2019/08/14ko prentsa-oharra
Euskal AEko jaiotza-tasa EB-28ko batez bestekoaren oso azpitik dago
1.000 biztanleko 7,8 jaiotza erregistratu dira, 2017an, eta eremu horretako herrialdeetan 9,9
Adierazle demografiko garrantzitsuenetako bat jaiotza-tasari buruzkoa da. Euskal AEko jaiotza-tasa, 2017an, EB-28ko herrialdeetako baxuenetako bat izan zen, Eustaten “Euskadi EB-28an” egitura-adierazleen atalean jasotako datuen arabera. 1.000 biztanleko 7,8 jaiotza; urte horretan, EB-28aren batez bestekoaren oso azpitik (9,9 zen). Eremuko herrialde guztien artean, Euskal AEk Italia baino ez zuen gainditzen (7,6).
2007an, jaiotza-tasa 9,6koa zen, Euskal AEn. Deigarria da tasa horrek nabarmen egin izana behera, 2012-2017 aldian; 1.000 biztanleko 9,4 jaiotzatik 2012an 7,8ra igaro baita 2017an.
Urte horietan beretan, 2007an eta 2012an, jaiotza-tasak EB-28an 10,7 eta 10,4koak ziren, hurrenez hurren; beraz, beti izan dira 2007-2017 aldian Euskal AEn erregistratutakoak baino handiagoak.
Espainiako tasa ere oso baxua zen 2017an, 8,4 jaiotza 1.000 biztanleko, baina Euskal AEk erregistratutakoa baino pixka bat altuagoa. 2007an eta 2012an ere euskal tasatik gorakoak izan zituen, 10,9 eta 9,7 jaiotza, hurrenez hurren.
EB-28ko herrialdeen rankingean, Euskal AEko jaiotza-tasak 2017an Italiakoa baino ez zuen gainditzen (7,6 jaiotza, 1.000 biztanleko). Tasa baxuenak dituzten herrialdeak, Italiaz gainera, Grezia (8,2), Portugal (8,4), Espainia (8,4) eta Kroazia (8,9) dira, besteak beste.
Ordea, EB-28an erregistratutako jaiotza-tasa altuenak honako herrialde hauek izan zituzten: Irlanda (12,9), Suedia (11,5), Frantzia eta Erresuma Batua (11,4 bakoitzak) eta Txekiar Errepublika (10,8), besteak beste.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62