2012/10/29ko prentsa oharra
Mikroenpresek EAEko enplegu osoaren % 43 izan zuten 2010ean, eta enpresa-ondarearen % 41
Enpresa ez-finantzarioen aktiboen % 44 merkatuko zerbitzu sektoreari dagokie
Eustaten datuen arabera, enpresa-ondarea enplegu-mailaka sailkatuz gero, mikroenpresek (1-9 langile) enpleguaren % 40,7 izan zuten, langileen % 43,0 okupatuz. Bestetik, enpresa txikiek (10-49 langile) langileen % 25,0 okupatu zuten, eta aktiboen % 21,2 izan zuten. Enpresa ertainek (50-249 langile) langileen % 19,9 okupatu zuten, ondarearen % 20,1, alegia. Azkenik, enpresa handiek okupazioaren % 12,1 izan zuten, ekonomiaren aktibo osoaren % 18,0 lortuz.
EAEko enpresa ez-finantzario guztiek 204.185 milioi euroko ondarea izan zuten, 2009an baino % 2,5 gehiago, eta kopuru horren % 44,1 merkatuko zerbitzuen sektorearena izan zen. Gainerako aktiboak honela banatu ziren: % 40,5 industri sektorean eta % 15,4 eraikuntza sektorean.
Partidek Balantzearen aktiboan izan duten garrantzia aztertzean hurrengo datuak lortu dira: Aktibo ez-arrunta guztirakoaren % 55,1 izan zen eta Aktibo arrunta, aldiz, % 44,9. Aktibo ez-arrunta osatzen duten epigrafeen barruan garrantzitsuena ibilgetu materiala izan zen, %43,7koa izan baitzen; ondoren, taldeko enpresetan eta enpresa elkartuetan egindako inbertsioak azpimarratu behar dira, % 34,8rekin. Aktibo arruntaren barruan, gainera, bi partida nabarmendu behar dira: Merkataritza-zordunak (guztirakoaren % 35,3), eta Izakinak (% 29,9).
Balantzearen ondare garbian eta pasiboan honako parte-hartzeak eman ziren: Ondare garbia (guztirakoaren % 43,6), Pasibo arrunta (% 30,6) eta Pasibo ez-arrunta (%25,8). Ondare garbiaren barruan Funts propioak azpimarratu behar dira, eta bertan bi partida garrantzitsu: Erreserbak (% 46,9) eta Kapitala (% 31,2).
Ondare-epigrafe nagusienen urte arteko aldaerei dagokienez, azpimarratu behar da aktibo ez-arrunta zein arrunta hazi egin zirela % 3,1 eta % 1,8, hurrenez hurren. Bestetik, Ondare garbiak eta Pasibo Arruntak ere gora egin zuten, % 6,3 eta % 1,3, hurrenenez hurren, baina Pasibo ez arruntak % 1,9 behera egin zuen.
Eraikuntza sektoreko enpresen pasiboek izan zuten osaeran aldeak eman ziren, industri sektorearekoekin eta merkatuko zerbitzuekin alderatuta. Eraikuntza sektorean % 36,5 pasibo arrunta izan zen, epe laburrari lotuta, baina industri sektorean % 30,9koa izan zen, eta merkatuko zerbitzuen sektorean % 28,3koa.
Enpresak hirugarrenen aurrean duen finantza-menpekotasuna neurtzen duen finantza-autonomiaren ratioa (ondare garbiaren eta gainerako pasiboen arteko erlazioa dela kontuan hartuta) % 77,1ekoa izan zen, 2009an baino 4,7 puntu altuagoa. Autonomia hori txikiagoa izan zen eraikuntza sektorean, % 53,0ko ratioa lortu baitzuen, baina handiagoa izan zen industrian eta zerbitzuetan, % 77,1ekoa eta % 86,9koa hurrenenez hurren.
Enpresa-aktiboen osaera sektoreka banatuz gero ere aldeak eman ziren; eraikuntza sektoreko aktibo arrunta aktibo guztiaren % 69,3 izan zen, industri sektorean aktiboa % 42,0 izan zen eta merkatuko zerbitzuen sektorean % 39,2.
Aktiboaren eta pasiboaren osaeraren arteko alde horiek sektorekako ratioetan ere islatzen dira. Aldaera horiek Trinkotasunaren ratioan (enpresek hartzekodunekiko eskaintzen duten bermea epe luzera) ere ikus daitezke; izan ere, eraikuntza sektoreko trinkotasunaren ratioa % 104,4koa izan zen, % 241,4koa merkatuko zerbitzu sektorekoa eta % 228,4ko industri sektorekoa.
Balantzeak aztertuz gero, Maniobra-funtsa (aktibo zirkulatzailearen eta Pasibo zirkulatzailearen arteko aldea) positiboa izan zen, 29.427 milioi eurokoa (2009an baino % 2,8 altuagoa). Bertaz, epe laburrerako zorrak (epe luzera galdagarriak) unean-unean kitatzeko baliabide nahiko sortu ziren. Enpresa-sektoreen arabera balantzeetan eman ziren egitura ezberdinak kontuan izanda, eraikuntza sektoreko enpresen laneko kapitala aktiboaren % 32,8 izan zen, industri sektoreko enpresena % 11,1 eta merkatuko zerbitzuen sektorean dauden enpresena % 10,9.
Oinarrizko errentagarritasun finantzarioak enpresa batek eginte duen jardunaren bidez lortutako batez besteko irabaziari buruzko informazioa ematen du, betiere haren ondare garbia eta pasibo ez-arrunta aintzat hartuta. Bada, % 3,1ekoa izan zen, aurreko urtekoaren oso antzekoa (% 3,2). Eraikuntza sektorean ratio hoi % 1,7 izan zen eta merkatuko zerbitzuen sektorean % 3,8. Industri sektorean ratioa % 2,9 izan zen.
Sektorekako analisia sakon aztertuz gero, industriaren eta energiaren sektoreak enpresa-ondarearen % 40,5 hartu zuela ikus daiteke, enpleguaren % 27,9 okupatuz. Bestetik, Merkataritza, Ostalaritza eta Garraio sektoreak enpleguaren % 29,5 izan zuen eta aktiboaren % 18,9. Jarduera higiezinek enpleguaren % 0,9 zuten, enpresa aberastasunaren % 7,3. Azkenik, Hezkuntza eta Osasun arloko jarduerek okupatutako langileen % 8,6 izan zuten eta aktiboaren % 2,0.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Patxi Garrido
Tel.: +34-945-01 75 13 Faxa: +34-945-01 75 01
Enpresa Ez-finantzarioen Ondare-kontuari (EEFOK) buruzko prentsa-ohar gehiago
Enpresa Ez-finantzarioen Ondare-kontuaren datu-bankua