Prentsa-oharra 2013/08/28
Euskal AEko esportazioak % 9,3 ugaritu dira 2013ko bigarren hiruhilekoan
Inportazioek, berriz, % 2,7ko hazkunde nominala izan dute denbora-tarte berean
Euskal AEko esportazioak 5.609 milioi euro izan ziren 2013ko bigarren hiruhilekoan, EUSTATek prestatu dituen datuen arabera. Kopuru horrek erakusten duenez, esportazioek % 9,3ko hazkundea izan dute, 2012ko denbora-tarte berean kontabilizatutakoen aldean.
Inportazioek, bestalde, % 2,7ko hazkundea izan dute 2012ko denbora-tarte bereko datuekin alderatuta, eta 3.854 milioi euroko balioa erregistratu dute. Nolanahi ere, produktu ez-energetikoak bakarrik kontuan hartzen baditugu, % 3,3ko beherakada nabarmentzen da.
Datu horietan ikusten denez, merkataritza-saldoa positiboa izan da: 1.755 milioi eurokoa. Era berean, esportazioek inportazioen gainean izan duten estaldura-tasa % 145,5 izan da. Jatorri energetikoko produktuak albo batera uzten baditugu, merkataritza ez-energetikoko saldoak 2.525 milioi euroko superabita izan du; hau da, 2012ko bigarren hiruhilekoan erregistratutakoa baino 317 milioi euro gehiago. Estaldura ez-energetikoaren tasa lehen % 184 zen; orain, berriz, % 199,3.
Europar Batasunera egindako esportazioak % 3,9 ugaritu dira 2012ko denbora-tarte berarekin alderatuta. Horien artean, nabarmentzekoa da honako herrialde hauekin izandako hazkundea: Herbehereak (% 20,2), Frantzia (% 14,8), Italia (% 5,7) eta Portugal (% 4,7). Belgikara (- % 20) eta Erresuma Batura (- % 5,3) esportazioak urritu egin dira, eta Alemaniara egindakoek ez dute aldaketarik izan. EB27tik kanpora, nabarmentzekoa da honako herrialde hauetara egindako esportazioen hazkundea: Estatu Batuak (% 30,3), Brasil (% 11,3) eta Txina (% 8,3). Mexikora egindakoak, berriz, murriztu egin dira (- % 25,8).
Europar Batasunetik etorritako inportazioak % 4,5 murriztu ziren. Horren arrazoia honako herrialde hauetatik inportazioak gutxitu izana: Herbehereak (-% 49,1), Belgika (-% 21,6) eta Italia (- % 12,4). Nolanahi ere, herrialde hauetako inportazioak handitu egin ziren: Erresuma Batua (% 15,9), Portugal (% 8,4), Alemania (% 3,9) eta Frantzia (% 1,1). Munduko gainerako herrialdeetatik, honako hazkunde hauek nabarmentzen dira: Errusia (% 73,4) eta Norvegia (% 104,5). Baina baita jatorri hauetakoen murrizketa ere: Estatu Batuak (- % 12,6), Txina (- % 6,7) eta Mexiko (- % 3,1).
Muga-zergak aztertuta eta esportazioekin loturik, nabarmendu beharra dago sail garrantzitsuenek izandako portaera ona. Izan ere, zazpi garrantzitsuenek hazkunde esanguratsua izan dute. Metalak eta manufakturek % 2,5eko hazkundea izan dute, Garraiorako materialak % 4,9koa eta Material elektrikoak % 13,9koa (EAEko hiru sail garrantzitsuenak aipatzearren).
Euskal Autonomia Erkidegoko kanpo-merkataritzak portaera desberdina izan du lurralde historiko bakoitzean urteko bigarren hiruhilekoan. Bizkaian % 31,6ko hazkundea izan zuen; Araban eta Gipuzkoan, berriz, tasa negatiboak izan dira (% 2,9 eta % 4,4, hurrenez hurren). Produktu mineralen eta energetikoen esportazioen hazkundeak (% 84,8) eta Garraiorako materialenak (% 157,6) nabarmen lagundu dute Bizkaiko esportazioen hazkundean. Garraiorako materialak izan dira, hain zuzen, Arabako beherakadaren arrazoi garrantzitsuena: % 17,2ko murrizketa. Gipuzkoaren kasuan ere, Garraiorako materialen beherakadak eragin du gehien esportazioen atzerakadan (- % 36,6). Inportazioei erreparatzen badiegu, Bizkaiak % 6,7ko hazkundea izan zuen; Araban eta Gipuzkoan, berriz, tasa negatiboak izan dira (% 7,2 eta % 0,3, hurrenez hurren).
Lehen seihilekoan, esportazioak % 2,5 ugaritu ziren, eta esportazioak, berriz, % 2,9
2013ko lehenengo sei hilabeteak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak 10.388 milioi euro izan ziren; hau da, 2012ko lehen seihilekoan baino % 2,5 gehiago. Bestalde, inportazioek 7.749 milioi euro metatu zituzten: % 2,9ko hazkundea.
Urteko lehen sei hilabeteetako transakzioen guztizko bolumena (esportazioak + inportazioak) 18.137 milioi euro izan zen; 2012ko lehen seihilekokoa, berriz, 17.660 milioi euro. Aurreko urtearekin alderatuta, % 2,7ko hazkundea, hortaz.
Urteko lehen seihilekoan, kanpo-saldoak superabita izan zuen: 2.640 milioi euroko merkataritza-emaitza positiboa, iazko garai berean baino 37 milioi euro gehiago. Kanpo-saldo ez-energetikoa ere hobetu egin zen: 4.565 milioi euro lortu zituen (% 6,4ko hazkundea). Esportazioek inportazioen gainean izandako estaldura osoaren tasa % 134,6 izatetik % 134,1 izatera igaro zen 2013an. Produktu ez-energetikoetarako estaldura-tasa % 182,4 izan zen 2012ko lehen seihilekoan, eta 2013ko seihileko berean, berriz, % 192,6.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Kanpo merkataritzaren estatistiken gaineko prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Kanpo merkataritzaren estatistiken gaineko datu-bankua