HomeGaiakPrentsa OharrakPrentsa Oharrak Eustatek “Euskal AEko...

2012/10/09ko prentsa-oharra

EUSKAL AEKO TXOSTEN SOZIOEKONOMIKOA 2012

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Eustatek “Euskal AEko txosten sozioekonomikoa 2012” aurkezten du, euskal errealitate sozial eta ekonomikoaren sintesia

Argitalpena EHUko eta Deustuko 23 irakasle eta ikertzaile ezagunen lanaren fruitu da

Euskal estatistika erakundeak, Eustatek, Euskal AEko Txosten Sozioekonomikoa 2012 argitaratu du, zeinen helburu nagusia sintesi-lana eskaintzea baita, begirada orokor bat, euskal gizartearen azken urteetako bilakaera, garapen sozial eta ekonomikoaren maila ezagutzea ahalbidetuko diguna, baita ere alderatu ahal izatea, bai espainiar arloan, bai europarrean.

Edukia bi egunetan zehar aztertuko da, bihar, hilak 10, hasita eta 11n bukatuz, EHUko paraninfoko Bizkaia aretoan Jardunaldiak Ekonomia eta Ogasun sailburu Carlos Agirrek inauguratuko ditu eta han izango dira Eustateko zuzendari Javier Forcada, EHUko idazkari Eva Ferreira eta lanaren koordinatzaileak, Cristina Lavía eta Felipe Serrano.

Txostena -16 atal, 16 gai- sortzen Euskadiko unibertsitateetan irakaskuntzan eta ikerkuntzan ari diren 23 profesional ezagun aritu dira.

Eustateko zuzendari Javier Forcadarentzat bereziki garrantzitsua da txostena; izan ere agerian jartzen baitu Eustaten eta unibertsitate munduaren arteko lankidetza. Haren hitzetan berebiziko garrantzia du informazioa hedatzeaz gain aztertzeak, hitzaren esanahi zabalenean; “zifra handiei” balio erantsia gehituz, zer dioskuten argituz, informazioa modu gogoetatsuan antolatuz, erlazionatuz, interpretatuz.

Txostena irakurriz ageri zaizkigun ideia handien arteko zenbait azpimarratu nahi ditu Eustateko zuzendariak:

- Biztanle kopuruak lehengoan dirau; 2000tik hazkunde demografiko txikia.

- Bizi-itxaropenak eta osasun onarekiko bizi-itxaropenak haziz darraite.

- Biztanle-piramidearen oinarria estutu egiten da: 64 urte eta gehiagokoak ugaritzen eta 20 urtetik beherakoak urritzen.

- Ezkontza zibilak, gero eta gehiago; nabarmen dira nagusi.

- Familien batez besteko tamaina (2,6) txikitzen, heterogeneotasuna handitzen.

- Euskararen ezagutza goraka, biztanleen %37.

- Generoen arteko ezberdintasunak badirau, nabarmen.

- Atzerritarren -biztanleen %6,5- hazkunde-tasa apaldu egin da krisiagatik.

- Biztanleen soziabilitate-maila handia da; sare sozial primarioak zabalak eta oso homogeneoak dira eta eta sare sekundarioak ez dira oso aktiboak.

- Hezkuntza-sistemak ekitatea sustatzen du, birbanaketa mekanismoak sendotuz.

- 2008ra arte iritsi zen ekonomiaren hazkunde-aldia; egun krisian gaude. Gure ekonomiak Espainiakoak baino hobeto eutsi dio; baita beste zenbait atzeraldi-egoerak baino hobeto ere. Arrazoiak: eraikuntzak ez du horrenbesteko pisurik; industriarena, berriz, handiagoa da; kanpora begira irekiagoak gara eta I+G+bn eginiko inbertsioa iraunkorra eta goranzkoa da.

- Langabezi maila hazi egin da 2008tik, eta egun 27-EBko mailetan gabiltza; Espainiakoa bi aldiz handiagoa da.

Arlo soziodemografikoaren sintesia

Argitalpenaren arlo soziodemografikoaren koordinatzaile Cristina Lavía-ren ustez hauek dira puntu nagusiak:

Biztanle-kopurua 2 milioiren inguruan (2010ean 2.169.000) egonkortu da; bizi-itxaropena handienetakoa da (85 urte emakumeena, ia 78 gizonena) eta egitura demografikoan 64 urte baino zaharragoak (%19) gehiago dira 21etik beherakoak (%17) baino.

Azken urteetan bizkortu egin dira jaiotza-tasa eta ugalkortasuna, hain zuzen ere oraingo erronketako batekin oso loturik: atzerriko inmigrazioaren ondorioak; atzerritarrak %6,5 dira, ia 142.000 pertsona. Giza talde honen osaketan badira unean uneko aldaketak baina nagusi segitzen du emakume latinoamerikarrak, zeinak diren Euskal AEn bizi diren atzerritarren ia laurdena. Oro har Euskal AEn geratzeko asmoa dute: epe luzera atzerritarren %73,4k.

Egiturazko beste osagai bat biztanleriaren osasun-egoeraren hobekuntza da. Hilkortasuna %21-22 (generoaren arabera) gutxitu da azken 10 urteetan. Zentzu zabalean, hobera egin du euskal biztanleen bizi-kalitateak: 2004-2008 bitartean oinarrizko gastuei aurre egin ezinik zeuden familiak %5,3tik %2,8ra gutxitu dira. Bada, halere krisi-sintomarik: Familien %42k uste du haien ekonomiak okerrera egin duela, eta %27k dio zuzenean egoera txarrean daudela.

Euskararen ezagutzak etengabe haziz darrai: 2 urte eta gehiagokoen %37,4 euskaraz komunikatzeko gai dira (euskaldunak); baina euskara seme-alabei ama-hizkuntza gisa transmititzen dietenak biztanleen laurdena besterik ez dira. Bada, aurreko txostenetan bezala, alderik lurraldeen artean: euskaldunak %24 dira Araban, %31,3 Bizkaian eta %52,9 Gipuzkoan.

Datuek garbi erakusten dute hezkuntza-sistemaren eragina gizartearen euskalduntzean: 2010/2011 ikasturtean araubide orokorreko ikasleen %60 –unibertsitatekoak aparte- D ereduan ari ziren.

Txostenean ageri dira zenbait genero-ezberdintasun nabarmen: emakumeen kontrako bortxakeria (4.285 biktimizazio Euskal AEn 2010ean); batez besteko errenta-aldea, 11.000 euro emakumeen kalterako (2006); jarduera-tasan ehuneko 15 puntu emakumeen kalterako (2011); etxeko lanetan, egun bateko batez besteko dedikazio-denbora ordubete eta 19 minutu gizonentzat eta 3 ordu eta 25 minutu emakumeentzat (2008).

Euskal biztanleen soziabilitate-maila handia da, familiak segitzen du izaten erreferentzia nagusia gizarte-elkarreragiketetan eta bizi-ohituretan: %96k badu harremanik familiarekin, sendoak %88rentzat. Batez besteko sarea 22 pertsona dira (senideak eta lagunak, sare zabala); dozena bat gertuko sarea dira.

Ordea, kapital sozialaren adierazpidea parte-hartze zibiko, sozial eta politikoan oso baxua da (1-10 eskalan 2ren azpitik batez beste). Biztanleen instituzioekiko konfiantza ez da handia (4,66); pertsonak, oro har zoriontsu bizi dira (7,07), gertuko harreman-sarea zenbat eta handiagoa orduan eta hobeto.

Arlo ekonomikoaren sintesia

Arlo ekonomikoaren koordinatzaile Felipe Serranoren sintesiaren puntu nagusiak:

Pasa den hamarkadan Euskal AEko ekonomiaren hazkundea sendo eta iraunkorra izan zen; 2009ko finantza-krisiarekin eta ondoko krisi ekonomikoarekin agortu zen. Azken urte horretan hazkundea negatiboa izan zen, 3,9 puntuz. Aurreko hazkunde negatiboa 1993an izan zen; orduan ez bezala, 2009an hasitako atzeratze ekonomikoan murgilduta jarraitzen dugu.

Lan-merkatura etorrita eta larogeita hamarreko atzeraldikoa eta oraingo egoera alderatuz, langabezia-tasa ez da orduko tamainan eta Euskal AEko langabezia urrun dago Espainiakotik. Larogeita hamarreko gogorrenean langabezia biztanle aktiboen %25 zen bai Espanian, bai Euskadin; egun %24tik gora Espainian eta %12 Euskadin.

Euskal AEn jarduera-tasaren hazkunde-erritmoa motelagoa izan da Espainiako gainerakoan baino. 2011n, %55,4 Euskadin eta %59,48 Espainian. Horrek agerian uzten du biztanleen zahartzea areagokoa dela Euskadin eta migrazio-fluxuak ez direla konpentsatzeko adinakoak izan.

2010ean industria Euskal AEko BPGren %24,5 zen Euskadin eta Espainiaren osotasunean %14,8. Eraikuntzaren pisua BPGren %9,3 zen Espainian 2000.ean eta %12,5 2010.ean. Euskal AEn %6,7 eta %7,8. Higiezinen burbuilaren leherketaren ondorioak enpleguaren gainean oso bestelakoak izan dira, beraz. Espainian enplegu-suntsiketa eraikuntzan %50 izan da 2011ko hirugarren hiruhilekora arte; Euskadin %20.

Euskal AEn enplegu suntsiketa industrian nabarmen txikiagoa izan da. 2007ko laugarren hiruhilekotik 2011ko hirugarrenera sektore horretan ari zirenen %10,2 galdu da Euskadin eta %21,4 Espainiaren osotasunean.

Industriaren enplegu-bilakaera hobea euskal enpresen lehengo hamarkadako esportatzeko ahaleginari zor zaio neurri batean. 2008an euskal esportazioak BPGren %30 ziren; %18 Espainiaren gainerakoan. Esportatzeko ahalegina faktore ugariren fruitu da. Besteren artean eta bereziki, euskal industriak eginiko egokitzeko eta berritzeko ahaleginena.

Informazio gehiago:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus Harremanetarako pertsona: Manu Riveiros Tel.: +34-945-01 75 62 Faxa: +34-945-01 75 01

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Eustatek “Euskal AEko txosten sozioekonomikoa 2012” aurkezten du, euskal errealitate sozial eta ekonomikoaren sintesia

Eragiketa : 
Txosten sozioekonomikoa
Eragiketa kodea : 
990900
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2012/10/09
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0009778_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Estatistika taulak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Txostenak

Mikrodatuak

Metadatuak

Metodologia eta Kalitatea

Definizioak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali