2011-10-31ko prentsa-oharra
ENPRESA EZ-FINANTZARIOEN ONDARE-KONTUAK (EEFOK). 2009. urtea
Enpresa handienek izan zuten kapital gehien 2009. urtean
Mikroenpresek enpresa-ondarearen % 42,2 izan zuten eta enplegu osoaren % 43,6 okupatu zuten
Eustaten datuen arabera, 250 langiletik gorako enpresek izan zuten kapital gehien 2009. urtean, % 12,1eko okupazioarekin urte horretako ekonomiaren aktibo osoaren % 21,9 hartu baitzuten. Gainerakoek, langileen % 87,9arekin, aktiboen % 78,1 izan zuten. Geruza txikiena osatzen duten langile 1 eta 9 langile arteko enpresek enpresa-ondarearen % 42,2 eta langileen % 43,6 izan zuten.
Zenbatespenen arabera, gainera, Euskal AEko enpresa ez-finantzario guztiek 2009. urtean 199.183 milioi euroko ondarea izan zuten eta kopuru horren % 43,2 zerbitzuen sektorearena izan zen. Gainerako aktiboak honela banatu ziren: % 40,4 industri sektorean eta % 16,4 eraikuntza sektorean.
Euskal AEko enpresa ez-finantzarioen aktiboa eta pasiboa. 2009
Iturria: Eustat. Enpresa ez-finantzarioen ondare-kontuak (EEFOK).
Partidek balantzearen aktiboan izan duten garrantzia aztertzean hurrengo datuak lortu dira: aktibo ez-arrunta guztirakoaren % 54,7 izan zen eta aktibo arrunta, aldiz, % 45,3. Aktibo ez-arrunta osatzen duten epigrafeen barruan garrantzitsuena ibilgetu materiala izan zen, % 43,0koa izan baitzen; ondoren, taldeko enpresetan eta enpresa elkartuetan egindako inbertsioak azpimarratu behar dira, % 36,1arekin. Aktibo arruntaren barruan, gainera, bi partida nabarmendu behar dira: merkataritza-zordunak (guztirakoaren % 35,1arekin) eta izakinak (% 31,2arekin).
Balantzearen ondare garbian eta pasiboan honako parte-hartzeak eman ziren: ondare garbia (guztirakoaren % 42,0), pasibo arrunta (% 31,0) eta pasibo ez-arrunta (% 27,0). Ondare garbiaren barruan funts propioak azpimarratu behar dira, eta bertan bi partida garrantzitsu: erreserbak (% 49,9) eta kapitala (% 32,5).
Aktiboa sektoreka banatzean ikusi da industriak garrantzia izan duela Euskal AEko ekonomian. Horrela, aktiboen % 40,3 industri sektorekoa izan da, sektore honek enpleguaren % 28,1 izan baitzuen; hala ere, merkatuko zerbitzuek izan zuten ondare-ehuneko handiena (% 43,2) eta enpleguaren % 60,1. Azkenik, eraikuntza sektoreak aktiboaren % 16,5 eta enpleguaren % 11,8 izan zuen.
Eraikuntza sektoreko enpresen pasiboek izan zuten osaeran aldeak eman ziren, industri sektorekoekin eta merkatuko zerbitzuekin alderatuta. Eraikuntza sektorean % 39,2ko pasibo arrunta izan zen, epe laburrari lotuta, baina industri sektorean % 29,6koa izan zen eta merkatuko zerbitzuen sektorean % 29,2koa.
Enpresak hirugarrenen aurrean duen finantza-menpekotasuna neurtzen duen finantza-autonomiaren ratioa (ondare garbiaren eta gainerako pasiboen arteko erlazioa dela kontuan hartuta) % 72,4koa izan zen. Autonomia hori txikiagoa izan zen eraikuntza sektorean, % 46,3ko ratioa lortu baitzuen, baina handiagoa izan zen industrian eta zerbitzuetan, % 72,9koa eta % 84,4koa, hurrenez hurren.
Enpresa-aktiboen osaera sektoreka banatuz gero ere aldeak eman ziren; eraikuntza sektoreko aktibo arrunta aktibo guztiaren % 73,8 izan zen, industri sektorean aktibo hau % 40,1 izan zen eta merkatuko zerbitzuen sektorean % 39,3.
Balantzeen analisia egitean beste datu hauek atera dira: laneko kapitala (aktibo arruntaren eta pasibo arruntaren arteko aldea) positiboa izan zen, 28.451 milioi eurokoa. Beraz, epe laburrerako zorrak (epe luzera eskatzeko modukoak) unean unean kitatzeko baliabide nahiko sortu ziren. Enpresa-sektoreen arabera balantzeetan eman ziren egitura ezberdinak kontuan izanda, eraikuntza sektoreko enpresen laneko kapitala aktiboaren % 34,6 izan zen, industri sektoreko enpresena % 10,5 eta merkatuko zerbitzuen sektorean dauden enpresena % 10,1.
Oinarrizko errentagarritasun finantzarioak enpresa batek egiten duen jardunaren bidez lortutako batez besteko irabaziari buruzko informazioa ematen du, betiere haren ondare garbia eta pasibo ez-arrunta aintzat hartuta. Bada, % 3,2koa izan zen. Eraikuntza sektorean ratio hori % 1,7 izan zen eta merkatuko zerbitzuen sektorean % 4,1. Industri sektorean ratioa % 2,7 izan zen.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Patxi Garrido
Tel.: +34-945-01 75 13 Faxa: +34-945-01 75 01
Enpresa Ez-finantzarioen Ondare-kontuari (EEFOK) buruzko prentsa-ohar gehiago
Enpresa Ez-finantzarioen Ondare-kontuaren datu-bankua