Prentsa-oharra 2014/08/29
Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak
% 0,6 jaitsi ziren 2014ko bigarren hiruhilekoan
Nolanahi ere, esportazioak % 5,4 igo dira 2014ko lehen seihilekoan
Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioek % 0,6ko jaitsiera nominala izan dute 2014ko bigarren hiruhilekoan, EUSTATen datuen arabera. Haien guztizkoa 5.576 milioi eurokoa izan zen, aurreko urteko 5.609 milioi euroren aldean. Produktu ez-energetikoek are jaitsiera handiagoa izan dute (% 3,6).
Inportazioek % 10,2ko hazkunde nominala izan dute aurtengo bigarren hiruhilekoan; 4.246 milioi eurokoak izan dira. Inportazio ez-energetikoei dagokienez, % 0,1eko jaitsiera izan dute aldi horretan; 2.587 milioi izan dira guztira.
Datu horietan ikusten denez, merkataritza-saldoa positiboa izan da: 1.330 milioi euroko superabita. Era berean, esportazioek inportazioen gainean izan duten estaldura-tasa % 131,3 izan da. Jatorri energetikoko produktuak albo batera uzten baditugu, merkataritza ez-energetikoko saldoak 2.311 milioi euroko superabita izan du; hau da, 2013ko bigarren hiruhilekoan erregistratutakoa baino 182 milioi euro gutxiago. Estaldura ez-energetikoaren tasa 2013an % 196,3 zen; 2014an, berriz, % 189,3.
Europar Batasunerako esportazioek % 3,6ko hazkundea izan dute 2014ko aldi beraren aldean; esportazio guztien % 62 dira. Europako bi bezero nagusietarako esportazioek (Frantzia eta Alemania) % 7,8 eta % 1,6ko jaitsierak, hurrenez hurren, izan badituzte ere, urtetik urterako igoerak izan dituzte Erresuma Batura (% 11,1), Italiara (% 4,9), Herbehereetara (% 76,2), Portugalera (% 1,1) edo Belgikarako (% 8,8) esportazioek, besteak beste. EB-28tik kanpo, esanguratsuak dira AEBetara (% 19,3), Txinara (% 54,6), Aljeriara (% 64,4) eta Marokora (% 36,0) egindako esportazioen hazkundeak; behera egin dute, ordea, Brasilera (% 20,1) eta Mexikora (% 12,6) egindakoek.
Europar Batasunetik etorritako inportazioak % 13,5 gehiago izan ziren, gehienbat Letoniatik eta Estoniatik etorritako inportazio energetikoen hazkundeagatik. Energien eragina alde batera utzita, EB-28ko inportazioek % 0,6ko hazkundea izan dute. Horietan Herbehereetatik (% 19,2) eta Italiatik (% 11,6) etorritakoak nabarmentzen dira beren bolumen eta hazkundeagatik. Alemaniatik (% 3,0) eta Italiatik (% 0,2) etorritakoek behera egin dute, ordea. EB-28tik kanpo Txinatik etorritako inportazioen hazkundea nabarmentzen da (% 6,5). Hazkunde esanguratsuak ere badituzte Irak, Aljeria, Angola eta Nigeriatik etorritakoek, baina izaera energetikoa dute gehienbat.
Muga-zergen atalei dagokienez, Mea-produktuen (% 28,3) eta Metalen eta metal-manufakturen (% 9,4) atalen esportazioen hazkundeak nabarmentzen dira, baita Garraiorako materialaren (% 18,3) eta Material elektrikoaren (% 2,7) jaitsierak ere. Lau atal horiek hartzen dute hiruhilekoaren esportazio guztien % 79.
Inportazioak aztertuz gero, Mea-produktuen hazkundea nabarmentzen da (% 30,5), inportazioen % 40 baitira. Garraiorako materialaren (% 10,5) eta Metalen eta metal-manufakturen (% 2,0) hazkundea ere nabarmentzen da. Jaitsieren artean Material elektrikoa (% 5,5) eta Plastikoak eta kautxua (% 11,7) nabarmentzen dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko kanpo-merkataritzak portaera desberdina izan du, esportazioei dagokienez, lurralde historiko bakoitzean urteko bigarren hiruhilekoan. Gipuzkoan % 4,9ko hazkundea izan zuten; Araban eta Bizkaian, berriz, tasa negatiboak izan dira (% 2,0 eta % 3,5, hurrenez hurren). Garraiorako materialen esportazioen hazkundeak (% 16,9) nabarmen lagundu du Gipuzkoako esportazioen hazkundean. Araban, baina, Metalen eta metal-manufakturen hazkundeak (% 12,4) ezin izan ditu berdindu Material elektrikoa (% 23,4) eta Koipeak eta olioak (% 46,9) atalen jaitsierak. Bizkaian Garraiorako materiala ataleko esportazioen jaitsierak (% 55,9) faktore erabakigarria izan da esportazioen jaitsieran, eta Mea-produktuak (% 28,3) eta Metalak eta metal-manufakturak (% 12,3) atalen hazkundeek ezin izan dute jaitsiera hori berdindu. Inportazioei dagokienez, Bizkaiak eta Gipuzkoak % 16,3 eta % 5,6ko hazkundeak izan zituzten, hurrenez hurren, eta Arabak, berriz, % 7,6ko tasa negatiboa.
Lehen seihilekoan, esportazioak % 5,4 ugaritu ziren, eta inportazioak, berriz, % 10,5
2014ko lehenengo sei hilabeteak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak 10.948 milioi euro izan ziren; hau da, 2013ko lehen seihilekoan baino % 5,4 gehiago. Bestalde, inportazioek 8.563 milioi euro metatu zituzten: % 10,5eko hazkundea.
Urteko lehen sei hilabeteetako transakzioen guztizko bolumena (esportazioak + inportazioak) 19.511 milioi euro izan zen; 2013ko lehen seihilekokoa, berriz, 18.137 milioi euro. Aurreko urtearekin alderatuta, % 7,6ko hazkundea, hortaz.
Urteko lehen seihilekoan, kanpo-saldoak superabita izan zuen: 2.385 milioi euroko merkataritza-emaitza positiboa, iazko garai berean baino 255 milioi euro gutxiago. Kanpo-saldo ez-energetikoa 4.349 milioi euro izan zen (% 3,0ko jaitsiera). Esportazioek inportazioen gainean izandako estaldura osoaren tasa % 134,1 izatetik % 127,9 izatera igaro zen 2014an. Produktu ez-energetikoetarako estaldura-tasa % 183,5 izan zen 2014ko lehen seihilekoan, eta 2013ko seihileko berean, berriz, % 189,1.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 017 562
Euskal Autonomia Erkidegoko kanpo-merkataritzako estatistikei buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal Autonomia Erkidegoko kanpo-merkataritzako estatistikei buruzko datu-bankuak