2015/07/31ko prentsa-oharra
Euskal AEKo Administrazio Publikoen ez-finantzetako baliabideak %0,1 gutxitu ziren 2013an
Defizita aurreko urtekoa baino %5,7 txikiagoa
Euskal AEn ari diren Administrazio Publikoen (Euskal Administrazioak, Estatuaren Administrazio Lurralderatua, Gizarte Segurantza Lurralderatua) multzo sendotuak kudeatutako ez-finantzetako baliabideen kopurua 23.820 milioi izan ziren 2013an, 2012an baino %0,1 gutxiago, Eustaten arabera.
Ez-finantzetako baliabideetara gehien ekartzen duten sailak Gizarte kotizazioak (%33,3) dira; ondoren Ekoizpen eta inportazio zergak (%28,9), eta Errenta eta ondare zergak (%25,7). Gizarte kotizazioak %0,9 murriztu ziren 2012aren aldean, Errenta zergak %4,4; Ekoizpen eta inportazio zergak %4,1 gehitu.
Ez-finantzetako enpleguak %0,5 gutxitu ziren 2013an aurreko urtearen aldean; pisu handienekoa, Gizarte kotizazioak (pentsio-gastua eta gizarte laguntzako beste prestazio batzuk), enplegu guztien %41,1 2013an, %3,2 gehitu zen 2012aren aldean. Soldatakoen ordainketa gehi Bitarteko kontsumoa (enpleguen %38,2) %0,6 gutxitu zen. Garrantzian hurreneko bi sailak: Gauzazko gizarte transferentziak, alegia merkatuan erositako ekoizpena, kontzertu-gastua barne (guztiaren %,7,6, %-3,5 2012aren aldean), eta Kapital Eraketa Gordina (%6,1, %-14,2).
Ez-finantzetako Baliabide eta Enpleguen arteko saldoak 1.857 milioiko finantzazio-beharra ekarri zuen 2013an, 2012an baino %5,7 gutxiago.
Euskal AEko Administrazio Publikoen finantzazio-beharra BPGren %-2,8 izan zen 2013an, ehuneko 0,1 puntu gutxiago 2012an baino, murriztuz inguruko nazioetan bezalaxe.
Erakundeak aztertuz, Estatuaren Administrazio Lurralderatuak 744 milioiko superabita izan zuen 2013an eta Gizarte Segurantza Lurralderatuak 2.062eko defizita.
Euskal Administrazioetan finantzazio-beharra 538 milioi izan zen 2013an, 2012an (1.033) baino 495 milioi gutxiago. Eusko Jaurlaritza diren erakundeen finantzazio beharra 2012ko 938 milioietatik 2013ko 751tara gutxitu zen. Arabako foru eta udal administrazioetan 2012ko 64 milioi positiboetatik 2013ko 8 negatiboetara; Bizkaian 2012ko 104 milioi negatiboetatik 2013ko 112 positiboetara; Gipuzkoan 55 negatiboetatik 108 positiboetara.
Administrazio Publikoen azken gastuaren egituran, Kapital Eraketa Gordinaren parte-hartzeak gutxituz jarraitu du, 2012ko %13,8tik 2013ko %12,3ra. Azken Kontsumoaren Gastuaren parte-hartzea gehitu egin da, 2012ko %86,2tik %87,7ra. Azken Kontsumoaren Gastua batuketa da; batetik, administrazioen gastua ondasun eta zerbitzuen ekoizpenean; bestetik, merkatuko ekoizleek familia-etxeentzako ekoitzitako ondasun eta zerbitzuen erosketa (gauzazko gizarte transferentziak).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Administrazio publikoen kontuak. Prentsa-ohar gehiago
Administrazio publikoen kontuak. Datu-bankua