2013/03/07ko prentsa-oharra
EMAKUMEAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2013
Euskal emakumeen jarduera-tasa gizonenaren oso azpitik dago
Eustatek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko atal batean adierazle ugari ipini ditu, hamabi gai-arlotan multzokatuta
Eustaten webeko “Emakume eta gizonen berdintasuna” atalean Euskal AEko emakumeen egoera ekonomiko eta soziala generoaren ikuspegitik erakutsi nahi duten zenbait adierazle biltzen dira, taula-multzo zabal batean bilduak.
Eustaten eta Emakunderen arteko lankidetzaren fruitu da, helburu nagusia delarik Euskal AEko generoari buruzko estatistika informazioa bistaratzea, gai honi buruzko zenbait politika ebaluatzea errazte aldera.
Estatistika atal honen planteamendua osatuenetakoa da lurralde zehatz bateko genero-informaziorako irisgarritasunaz. Atala hamabi gai-arlotan antolatu da: Biztanleria, lana, diru-sarrerak, osasuna, hezkuntza eta euskara, kultura, gazteria eta kirola, gizarte inklusioa, ohitura sozialak, justizia eta emakumeen kontrako biolentzia, hauteskundeak, ingurumena eta babes soziala.
Lan produktiboa
Esaterako, Emakume eta gizonen berdintasunaren atalean bereiztu egiten dira lan produktiboa eta erreproduktiboa. Lan produktiboari buruzko azpi-atalean zenbait taulatan jasotzen dira jarduera-, langabezia- eta okupazio-tasak, eta 27EBko estatuekin alderatzea ahalbidetzen duten hainbat datu interesgarri.
16 urte eta gehiagoko biztanleen jarduera- eta langabezia-tasetan ikusten da alde handia dagoela gizonen eta emakumeen tasen artean. Jarduera-tasa, 2012ko urteko batez bestekoa %61,1 zen gizonentzat eta %49,1 emakumeentzat. Langabezia, urte bereko batez bestekoan, %12,5 zen gizonentzat eta %11,7 emakumeentzat.
16-74 urte bitarteko Euskal AEko emakumeen langabezi tasa %11,6 da, Espainiakoaren (%25,4) oso azpitik, baina 27-EBko estatuetakoaren (%10,5) gainetik, 2012an.
Okupazio-tasa hobetuz joan da poliki denboran zehar. Emakumeena %49,4 zen 2002an, eta %58,4 2012an. 2011ko datuek erakusten digute 27-EBn emakumeen okupazio-tasa %58,5 zela, %59,4 Euskal AEn eta dezente gutxiago (%52,0) Espainian.
Atal horretan ere agertzen dira emakumeen 2011ko iraupen luzeko langabeziaren datuak: Euskal AEn %4,1, 27-EBko batez bestekoa bezalaxe, Espainiakoa %9,5 delarik.
Lan erreproduktiboa
Beste azpiatalean, lan erreproduktiboan, beste zenbait gairen artean etxeko lanari heltzen zaio: parte-hartzaile bakoitzaren batez besteko denbora lan bakoitzean. Otorduak prestatzeko (orduak eta minutuak): emakumeek 1:31, gizonek 0,38. Garbiketa: emakumeek 1:10, gizonek 0:49. Arropa: emakumeek 0:53, gizonek 0,27. Erosketak: emakumeek 0:52, gizonek 0:44.
16 urte baino gehiagoko emakumeen %93,4 otorduak prestatzen aritzen da; %72,9 garbiketan; arroparekin %43,4; %46,2 erosketetan. Gizonen arteko portzentajeak: %76,3, %24,5, %11,5, %29,5. Beraz, lehen aipatu aldeak areagotu egiten dira.
Haurrak zaintzen, emakumeek 2:00, gizonek 1:19. Helduak zaintzen, emakumeek 2:15, gizonek 1:58.
Hemen ere bada alderik parte hartzean: haurrak zaintzen emakumeen %20 aritzen da eta gizonen %13,9. Helduak zaintzen %5,2 eta %2,5.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek. eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Manu Riveiros
Tel:+34-945-01 75 62 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus