Prentsa Oharra 2015/06/12
ZERBITZU KARTAREN ZIURTAGIRIA
AENORek haren zerbitzuen kartari emandako ziurtagiria berritu du Eustatek
Ematen diren zerbitzuak, erabiltzaileen eskubideak eta kalitatea hobetzeko konpromisoak jaso dira kartan
Euskal Estatistika Erakundeak berritu berri du AENORek haren zerbitzuen kartari 2009tik eman dion ziurtagiria. Eustatek eskaintzen dituen zerbitzuak, Eustatekin harremana duten erabiltzaileen eskubideak, eta kalitate handiagoko kudeaketa lortzeko Eustatek hartutako konpromisoak deskribatzen dira kartan. Orobat jaso dira konpromiso horietako bakoitzeko betetze-maila neurtzeko adierazleak.
Erabateko Kalitatean eta Bikaintasunean oinarritutako kudeaketa-eredu baten ezarpenean sartzekoa da zerbitzuen karta. Eredu hori, Eustatek bere erakundean ezarri zuen, euskal gizarteari eskaintzen dizkion produktu eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz.
Zerbitzu-kartan jasotako eskubideak bereziki garrantzitsuak dira Eustatentzat. Horien artean, estatistikako informazio-eskaeretan EAEko bi hizkuntza ofizialetan modu efikazean artatua izateko eskubidea; eskatutako zerbitzuen kostuari buruzko informazioa jasotzekoa; egindako kexa, iradokizun eta erreklamazioen erantzuna jasotzekoa (eskuragarri daude erreklamazio orriak), datuak xede estatistikoarekin –eta soilik estatistikoarekin– bilduak eta tratatuak izateko eskubidea, eta jarduera estatistikoa haren zehaztasuna zientifikoki bermatuko duten metodologiekin gauzatzekoa.
Zehazki, Eustatek emandako zerbitzuen artean, hauek ziurtatu ditu AENORek: webguneko jendarteratze-zerbitzuak, informazio-zerbitzuak eta kexa eta iradokizunen zerbitzua.
2014ko hainbat zifrak haren garrantziaren berri ematen dute. Hala, Eustateko webguneak milioi-erditik gora bisita jaso zituen (524.074) eta 2.623.837 orrialde ikusi ziren; informazio-zerbitzuak, bestalde, 1.015 kontsulta azkar jaso zituen (% 37,2 KPIari buruzkoak) eta neurrirako 197 eskaera; eta 56 kexa eta iradokizun erregistratu ziren.
Web-zerbitzariak etengabe eguneratutako informazioa eskaintzen du; gehien bat, Estatistika-plan eta -programetako eragiketa estatistikoen emaitzetatik dator. Datu-bankuari dagokionez, estatistika-datuen sortak gordetzen ditu eta Eustateko webgunetik sartu daiteke hara. Eustatek zerbitzuari dagokionez hartutako konpromisoen artean dago, halaber, gutxienez Eustaten ardurapeko eragiketa estatistikoen % 80 jendarteratzea webgunean, Urteko Estatistika Programan ezarritako datetan.
Bestalde, Eustaten informazio-zerbitzuak zuzenean erantzuten die erabiltzaileen informazio estatistikoen premiei, «kontsulta azkar» zerbitzuaren bitartez (telefonoz, faxez, postaz nahiz posta elektronikoz), bai eta neurrirako estatistika-informazioko eskaerei ere. Alor horretan, Eustatek hartutako konpromisoa hau da: kontsulta azkarren % 95 erantzutea 5 egun baliodunen gehieneko epean, eta, gutxienez, neurrirako estatistika-informazioko eskaeren % 80ri ematea erantzuna 10 egun baliodunen gehieneko epean.
Orobat, Eustatek erabiltzaileen gogobetetze-maila ezagutzeko inkesta bat egiten du bi urtean behin, bere zerbitzuei buruzko pertzepzioa ezagutzearren. Ildo horretan sartzekoa da kexa eta iradokizunen zerbitzua, zeinak aukera ematen baitu Eustatek eskainitako zerbitzuen inguruko zernahi kexa eta iradokizun adierazteko. Eustaten konpromisoa hau da: jasotako «kexa eta iradokizun»en % 100 erantzutea hamar egun baliodunen gehieneko epean.
Eustatek bere zerbitzu-kartan jaso ditu AENORek ziurtatuko beste zenbait zerbitzu ere: hain zuzen, Laguntza Tekniko Metodologikoko Zerbitzua eta Prestakuntzakoa, dagozkien konpromiso eta adierazleekin bakoitza.
For further information:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Press Service: servicioprensa@eustat.eus Tel: 945 01 75 62