2018/04/19ko prentsa oharra
GENERO BERDINTASUNAREN INDIZEA, 2018
Euskal AEko Genero Berdintasunaren Indizeak hobera egin du: 2010eko 68,8 puntuetatik 2015eko 69,3etara
Genero berdintasunean dauden baliorik handienak osasunean, diruan eta enpleguan lortu dira
Euskal AEko Genero Berdintasunaren Indizeak (GBI) 69,3 puntu lortu ditu 2015ean, Eustatek emandako datuen arabera. 2010etik 2015era bitartean, Euskal AEko GBIk hobera egin du 2010eko 68,8 puntuetatik 2015eko 69,3etara pasatuz.
Genero Berdintasunaren Indizea adierazle sintetikoa da, gizonezko eta emakumezkoen artean oraindik ere existitzen diren desberdintasunak laburtzen dituena eskala adimentsional batean eta pertsonen ongizateari eta garapen pertsonalari eragiten dioten zenbait alderdi garrantzitsuen arabera; eskala horretan 1 erabateko desberdintasuna da eta 100 berdintasun osoa.
Indizea lortzeko, Genero Berdintasunerako Europar Institutuaren metodologia (EIGE) erabili da; horrek ahalbidetzen du Euskal AEn genero berdintasunean izandako aurrerapenak Europar Batasunaren eta haren barneko 28 herrialdeen erreferentziarekin alderatzea eta 2010, 2012 eta 2015ean izandako bilakaera aztertzea.
Indizearen osaera 31 adierazle ageri dira, sei dimentsiotan modu hierarkikoan egituratuak; horiek, aldi berean, beste 14 azpidimentsiotan banatzen dira.
90,9 punturekin, osasunaren dimentsioa da genero desberdineko pertsonen arteko erabateko berdintasunetik hurbilen dagoena; hala ere, kasu honetan aintzat hartu beharra dago desberdintasun txiki hori emakumezkoen egoera hobearen ondorioa dela. Beste muturrean, desberdintasunik handiena dagoen dimentsioa boterearena da; haren adierazle partziala 52,9 puntukoa da, 100ren gainean.
Euskal Autonomia Erkidegoak puntuazio hobea ateratzen du dimentsio guztietan EB-28ren batez bestekoak baino
Euskal Autonomia Erkidegoan genero berdintasuneko 2015eko baliorik handienak honako dimentsio hauetan lortu dira: osasunean, diruan eta enpleguan; baliorik txikiena, ordea, boterearen dimentsioan azaltzen da. Hala ere, Euskadik EB-28ren batez bestekoari dagokionez duen kokapen erlatiboak puntuazio handiagoa du dimentsio guztietan; denboran 5 puntuko aldea azaltzen da (horixe da alderik handiena).
Genero Berdintasunaren Indizea hobetu da 2010etik 2015era
2010, 2012 eta 2015ean zehar ikusten da Euskal Autonomia Erkidegoko GBI hobetuz joan dela; izan ere, 2010ean 68,8 puntu lortu zituen, 2012an 69,1 eta 2015ean 69,3.
Era berean, genero berdintasunaren adierazleak enpleguaren, diruaren eta ezagutzaren arloetan hobetu dira, bereziki azken arlo horretan, bertan adierazleak 2,7 puntu irabazi baititu, gehienbat ikasketen araberako bereizketan izandako hobekuntzaren ondorioz; izan ere, 2010eko 53 puntuetatik 2015eko 57,7 puntuetara igaro da.
Aitzitik, denbora, botere eta osasunaren arloetako adierazleak okerragotu dira, batez ere denborarena, azken horretan adierazleak 2,7 puntu galdu baititu. Atzerapen hori gizarte jardueretan gertatutakoaren ondorioa da; izan ere, esparru horretan 2010eko 60,8 puntuetatik 2015eko 56 puntuetara igaro da.
Euskal Autonomia Erkidegoa Suedia, Danimarka, Finlandia, Herbehereak, Erresuma Batua, Belgika eta Irlandaren atzean kokatzen da, baina Europar Batasuneko gainerako 20 herrialdeen eta Europako batez bestekoaren aurrean.
Espainian 2015ean Genero Berdintasunaren Indizea 68,3 puntukoa izan zen, Euskal Autonomia Erkidegoak lortutakoetatik puntu batera.
Gainera, EAEk 2015ean Espainiak baino balio handiagoak lortu zituen Genero Berdintasunaren Indizearen dimentsioen erdiaren adierazle partzialetan: Espainiako emaitzak nabarien gainditzen diren dimentsioa diruarena da; horretan distantzia 8,6 puntukoa da, baina, era berean, denborarenean (+6,7) nahiz osasunarenean ere (+1,3) aurretik kokatzen da EAE. Aitzitik, atzean geratzen da ezagutzarenean (-1,4) eta boterearenean (-4,1) eta enpleguarenean ia parean dago (-0,2).
Genero haustura ia hutsaren hurrengo da sarreren banaketaren eta osasun artapenaren adierazleetan, eta oso altua botere ekonomikoarenean
Gainera, Europar Batasunarekin eta kideak diren herrialdeekin egin daitekeen erkaketatik Euskal AEren barne egoera azter daiteke genero hausturaren adierazlea erabiliz, betiere haustura hori gorago azaldutako arloetan gizonezko eta emakumezkoen artean dagoen aldetzat hartuz. Balioak 0tik (erabateko desberdintasuna) 1era doaz (berdintasun osoa).
Gauzak horrela, egiazta daiteke genero haustura ia hutsaren hurrengo dela edo oso txikia osasunarekin zerikusia duten osagaietan, hala nola osasun artapenean (1,00), osasun onaz bizitzeko urteetan eta artapen odontologikoan (0,98 bi kasuetan), norberaren osasunaren pertzepzioan (0,97), bizi itxaropenean (0,96) eta tabakoaren eta alkoholdun edarien kontsumoan (0,94). Halaber, ia hutsaren hurrengo da sarreren banaketa eta oso txikia pobreziaren arriskuan eta sarreretan (0,98 bi kasuetan).
Aitzitik, genero haustura honakoetan azaltzen da nabarien: kirol federazioetan (0,33), enpresen zuzendaritzan (0,34), banka publiko edo erdipublikoaren zuzendaritzan (0,38), I+Gren finantzazio publikoan (0,51), jarduera sektoreen araberako bereizketan (0,53), gobernu ordezkaritzan (0,65) eta ikasketa arloaren araberako bereizketan (0,66); horietan guztietan generoagatiko aldeak mantentzen dira.
2010. urteari dagokionez, bilakaerak positibo nahiz negatiboak izan dira, baina hobekuntzak ikusten dira lurralde batzarretako ordezkaritzan (0,82tik 0,90era) eta enpresen zuzendaritzan (0,26tik 0,34ra); hala ere, banka publiko edo erdipublikoaren zuzendaritzaren adierazlean atzera egin da (0,50etik 0,38ra).
OHAR METODOLOGIKOA
Genero Berdintasunaren Indizea (GBI) adierazle sintetikoa, oinarrizko 31 adierazle metatuz kalkulatzen dena. GBIren egiturak lau maila ditu:
1.- Genero Berdintasunaren Indizearena, agregazio maila gorena.
2.- Ezarritako sei dimentsioena: enplegua, dirua, ezagutza, denbora, boterea eta osasuna.
3.- Aurreko dimentsio bakoitza zatitzen den azpidimentsioena.
4.-Oinarrizko adierazleena; horietariko bakoitzarentzat genero berdintasunaren batez besteko bat kalkulatzen da (M).
Genero Berdintasunaren Indizearen kalkulurantz bideratzen den metatze prozesua modu mailakatuan garatzen da, 4. mailatik 1.ra igoz modu honetan:
Azpidimentsioen araberako adierazle sintetikoak (S) ateratzen dira oinarrizko adierazle bakoitzaren (X) genero berdintasunaren neurriaren (M) aritmetika sinplearen batez bestekoa kalkulatuz:
horretan nj azpidimentsio bakoitzean sartutako adierazle kopurua da eta Sjit azpidimentsio, herrialde eta urte bakoitzerako adierazle sintetikoa.
Dimentsioen araberako adierazle sintetikoak (D) ateratzen dira azpidimentsioen (S) adierazle sintetikoen batez besteko geometrikoa kalkulatuz:
horretan nk dimentsio bakoitzean sartutako azpidimentsio kopurua da eta Dkit dimentsio, herrialde eta denbora tarte bakoitzerako adierazle sintetikoa.
Genero Berdintasunaren Indizea (IGG gaztelaniazko siglak erabiliz) dimentsio (D) bakoitzaren adierazleen batez besteko geometriko haztatua kalkulatuz ateratzen da:
Lan egiteko erabiltzen diren haztapenak (w) Genero Berdintasunerako Europar Institutuak kalkulatu ditu, azterketa hierarkiko metodologia aplikatuz.
Informazio metodologiko gehiago:
Oinarrizko metodologia
Adierazleen zerrenda
Berrikuntza metodologikoak
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
K/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tl.: 945 01 75 62