2012-01-30eko prentsa-oharra
Ardi, zaldi eta ahuntz azienden herena, gutxi gorabehera, herri larreetan bazkatzen da
Belarjaleez osatutako ustiategien % 17k herri larreetan egin du larratzea
Eustaten datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko belarjaleez osatutako 10.314 ustiategien % 17k (guztira 128.333 abelburuz osatutakoak) herri larreak erabiltzen dituzte. Dena den, lurralde historikoen artean alde handiak daude: Araban ustiategi guztien % 45ek erabiltzen dute larratze mota hori; baina Bizkaian eta Gipuzkoan % 17 eta % 9 dira, hurrenez hurren.
Herri larreak batez ere ardi, ahuntz edo zaldi aziendak dituzten ustiategiek erabiltzen dituzte; ustiategi horiek, gainera, herri larreak erabiltzen ez dituztenak baino handiagoak dira, batez ere ardi eta zaldi aziendadunak. Ardi aziendaz osatutako ustiategien % 20k (hau da, abelburu guztien % 35ek) larre mota horiek erabiltzen dituzte; eta zaldi aziendaz osatutako ustiategien % 21ek erabiltzen dute larratze mota hori, guztira zaldi aziendaren % 34 barne hartuz.
Behi aziendari dagokionez, simaur erdi likidoa biltzea barne hartzen duen ukuiluko hazkuntza askean zeuden ustiategi handienak
6.037 ustiategitan zeuden abereak ukuiluetan sartuta, guztira 149.750 plazarekin; beraz, ustiategi bakoitzean batez beste ia 25 plaza daude. Araban ratio hori 54 plazaraino heltzen da, baina Gipuzkoan eta Bizkaian 20 plaza ingurukoa besterik ez da.
Simaur erdi likidoa edo minda biltzeko sistema barne hartzen duen ukuiluko hazkuntza askea dute ustiategien % 10ek, plazen % 23arekin. Ehunekorik handienak, ustiategi guztien % 69k, “Ukuiluko beste hazkuntza mota bat” dute; baina hauetako gehienak ustiategi txikiak dira. Oro har, eta behi aziendari dagokionez, hiru lurraldeetako ukuiluko hazkuntzen artean ez da alde handirik gertatzen.
Txerri azienda duten 909 ustiategietan 14.257 plaza daude, hau da, ustiategi bakoitzean batez beste 16 plaza. Txerri aziendako plazen % 43ak, ustiategi guztien % 78ak, “Beste ukuilu mota bat” dute; izan ere, mota hau ustiategi txikietan eta batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan da nagusi. Halaber, ukuilu gehienetan lurzorua burdin hesiz erabat estalita egon da (plaza guztien % 38); horrelakoak dituzte ustiategi handienek (ustiategien % 3 eta ustiategi bakoitzeko 176 plaza). Araban dago plaza kopuru handiena (plazen % 68).
Aspertsiozko ureztapena da gehien erabiltzen dena Araban; baina Bizkaian eta Gipuzkoan ureztapen mugatua erabiltzen da
Euskal AEn 7.322 ha. ureztatzen dira, hau da, belarkien laborantzak hartzen duen azaleraren % 12. Bere ezaugarri klimatologikoengatik Araban dago aipatu azaleraren zati handiena (6.371 ha.); hala ere, ustiategi kopuru handiena Bizkaian eta Gipuzkoan dago, barazkien laborantza gehiago baitago bi lurralde hauetan.
Nekazaritzako ustiategietan (% 74) gehien erabiltzen den ureztapen mota mugatua da; baina ureztatu den azalera handiena (% 75) aspertsiozko ureztapenaren bidez egin da. Araban ureztatu den azaleraren % 83an aspertsiozko ureztapena erabili da. Gipuzkoan eta Bizkaian ureztapen mugatua da nagusi, azaleraren % 52 eta % 42 ureztatu baita, hurrenez hurren, sistema horren bidez. Hain zuzen ere, lurralde hauetan grabitate bidezko ureztapena nabarmentzen da.
Ongarri organikoa aplikatzen zaio Nekazaritzako Azalera Erabilgarriaren (N.A.E.) % 18ari, eta Bizkaian eta Gipuzkoan kopuru hori % 25era heltzen da
Zentsuan sartuta dauden ustiategien % 39an ongarri organikoa erabiltzen da eta Nekazaritzako Azalera Erabilgarriaren % 18ak jaso du mota horretako ongarria. Atal honetan ere gertatzen dira lurraldeen arteko alde handiak; Araban NAEren % 11k ongarri organikoa jasotzen du eta Bizkaian eta Gipuzkoan ongarri mota hori % 25ean erabiltzen da.
Ongarri organikoaren barruan aplikatzen den motari dagokionez, simaur solidoa erabiltzen da ustiategien % 64an eta erdi likidoa % 39an. Alabaina, ongarri organiko mota bat edo bestea hartzen duen azalerari dagokionez ehunekoak berdintsuagoak dira (ongarri solidoa % 53an eta ongarri erdi likidoa % 47an). Lurraldeka eta azalera kontuan hartuta, Araban eta Bizkaian erabiltzen da gehienbat simaur solidoa; Gipuzkoan, aldiz, simaur erdi likidoa da nagusi.
Gutxieneko Laborantza eta Ereinaldi Zuzena oraindik erabiltzen dira, baina soilik belarkien laborantzaren % 6an eta % 2an, hurrenez hurren
Ohiko laborantza da lurra lantzeko gehien erabiltzen den metodoa belarkien laborantzetan, bai ustiategi kopurua bai azalera aintzat hartuta. Zehazki, belarkiak dituzten azaleren % 92an (50.007 ha.) eta ustiategien % 93an (5.653 ustiategi) erabiltzen da metodo hori; beste aldetik, gutxieneko laborantza eta ereinaldi zuzena soilik erabiltzen da % 6an eta % 2an, hurrenez hurren.
Neguko laborantzak dituen azalera belarkien laborantzarako azalera guztiaren % 63 da; horrela, gainera, lurzorua neguan ere erabiltzen dela bermatzen da
Lurzorua mantentzeko ekintzen artean, gehien erabiltzen dena neguko laborantzarena da (azaleraren % 63). Lurra neguan erabiltzeko gainerako aukeren artean (“betetzeko laborantzak edo sasoi artekoak” eta “landareen hondakinak”) datua txikia da: azaleraren % 0,7 bakarrik. Azaleraren % 36an ez da ezer egiten neguan lurzorua mantentzeko.
Ohar metodologikoa: Eragiketa hau egiten lagundu dute Euskal AEko Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.
2010eko lehenengo hiruhilekoan zehar ikertu zen gaia, Euskal AEko 2009. urteko Nekazaritzako Zentsuan ustiategien titular gisa agertzen ziren guztiei elkarrizketa eginez. Eragiketa egiteko, lehenengo aldiz koordinatuta lan egin dute Europar Batasuneko herrialde guztiek, Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 1666/2008 Araudia betez.
Datuak 2009ko nekazaritza-urteari buruzkoak dira, hau da, 2008ko urriaren 1etik 2009ko irailaren 30era bitarteko aldiari buruzkoak.
.
Batez ere ezaugarri hauek ikertu dira:
- Lurrak dituzten ustiategietan: zentsuko ureztatzeko azaleren aldagai osagarriak (NAE, azken hiru urteetako ureztatzeen batez bestekoak, ureztatzen den azalera metodoaren arabera, ureztatzeko erabiltzen den uraren jatorria eta ureztatzeko ura kudeatzeko araubidea), paisaiako elementuen mantentzea, lurraren laborantza, lurzorua mantentzeko ekintzak, ongarritzea eta horretarako teknikak.
- Abereak dituzten ustiategietan: behi eta txerri azienden eta arrautzetarako oiloen hazkuntza ukuiluetan; larreen eta instalazioen erabilera abere jatorriko ongarri naturalak biltzeko.
Informazio gehiago:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel: +34-945-01 75 00 Fax:+34-945-01 75 01 E-mail: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Mariano Gonzalez Izquierdo
Tel:+34-945-01 75 42 Fax:+34-945-01 75 01