 0,6 Kontsumo Ondasun Iraunkorren prezioak.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Gerardo Pérez Aja
Tel.:+34-945-01 75 06 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Industri Prezioen Indizeari (IPRI) buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Industri Prezioen Indizearen (IPRI) gaineko datu-bankua