2019/12/02 prentsa-oharra

HIRUHILEKO KONTUAK. III / 2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Atzera

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak % 2,1 egin du gora 2019ko hirugarren hiruhilekoan

Enpleguak etengabeko hazkunde-bidean jarraitzen du, eta, 2019ko hirugarren hiruhilekoan, urte arteko igoera % 1,6koa izan da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak % 2,1 egin du gora 2019ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berdinarekin alderatuta, betiere EUSTATek landutako datuen arabera. 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, hazkundea % 0,5ekoa izan dela zenbatetsi da.

Hazkunde horiek hamarren batean gainditzen dute joan den urriaren 30eko Hiruhileko Kontu Ekonomikoen Aurrerapenean kalkulatutakoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren urte arteko aldakuntza-tasa inguruneko ekonomia gehienen aldakuntza-tasaren zertxobait gainetik dago.

Eskaintzaren ikuspegitik, eta produkzio-sektoreen bilakaerari erreparatuta, ikus daiteke urte arteko tasek, oro har, gorako joera dutela sektore guztietan, lehen mailako sektorean (nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan) izan ezik, sektore horretan % 1,8 egin baitu behera 2018ko hirugarren hiruhilekoaren aldean.

Industriaren eta energiaren sektoreak 2018. urtearen amaieratik hautemandako gorako joera handi samarrari eusten dio, % 0,7ko urte arteko aldakuntzarekin. Dena dela, urte arteko moteltze horren eraginez, aurreko hiruhilekoaren aldean sektoreak % 0,2ko uzkurdura izan du. Manufaktura-industriaren dinamismoa sektorearen osotasunarena baino ahulagoa da, % 0,3ko urte arteko hazkundearekin eta hiruhileko arteko % 0,4ko atzerapenarekin.

graf0016993_01_e.png

Eraikuntzaren sektoreak aurreko hiruhilekoan hautemandako gorako erritmoari eusten dio, 2018ko hiruhileko berdinaren aldean % 2,9 inguruko tasa positiboarekin. Hiruhileko arteko bilakaera ere positiboa da, aurreko hiruhilekoaren aldean % 1,5eko igoera izan baita (urteko bigarren hiruhilekorako zenbatetsitako hiruhileko arteko aurrerapena apalagoa izan zen, % 0,2koa).

Zerbitzu-sektorearen jarduera globalak aurreko hiruhilekoan hautemandakoa baino bilakaera positiboagoa izan du, % 2,7ko urte arteko hazkundearekin eta % 0,7ko hiruhileko arteko hazkundearekin. Gainerako zerbitzuen azpisektoreak izan du azpisektoreen artean portaerarik onena —azpisektore horretan sartzen dira, besteak beste, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, jarduera finantzarioak eta aseguru-jarduerak—. Balio erantsiak % 2,8 egin du gora 2018ko hiruhileko berdinarekiko eta % 0,5 egin du gora aurreko hiruhilekoarekiko. Urte arteko tasa eta hiruhileko arteko tasa urteko bigarren hiruhilekoan zenbatetsitakoak baino hamarren bat txikiagoak dira. Merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren azpisektoreak hazkundea bizkortu du hirugarren hiruhileko honetan, urte arteko kopuruei dagokienez (% 2,6ko hazkundea, % 2,5aren aldean) zein hiruhileko arteko kopuruei dagokienez (% 0,9ko gehikuntza, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago). Azkenik, Administrazio Publikoaren, Hezkuntzaren, Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen balio erantsia aurreko urteko hiruhileko berdinean hautemandakoa baino % 2,4 handiagoa da eta 2019ko bigarren hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino % 0,6 handiagoa. Urte arteko hazkundea bigarren hiruhilekoan hautemandakoa baino hamarren bat handiagoa da eta hiruhileko arteko hazkundea berbera da.

Produkzio-sektoreetako balio erantsien batura gisa lortzen da Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko prezioen Balio Erantsi Gordina. Balio erantsi gordin hori, bolumen kateatuko indizeei dagokienez, 2018ko hirugarren hiruhilekoan baino % 2,1 handiagoa da hiruhileko honetan, eta 2019ko bigarren hiruhilekoan baino % 0,5 handiagoa. Urte arteko aldakuntza zein hiruhileko arteko aldakuntza aurreko hiruhilekoan kalkulatutako aldakuntzak baino hamarren bat txikiagoak dira.

Eskaintzaren ikuspegitik, merkatuko prezioen Barne Produktu Gordina lortzen da balio erantsiari produktuen gaineko zerga garbiak gehitzean. 2019ko hirugarren hiruhilekoan balio erantsia 2018ko hirugarren hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino % 2,0 handiagoa da eta 2019ko bigarren hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino % 0,9 handiagoa.

graf0016993_02_e.png

Barne Produktu Gordinaren bilakaera eskariaren ikuspegitik aztertuta, egiazta daiteke barne-eskaria % 2,0 gehitu dela urte arteko kopuruetan, Barne Produktu Gordina baino hamarren bat gutxiago. Ekonomiaren osotasunean, kanpo-sektorearen portaeraren eragina, beraz, zertxobait positiboa izan da. Ondasunen eta zerbitzuen esportazioek % 0,9 egin dute gora urte arteko kopuruetan (hiruhilekoen artean % 3,1) eta ondasunen eta zerbitzuen inportazioek % 1,0 egin dute behera (% 3,0 aurreko hiruhilekoaren aldean); hortaz, Barne Produktu Gordinari egindako urte arteko ekarpena hamarren batean positiboa izan da, kanpo-sektorearen saldoaren hobekuntzaren ondorioz.

Etxeetako azken kontsumoko gastuak (kontsumo pribatuak) gora egiten jarraitzen du, aurreko hiruhilekoetan baino mantsoago bada ere. Hazkundearen urte arteko tasa % 1,8koa izan da, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta bilakaera positiboa izan da, % 0,5ekoa izan baitzen (aurreko hiruhilekorako kalkulatutako tasa baino bi hamarren gehiago).

graf0016993_03_e.png

Kontsumo publikoan (Administrazio Publikoen azken kontsumoko gastuan), bestalde, gastuak gora egin duela zenbatetsi da. Makromagnitudearen urte arteko igoera 2019ko bigarren hiruhilekoan baino handiagoa izan da (% 2,4 hirugarren hiruhilekoan eta % 2,0 bigarren hiruhilekoan) eta, hartara, hiruhilekoen arteko hazkundea % 0,3koa izan da (aurreko hiruhilekoan zenbatetsitako berbera).

Administrazio Publikoen azken kontsumoaren gastuaren eta etxeetako azken kontsumoaren gastuaren baterako bilakaerari erreparatuta, ikus daiteke azken kontsumoko gastuak % 2,0 egin duela gora, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago. 2019ko bigarren hiruhilekoari dagokionez, % 0,5eko gehikuntza izan da (bigarren hiruhilekoan % 0,3ko gehikuntza zenbatetsi zen).

Kapital-eraketa gordinak (Inbertsioak) azken hiruhilekoetan hautemandako desazelerazioaren bidetik jarraitzen du, % 2,2ko urte arteko hazkundearekin, hau da, hiruhilekoen arteko % 0,6ko aldakuntzarekin. Inbertsioaren osagaien bilakaera ez da homogeneoa izan. Ekipo-ondasunetako kapital finkoaren kapital-eraketa gordinaren hazkundea nabarmen moteldu da, urte arteko kopuruetan (% 0,8ko hazkundea) zein hiruhilekoen arteko kopuruetan (% 1,5eko murrizketa). Aitzitik, gainerako kapitaleko eraketa gordinak —eraikuntzarekin oso lotua dagoenak baina I+Gko gastua ere barnean hartzen duenak— zertxobait bizkortu du azelerazioa, eta urte arteko hazkundea % 2,9koa izan da. 2019ko bigarren hiruhilekoaren aldean % 1,8ko igoera izan da, aurreko bi hiruhilekoetan behera egin ondoren.

graf0016993_04_e.png

Lurralde Historikoen araberako Barne Produktu Gordinaren bilakaerari dagokionez, urte arteko kopuruetan Bizkaiko hazkundea Euskal Autonomia Erkidegoaren osotasunaren hazkundea baino handiagoa izan da, % 2,3ko aldakuntza-tasarekin. Gipuzkoak Euskal Autonomia Erkidegoaren osotasunaren erritmo berean egin du gora, % 2,1, eta Arabak erritmo txikiagoan egin du gora, % 1,6ko hazkundea zenbatetsi da. 2019ko bigarren hiruhilekoari dagokionez, Bizkaian hazkunde-tasak % 0,7 egin du gora, Gipuzkoan % 0,4 eta Araban % 0,3.

Enpleguak, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, azken aldian hautemandako gorako joerarekin jarraitzen du. Urte arteko kopuruetan, % 1,6ko hazkundea kalkulatu da (enplegu-maila aurreko hiruhilekoan baino % 0,4 handiagoa izan da). Bilakaera positibo hori sektore produktibo guztietan enpleguak sortzearen emaitzazkoa izan da, betiere aurreko urteko hiruhileko berdinaren aldean (% 1,2 lehen sektorean, % 0,5 industrian, % 2,3 eraikuntzan eta % 1,8 zerbitzu-sektorean). Hiruhilekoen arteko kopuruei erreparatuta, aldiz, lehen sektorean eta industrian behera egin du lanpostuen kopuruak (% 0,3 eta % 0,1 hurrenez hurren), eta eraikuntzan eta zerbitzu-sektorean gora egin du lanpostuen kopuruak (% 0,9 eta % 0,5 hurrenez hurren).

Enpleguak bilakaera positiboa izan du hiru Lurralde Historikoetan. Bizkaian % 1,7 hazi da, Gipuzkoan % 1,6 eta, azkenik, Araban % 1,2. 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatzean ere Bizkaia nabarmentzen da % 0,5eko hazkundearekin; Gipuzkoan eta Araban, berriz, % 0,3ko hazkundea zenbatetsi da.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea Donostia kalea, 1. 01010 Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak % 2,1 egin du gora 2019ko hirugarren hiruhilekoan

Eragiketa : 
Hiruhileroko kontu ekonomikoak
Eragiketa kodea : 
170115
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
iii/2025
Eguneratze data : 
2019/12/02
Hurrengo eguneratzea : 
2026/03/06
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0016993_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali