HomeGaiakPrentsa OharrakPrentsa Oharrak Europa 2020ko bederatzi...

2018/07/12ko prentsa-oharra

EGITURAZKO ADIERAZLEAK. EUROPA 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Europa 2020ko bederatzi adierazleetatik bostetan, Euskal AE hobeki dago 28-Europar Batasunaren aldean

Hezkuntzari dagozkionetan, 2020rako 28-EBk adierazitako helburuaren gainetik daude

Euskal AE 28-Europar Batasuneko mailen gainetik dago Europa 2020 estrategiako bederatzi adierazleetatik bostetan, Eustaten datuen arabera. Hezkuntzarekin lotutako zenbaitetan, 2020rako helburua soberan lortu da dagoeneko.

Urte hauetan adierazleek izan duten bilakaerari dagokionez, Okupazioan atzeman da eboluziorik positiboena, zeren 2014. urtearen aldean portzentajezko 3,8 puntutan hobetu baita 2017an, biztanleria osoa kontuan hartuta, eta 3,7 eta 3,9 puntutan emakumezkoetan eta gizonezkoetan, hurrenez hurren. Era berean, Pobreziaren adierazleek ere aurrerapausoak erakutsi dituzte, koiuntura ekonomikoa hobetu baita.

graf0015319_01_e.png

Klima eta energiaren taldean hobekuntzak atzematen dira, 2014aren aldean, berotegi-efektuko gasen isurpenak eta energia berriztagarrien erabilera neurtzen dituzten adierazleetan, baina txarrera jo dute energia-kontsumoekin lotutako adierazleek; azken biak, hala ere, apur bat hobetu dira 2016aren aldean. Hezkuntzaren taldean hobetu da eskola uztearen gaineko adierazlea, gutxitu baita portzentajezko 1,8 puntutan 2017 eta 2014 artean; aldiz, bitarte berean txarrera egin du goi-mailako heziketaren mailak, batez ere gizonezkoen artean, non 4,6 puntutan egin baitu okerrera. Azkenik, I+Grekin lotutako adierazleak atzera egin du portzentajezko 12 ehunenetan 2014 eta 2016 artean, estrategia europarrak finkaturiko helburutik urruti.

Euskal AEk, Europar Batasuneko batez bestekoaz, bost adierazletan balio hobeak ditu: Energia primarioaren kontsumoa, Energiaren azken kontsumoa, Garai aurreko eskola-uztearen tasa, Goi-mailako heziketa maila eta Pobrezia edo bazterketa arriskuan dauden biztanleak.

Europar batez bestekoaren azpitik daude: Okupazio-tasa, I+Gn barne-gastu gordina, Berotegi-efektudun gasen isurpenak eta Energia berriztagarrien kuota azken kontsumo energetiko gordinean. Espainiaren osotasunarekin alderatuz gero, gure erkidegoko zifrak hobeak dira, bitan izan ezik: Energia berriztagarrien kuotan eta Energiaren azken kontsumoan.

2014-2017 denbora-tarteko eboluzioari dagokionez, alderik positiboena datza 20 eta 64 urte bitarteko biztanleen okupazio-tasan Euskal AEn. 2017an (%65,5) mantendu da goranzko joera jada 2014an atzeman zena, nahiz eta urritu den oraindik 9,5 puntutan helburutik (%75). Igoerak bai emakumeei, bai gizonei eragiten die.

Garai aurreko eskola-uzte tasan (18-24 urte bitarteko biztanleak) eta Goi-mailako heziketa-mailan (30-34 urte bitartekoak) Euskal AEko emaitzak hobeak dira, eta gainera EBko helburuen gainetik gaude (%10en azpitik eta %40 gutxienez, hurrenez hurren). Halaber, eskola-uztearen tasa urtero ari da balioak hobetzen, 2017an %5,4ra iritsiz, portzentajezko 1,8 puntutan txikiagoa 2014koan baino. Aldiz, gutxitu dira urte horietan 2,8 puntutan goi-mailako heziketadun 30-34 urte bitarteko pertsonak, nagusiki gizonen taldean gutxitu baita hura.

Pobrezia edo bazterketaren arriskua hiru adierazleren konbinaketa da:

Lan-intentsitate oso urridun familia-etxeetan bizi diren pertsonak: Lan-intentsitatea %20ko atalasearen azpitik duen familia-etxe bateko pertsonak.

Transferentzia sozialen ondoren pobrezia-arriskuan dauden pertsonak: Pobrezia-atalasea honela dago finkatuta adierazle horretarako: errenta nazional erabilgarri baliokidearen medianaren %60.

Gabezia material larriak dituen biztanleria: Ondoko bederatzi egoeretako lauri gutxienez aurre egin ezinik, baliabide faltaz, dauden pertsonak dira: 1) alokairua edo ohiko fakturak ordaindu, 2) etxebizitza behar bezala berotu, 3) ustekabeko gastuei aurre egin, 4) haragia, arraina edo horien adinako proteinak erregulartasunez (bi egunez behin) jan, 5) etxetik kanpo astebete pasa oporretan, 6) autoa izatea, 7) arropa-garbigailua izatea, 8) koloretako telebista izatea, 9) telefonoa izatea.

Adierazle konposaturako, Euskal AEk tasa hobeak ditu Europar Batasuneko batez bestekoak baino. Ia hiru puntuz azpitik Pobrezia edo bazterketaren arrisku adierazlean: Euskal AEn biztanleen %20,6, Europar Batasunean %23,5 eta %27,9 Espainian.

Arlo klimatikoaren bi adierazlek zifra hobeak dituzte 28-EBko batez bestekoa baino: Energia primarioaren kontsumoa eta Energiaren azken kontsumoa, 81,2 eta 90,9 hurrenez hurren, 2005ean 100eko indizeetatik hasita. Halarik ere, bi adierazleok igoera txikiak eduki dituzte Euskal AEn 2014 eta 2016 artean, zeinek berekin dakarren joera apur bat negatiboa seinalaturiko helburuari buruz. Okerragotze hori gertatu da bi adierazleotan baita hala Europar Batasunean oro har nola Espainian ere, eta jatorrian egon liteke jarduera ekonomikoaren goratzea behin krisi finantzario eta ekonomikotik aterata.

Alde ez horren positiboan dago I+G barne-gastu gordina, zeina 2016an %1,82koa baita Euskal AEn eta %2,03koa 28-EBn (gaizkiago gu, beraz); helburua urruti da oraindik (%3). Espainiakoa, aldiz, %1,19koa da.

Halaber, bi adierazletan, biak klimatikoak, 28-EBko batez bestekoa baino okerrago gaude 2016an. Lehenik, Berotegi-efektudun gas isurpenetan, 90,6ko indizea dugu, eta 77,6koa da 28-EBn (Espainiakoa, 116,4koa). Bigarrenik, Energia berriztagarrien kuota azken kontsumo energetiko gordinean %14,3koa da Euskal AEn, urruti helburutik (%20) eta baita europar batez bestekotik (%17) zein Espainiakotik ere (%17,3), zeinek bi kasuetan joera positiboa mantentzen duten.

Ohar metodologikoa: 2020 Estrategia Europarra, 2010ean Europako Kontseiluak onetsia, agenda komuna da oraingo hamarraldian. Europako ekonomiaren egiturazko ahuleziak gainditzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta gizarte-merkatuaren ekonomia jasangarria bermatzeko, hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzailea lehenesten ditu. Hona hemen bost helburu nagusiak:

1) 20-64 urte bitarteko biztanle europarren %75ek enpleguren bat eduki behar luke.

2) I+Gko barne-gastuak BPGren %3 izan beharko luke.

3) Klima eta energian “20/20/20” helburua lortu beharko litzateke: Berotegi-efektudun gasen isurpena %20an murriztu behar da; energia-kontsumoa %20 murriztu behar da; energia berriztagarrien kontsumoak %20ra iritsi behar luke.

4) Eskola-uzteak %10en azpitik behar luke, eta belaunaldi gazteenaren %40k gutxienez goi-mailako ikasketak burutuak behar lituzke.

5) EBn, pobrezia-arriskuaren helmenean 20 milioi pertsona gutxiagok egon beharko lukete.

Jarraipena adierazle nagusi batzuen bidez egiten da; horiexek landu eta bildu ditu Eustatek Euskal AErentzat.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62 Egiturazko adierazleak europa 2020ri buruzko prentsa-ohar gehiago  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Europa 2020ko bederatzi adierazleetatik bostetan, Euskal AE hobeki dago 28-Europar Batasunaren aldean

Eragiketa : 
Egiturazko adierazleak
Eragiketa kodea : 
172502
Periodikotasuna : 
Etengabea
Denbora arloa : 
2010-2024
Eguneratze data : 
2018/07/12
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0015319_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Estatistika taulak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Txostenak

Mikrodatuak

Metadatuak

Metodologia eta Kalitatea

Definizioak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali