2019/12/04
IKASTETXEENTZAKO ESTATISTIKA INFORMAZIOA (ESKOLAKO WEBGUNEA). 2019
Eustatek eskolako webgunea berritu du eta, horrela, ezagutza sortzeko eta partekatzeko espazioa jarri du abian
Eustatek eskolako webgunea berritu du, hezkuntza-munduaren artean ezagutza estatistikoa zabaldu ahal izateko jarduera berriak eta erakargarriak eskaintzeko. 2006an sortu zen proiektua teknologia berrien erabilerari lotuta dago. Eskolako webgunearen berrikuntzaren bidez, alderdi estetikoa aldatzeaz gainera, aurreko edukiak ere berreskuratu dira, eta, batik bat, ezagutza prestatzeko eta partekatzeko espazio berria sortu da.
Sorkuntza-espazio horren bidez, erabiltzaileak gonbidatzen dira webguneko edukien protagonista izatera. Hala, nahi duten pertsonek, batik bat irakasleek, alta eman dezakete sisteman, edukiak prestatzeko.
Beraz, unitate didaktikoak sortu ahalko dituzte, dagozkien atazekin. Berrikusi eta baliozkotu ondoren, jendaurrean jartzen dira eta, horrela, unitate didaktikoa sortzen duen edozein pertsonak partekatuko ditu eduki horiek modu irekian. Emaitza gisa, sorkuntzaren onurak eskolako webguneko erabiltzaile guztietan du eragina.
Gainera, dagoeneko ez da beti beharrezkoa izango atazak deskargatzea. Unitate didaktiko berriak webgunean integratutako atazek eratuko dituzte, eta modu elkarreragilean lan egin ahalko da.
Etorkizunari begira, eduki berriak gehitzen joango dira, elkarreragite-maila areagotu ahal izateko.
Eustaten produktu horren garapena eta berrikuntza bat datoz estatistika-sistemaren Europako ikuspegiarekin. Hala, Europako estrategiek agerian uzten dute herritarren gaikuntza estatistikoa areagotu dadin jarduteko beharra dagoela.
Eskolako webgunearen egitura
Laburbilduz, Eustatek garatutako eskolako webgunearen oinarrizko egitura jarraian deskribatzen dena da:
· Hasierako orrialdea (Ikasgela): Hemen aurkitzen dute ikasleek, irakasleek eta aitek eta amek jarduerak garatzeko materiala. Eduki nagusia unitate didaktikoak eta haiei lotutako atazak dira. Halaber, beste material osagarri batzuk daude, eta haiek dagozkien ataletatik daude eskuragarri.
· Unitate didaktikoak: Modulu honen bidez, zenbait unitate didaktikoren informazioa eskura eta deskarga daiteke, eta haietako bakoitzak 10 ataza inguru ditu.
· Atazak: Atazek unitate didaktikoak eratzen dituzte, baina independenteki erabil daitezke. Bi ataza-mota daude: deskarga daitezkeenak eta on line atazak; azken horiek aukera ematen dute webean zuzenean lan egiteko. Kasu guztietan dago fitxa bat erabilgarri: iraupena, gaiak, zailtasuna, gaitasunak, baliabideak eta deskribapena.
· Webquest: Jarduera gidatu eta antolatuak proposatzen dira, ikasi eta garatu beharreko gai batetik abiatuta. Ikerketara bideratutako jarduera bat da; bertan, ikasleek erabilitako informazioa, nagusiki, Internetetik deskargatua da.
· Kalkulu-orriak: Modulu honen bidez, zenbait ataza eta estatistikako zenbait problema ebatz daitezke, kalkulu-orria erabiliz.
· Jolasak: Jarduera honek entretenimendua bermatzen du, jolasaren bidez ikasten den bitartean. Zehazki, datuen jolasa simulazio bat da eta haren helburua da Zenbaki Handien Legearen funtzionamendua erakustea.
· Edukia sortuko duzu?: Atal honen bidez, eskolako webguneko erabiltzaile guztiek parteka ditzaketen eduki didaktikoak sortzen jardun daiteke elkarlanean.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62