2020/02/20ko prentsa-oharra
Kanpo Merkataritzaren Estatistika (KAMEE). 2019ko abendua
Euskal AEko ondasun-esportazioak % 4,0 gehitu ziren 2019ko abenduan
2019an, merkataritza-superabita handitu egin zen, eta 5.200 milioi eurotik gorakoa izan da
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioek % 4,0ko igoera izan zuten 2019ko abenduan, urte arteko tasan. Zenbatekoa 1.820 milioi eurokoa izan zen, aurreko urteko hil bereko 1.750 milioien aldean. Ondasun energetikoen esportazioak % 32,0 jaitsi ziren, eta ez-energetikoenak % 9,0 hazi.
Araba da joera onena izan duen lurraldea, esportazioak % 39,6 igo baitira; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, esportazioak % 2,4 eta % 6,7 jaitsi dira, hurrenez hurren.
Euskal AEko ondasunen inportazioak, 1.509 milioi eurokoak, % 0,9 jaitsi ziren 2018ko abenduarekin alderatuta. Inportazio energetikoak % 6,2 jaitsi ziren, eta ez-energetikoak % 1,6 hazi.
Lurraldeka, Arabako inportazioak % 23,2 hazi dira; aldiz, Bizkaikoak % 6,7 jaitsi dira, eta Gipuzkoakoak % 3,5.
Jarduera-adar esportatzaileak (A86) aztertuz gero, ikusten da hazkunde handia izan dela hilabetean garrantzitsuena izan denean, Motordun ibilgailuetan (420 milioi esportatuak), aurreko urteko hil beraren aldean % 75 gehitu baitira. Metalezko artikuluak (% 6,0 eta 125 milioi) eta Siderurgia (% 5,3 eta ia 186 milioi) ere hazi dira. Aitzitik, tradizionalki esanguratsuak izan diren jarduera-adarren beherakada aipatu behar dugu, hala nola Kokeriak eta petrolioa fintzea (130 milioi eta % 29,7 gutxiago) eta Erabilera orokorreko makineria (217 milioi eta % 8,7ko jaitsiera).
Xehetasunera jaitsita, abenduan hamar muga-zergen partida nagusiek esportazioen % 42,7 bildu zituzten, 777,8 milioi euroko balio bateratuarekin. Horien artean, hazkundeagatik, nabarmentzen dira 10 pertsona baino gutxiagoko turismoak (% 116,4), Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak (% 101,3), Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak (% 21,8) eta, batez ere, 10 pertsona edo gehiago garraiatzeko ibilgailu automobilak, gidaria barne (% 254,6). Kontrako joera izan dute Petrolio-olio finduek (% 27,3 behera) eta Kautxuzko pneumatiko berriek (% 4,9 behera).
Hilabete honetan, hamar herrialdek –Frantziak, Alemaniak, Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Italiak, Belgikak, Herbehereek, Portugalek, Groenlandiak eta Mexikok– gure esportazioen % 63,6 bildu dituzte. Gehienak EB-28koak dira, zeinek 1.098,8 milioirekin Euskal AEko esportazioen % 60,4 bildu dituen hilabetean.
Inportazioak jarduera-adarren arabera aztertuz gero (A86) ikusten da ezen garrantzitsuenean, Erauzketa- eta petrolio-industrietan (guztizkoaren % 26,8), % 9,1eko jaitsiera izan dela; Produktu siderurgikoak ere jaitsi egin dira (-% 13,7), baina Motordun ibilgailuen (% 96,4) eta Erabilera orokorreko makineriaren (% 2,2) inportazioak gehitu egin dira.
2019KO BALANTZEA
2019an, hala esportazioak nola inportazioak % 0,4 eta % 0,8 jaitsi ziren, hurrenez hurren
Euskal AEko esportazioak 25.396,9 milioi eurora iritsi ziren 2019an, hau da, urte arteko % 0,4ko jaitsiera izan zen. Inportazioak 20.121,5 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urtean baino % 0,8 gutxiago.
Merkataritza-saldoa positiboa izan zen, 5.275,5 milioi ingurukoa. Kopuru horrek esan nahi du merkataritza-superabita % 1,5 hazi dela aurreko urteko aldi beraren aldean (5.198,7 milioi). Merkataritza-saldo "ez-energetikoa" soilik aztertzen badugu, ikusiko dugu ezen saldo hori ere positiboa izan dela eta 8.661,4 milioira iritsi dela; beraz, aurreko urtearekin alderatuta (8.361,4 milioi), % 3,6ko hazkundea izan da.
Esportazioek inportazioen aldean duten estaldura-tasa ehuneko 0,6 puntu igo da, % 125,6tik % 126,2ra. Produktu ez-energetikoen kasuan, tasa bera % 157,4tik % 158,9ra igo da.
Gipuzkoa da lurralde bakarra non esportazioak hazi diren (% 11,6)
Aurreko ekitaldian lurralde dinamikoena Gipuzkoa izan da, non hazi baitira hala esportazioak (% 11,6) nola inportazioak (% 3,6). Beste bi lurraldeetan kontrakoa gertatu da: Bizkaian % 7,2 murriztu dira esportazioak eta % 2,1 inportazioak. Araban jaitsierak % 3,0koa eta % 1,6koa izan dira, hurrenez hurren.
10 pertsona baino gutxiagoko turismoen muga-zergen partida da, esportazioen artean, Euskal AEn pisurik handiena duena, eta % 4,4ko urte arteko jaitsiera izan du
2019an, 25 partida nagusietatik 10ek igoerak erregistratu dituzte, eta 15ek murrizketak izan dituzte, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Euskal AEko esportazioaren partidarik garrantzitsuenak, 2019an, 10 pertsona baino gutxiagoko turismoak eta Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak izan dira. Lehenengoak, 2.290 milioi eurorekin, esportazio osoaren % 9,0 hartzen du, % 4,4 jaitsi ondoren; bigarrenak % 5,9ko jaitsiera izan du, eta 1.767 milioi esportatu dira, zeina den guztirakoaren % 7,0. Rankingaren hirugarren lekuan Petrolio-olio finduak daude, 1.451 milioi euroko esportazio-balioa lortu baitute, hau da, guztizkoaren % 5,7, azterturiko aldian % 19,9ko jaitsiera erregistratu ondoren. Garrantziari dagokionez, hurrengo partida, Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak, % 9,5 jaitsi da.
Trenbideetarako automotorrak eta tranbia autopropultsatuak bosgarren lekuan daude esportazio-rankingean, % 295,6ko igoera nabarmena eta ia 1.081 milioi euroko salmenta-zifra izan baitute. Horrela, esportazio globalen beherakada ez da handiagoa izan, batez ere kontuan hartuta aurreko urtearekin alderatuta atzera egiten ez duen lehenengo hamahiru muga-zergen arteko partida bakarra dela.
Arabako Lurralde Historikotik egindako esportazioak % 3,0 egin du behera. Hamar partida nagusietatik (guztizkoaren % 71,9), seik hazkunde-tasa negatiboak izan dituzte. Horien artean, automobilaren sektorearekin lotutakoak nabarmendu behar dira: 10 pertsona baino gutxiagoko turismoak (-% 3,1), Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak (-% 9,4) eta Kautxuzko pneumatiko berriak (-% 0,6). Hala ere, Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak % 11,7 hazi dira.
Bizkaian esportazioek % 7,2 egin dute behera. Gertakari horren zio nagusia dagokie partidei zeinak dauden "Erregaiak, olio mineralak eta horien destilazioaren produktuak" izeneko 27. kapituluaren barruan. Horrela, partida garrantzitsuena, Petrolioaren olio finduak, % 19,9 jaitsi da, eta Tenperatura altuko harrikatz-mundrunen destilazioaren olio eta produktuak, % 13,1. Urte arteko 759 milioietatik ia 400 muga-zergen partida horiei dagozkie. Esportatutako 10 produktu nagusien artean (guztizkoaren % 45,9 eta 4.462 milioi), hiruk bakarrik ez dute inolako beherakadarik izan salmentetan, eta horietako bat, gainera, % 77,8 hazi da, Findu gabeko kobrea; fintze elektrolitikorako kobrezko anodoak.
Gipuzkoak, beste bi lurraldeek ez bezala, % 11,6ko hazkunde globala izan du aurreko urtearen aldean. Hazkunde nabarmen hori, batez ere, lurralde horretako 2019ko muga-zergen partida izarrean laburbiltzen eta kontzentratzen da: Trenbideetarako automotorrak eta tranbia autopropultsatuak. Horiek, % 289,5eko hazkundearekin (1.064 milioi), Gipuzkoak 2018arekin alderatuta izandako 888,9 milioiko hazkundearen % 89 dira.
Europar Batasunerako (EB-28) esportazioak % 3,8 hazi dira, eta inportazioak % 0,9
Gure esportazio guztien % 68,3, 17.340 milioi euro, Europar Batasunera (EB-28) egin dira. Horrek esan nahi du % 3,8ko igoera izan dela aurreko urtearekin alderatuta; orduan, esportazioen zenbatekoa 16.713 milioikoa izan zen.
EBtik etorritako salgaien inportazioak % 0,9 hazi ziren, baina, produktu energetikoen eragina alde batera utziz gero, % 1,0 igo ziren.
Horrela, Europar Batasunarekiko merkataritza-saldoa positiboa da (6.772 milioi), eta 535,9 milioi eurotan handitu da aurreko urtearen aldean; estaldura-tasa, berriz, % 159,5etik % 164,1era igo da.
Xehekiro, Europar Batasuneko herrialde gehienetara eginiko esportazioak gehitu egin dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira Erresuma Batua (% 34,2) eta Belgika (% 24,1); aitzitik, Herbehereetara (-% 11,6), Italiara (-% 5,9) eta Portugalera (-% 3,6) eginiko esportazioak gutxitu egin dira.
Aldi berean, Europar Batasunetik kanporako esportazioak batez ere hiru herrialdetara bideratu dira: Estatu Batuetara (1.789,2 milioi), Txinara (496,6 milioi) eta Mexikora (493,8 milioi).
Inportazioei dagokienez, gehitu egin dira Belgikatikoak (% 22,1), Irlandatikoak (% 14,4) eta Alemaniatikoak (% 3,2ko hazkunde neurritsuarekin Euskal AEk 2019an egindako erosketa guztien %15era iritsi dira horiek). Europar Batasunekoak ez direnen artean, nabarmentzekoak dira Errusiako inportazioen hazkundea (% 196,2), 1.143 milioi guztira; Estatu Batuetakoak (% 86,6), 941 milioi; eta Txinakoak (% 16,3), 1.336 milioi. Errusiatiko ia inportazio guztiak eta Estatu Batuetatik datozenen erdiak energia-izaerakoak dira.
Para más información:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Servicio de Prensa: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62