2020/06/18ko prentsa-oharra
Euskal AEko ondasunen esportazioek, 2020ko apirilean, % 53,2 egin zuten behera eta inportazioek, % 43,2
2020ko lehen lau hiletako metatuan kanpo-saldoak oraindik 1.000 milioi eurotik gorako superabita eta % 119ko estaldura-tasa erakusten ditu
Euskal AEko ondasunen esportazioek % 53,2ko beherakada izan zuten, urte arteko tasa nominalean, Eustatek emandako datuen arabera. 1.042 milioi euro izan ziren eta, aurreko urteko hil berean, 2.228,4 milioi. Ondasun energetikoen esportazioek % 81,7ko atzeraldia izan zuten, eta ez-energetikoenek, % 48,9koa.
Hiru lurralde historikoek aurretik aipatutako joerari eusten diote, baina Araban nabarmenagoa da; izan ere, % 69,2ko atzerapena izan du. Ondoren Bizkaia (–% 51,5) eta Gipuzkoa (–% 44,3) daude. Ehuneko horiek Araban “Garraio-materiala”ren muga-zergen sekzioarekiko mendekotasunaren ondorio dira, eta, Bizkaian, “Produktu mineral eta energetiko”ekin duen loturaren ondorio. Azken kasu horretan, produktu-mota horri Bizkaiaren beherakada kenduz gero, % 38,0koa izango zatekeen.
Euskal AEko ondasunen inportazioek –985,9 milioi euroko zenbatekoa– % 43,2 egin zuten behera, 2019ko apirilaren aldean. Inportazio energetikoek % 65,1 egin zuten behera (–% 18,5, baldin eta inportatutako tonak aintzat hartzen baditugu), eta ez-energetikoek, % 33,9. Lurralde-mailan, beherakadarik handiena Araban erregistratu da (% 55,3), gero Bizkaian (–% 43,5) eta, azkenik, Gipuzkoan (–% 31,1).
Hil honetan, hamar herrialdetan –Frantzia, Alemania, Estatu Batuak, Italia, Erresuma Batua, Portugal, Belgika, Herbeheereak, Polonia eta Txina– esportazioen % 61,2 metatu da. Gehienak EB-27ren barruan daude; erakunde horretan, 592,3 milioirekin, Euskal AEren ondasunen salmentaren % 56,8 kontzentratzen da.
ESPORTAZIOEN ANALISI SEKTORIALA (2020KO APIRILA)
Jarduera-adarrak (A86) aztertuta, kategoria gehienetan itzulera esportatzailerako joera ikusten da; hala, haietako 6tan –guztira 48– baino ez dira erregistratzen igoerak –intentsoak edo ez hain intentsoak–. 10 garrantzitsuenetatik, bat ere ez da hazi aurreko urteko hil beraren aldean. Ehunekoak negatiboak dira, besteak beste: ”Paperaren industria”ren ondoriozko produktuen % 4,9 eta “Beste garraio-material bat”en % 81,7.
Dagoeneko aipatutako kategoriaren beherakada gogorraz gainera, itzulera esportatzailearen tamaina dela eta, honako adar hauek nabarmentzen dira: “Ibilgailu motordunen fabrikazioa” (–% 81,4 eta 76,9 milioi esportatu); “Kokeriak eta petrolio-fintzeak” (–% 76,9 eta 48,3 milioi); “Kautxuzko produktuak” (–% 56,9 eta 39,2 milioi); “Gai metalikoak” (–% 40,7 eta 98,5 milioi); “Siderurgia” (–% 40,3 eta 124,3 milioi); “Burdinazkoak ez diren metalen ekoizpena” (–% 37,2 eta 49,7 milioi); “Material eta ekipo elektrikoa” (–% 33,9 eta 60,6 milioi) eta “Erabilera orokorreko makineria” (–% 26,1 eta 172,2 milioi), zeina, hil honetan, bolumen esportatzaile handieneko adar bilakatu baita.
2020ko apirilean, 25 muga-zergen partida nagusietatik, 7 hazi egin dira eta 18k murrizketak izan dituzte, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Aldi horretan, Euskal AEko esportazioaren bi partida garrantzitsuenak honako hauek izan dira: “Automobilentzako zati eta osagarriak” eta “Petrolioaren olio finduak”. Lehenengoak 60,1 milioi izan ditu, eta hilaren guztizkoaren % 5,8, % 57,7 egin baitu behera; bigarrenak % 75,6ko beherakada izan du eta, kasu horretan, esportatutako 46,2 milioien ondorioz guztizko beraren % 4,4.“Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak” partidak gora egin du eta rankingaren hirugarren postuan dago; % 25,0 egin du behera (30,3 milioi euro salmentetan).
Eskala horretako hurrengo partidak, “Kautxuzko pneumatiko berriak” partidak, % 60,5 egin du atzera. “Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako” partidak % 25,0 egin du behera, eta “0,2 mm baino gehiagoko lodiera duten aluminiozko xaflak eta tirak” partidak, % 43,1 eta, hala, rankingaren seigarren postuan dago.
“10 pertsona baino gutxiagoko turismoak" (–% 96,0 eta 5,9 milioi), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (–% 98,0 eta 1,9 milioi) eta “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” (–% 94,0 eta 10,0 milioi) normalean hilero ranking esportatzailearen lehen postuetan izaten dira, eta, hil honetan, ez daude lehen 27 postuetan ere.
ARABA. Esportazioak 2020ko apirilean
Arabako Lurralde Historikotik egin den esportazioak % 69,2 egin du atzera. Hamar partida nagusietatik (guztizkoaren % 43,2), seik hazkunde-tasa negatiboak izan dituzte, eta nabarmentzekoak dira, duten garrantziagatik, automobilgintzaren sektorearekin zerikusia dutenak: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak" (–% 96,2), “Automobilentzako zati eta osagarriak” (–% 79,8) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (–% 63,1). “Salgaiak garraiatzeko automobilak” partida (% 98,1eko beherakada) ez dago lehendabiziko postuetan; rankingeko 20. postuan dago. Itzulera esportatzailerako joera ez da partida garrantzitsuenetan orokortzen hil honetan, honako partida hauen hazkundeek erakusten dutenez: “Koadroak, taulak eta kontrolerako edo elektrizitate-banaketarako euskarriak” (% 37,4), “Ardoa, mahats freskoarena” (% 18,7) eta “Tapoi, tapa eta bestelako osagarriak metal arruntezko ontzientzat” (% 14,4).
BIZKAIA. Esportazioak 2020ko apirilean
Bizkaian esportazioek % 51,5 egin dute behera. Fenomeno horretan, eragin handiena partidarik garrantzitsuenak izan du: “Petrolioaren olio finduak”, % 75,7ko beherakada izan baitu. Hala ere, produktu horrez gainera, prozesu horretan beste partida batzuek ere izan dute eragina, besteak beste: “Automobilentzako zati eta osagarriak” (–% 67,4), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (–% 59,1), “Eskuzko erremintatarako tresna trukagarriak edo makina-erremintatarako” (–% 52,1) eta “0,2 mm baino gehiagoko lodiera duten aluminiozko xaflak eta tirak” (–% 45,3). Nabarmentzekoa da “Kobre findu gabe; fintze elektrolitikorako kobre anodoak” (% 48,9 egin du gora), “Burdinurtuzko, burdinazko edo altzairuzko kateak eta bere zatiak” (% 258,6) eta “Bero bidez gaiak tratatzeko aparatuak” (% 644,2).
Lurralde honetako urte arteko 487,3 milioiko beherakadatik, 143,5 ranking esportatzaileko lehen postuko partidari dagozkio. Beherakada latz hori, zati batean, azken egunetan petrolioaren produktu eratorrien prezioetan izandako beherakadaren ondorio da; euroen balioaren ordez tona esportatuak erabiliko bagenitu, –% 75,7ko ehuneko hori –% 23,1era murriztuko litzateke (2019ko apirilean 340.853 tona izatetik, 2020ko apirilean 262.116 tona izatera)
GIPUZKOA. Esportazioak 2020ko apirilean
Gipuzkoak izan du, hiru lurralde historikoen artean, narriadura esportatzaile txikiena, eta Euskal AEko batez bestekotik behera dago, % 44,3ko beherakada izan baitu. Hala ere, hil honetan, bere 10 partida nagusietako 7k atzerapen handiak izan dituzte, esaterako: “Automobilentzako zati eta osagarriak” (–% 43,2), “Burdinazko edo aleatu gabeko altzairuzko profilak” (–% 44,6) eta “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” (–% 94,0).
Joera positiboak izan dituzte honako partida hauek: “Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako” (% 2,1), “Boladun, arraboldun edo orraztun errondamenduak” (% 20,6) eta “Material-harroketa bidez metala zulatzeko, otxabutzeko, fresatzeko edo hariztatzeko makinak, tornuak salbu” (% 65,6).
URTEKO METATUA (2020KO LEHEN LAU HILABETEAK): kanpo-saldoak 1.060 milioi euroko superabita izan du, eta estaldura-tasa % 119,1ekoa da
2020ko lehen lau hilotan, Euskal AEko esportazioek % 21,4ko beherakada izan dute, aurreko urteko aldi beraren aldean, alegia, 1.795,5 milioi euro gutxiago. Aldi horretan zenbateko esportatzailea 6.610,5 milioikoa da, eta kopuru horri Bizkaiak egiten dio ekarpenik handiena, 2.606,8 milioikoa (guztizkoaren % 39,4), gero Gipuzkoak (2.177,9 milioi) eta, ondoren, Arabak (1.825,7 milioi).
Bizkaiko esportazioak Euskal AEko garrantzitsuenak dira, nahiz eta urte arteko beherakada % 18,9koa izan (2019an baino 609,1 milioi gutxiago). Araban, beherakada % 22,6koa izan da (533,2 milioi gutxiago) eta Gipuzkoan, % 23,1ekoa (653,2 milioi gutxiago). Esportatutako produktu mota aintzat hartuta, egiaztatzen da “Produktu ez-energetikoak” (1.512,6 milioi gutxiago) direla aurretik beherakada hori kontzentratzen dutenak, baina “energetikoek” ere atzera egin dute (282,9 milioi gutxiago).
2020ko lehen lau hiletan gehien saldu diren hamar produktuek (muga-zergen partidak) guztizkoaren % 39,7 kontzentratzen dute, 2.621,8 milioiko zenbatekoarekin. Horiek guztiek beherakadak izan dituzte 2019ko aldi beraren aldean. Beherakada horietako gehienak 50 milioi eurotik gorakoak dira, eta haietako bost nabarmendu behar dira, 100 milioi euro baino gehiagoko beherakadak izan baitituzte, eta lauk 150 milioi baino gehiagokoak. Zehazki, garraio-materialarekin zerikusia duten produktuak dira. Hala, “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” partidak % 52,5 egin du behera (189,1 milioi euro gutxiago), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak" partidak % 27,7 (194,8 milioi gutxiago), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” partidak % 34,9 egin du atzera (171,0 milioi gutxiago) eta “Automobilentzako zati eta osagarriak” partidak % 25,8 egin du behera (157,4 milioi gutxiago). Halaber, atzerapen nabarmena antzeman da “Petrolioaren olio finduak” partidan (–% 22,3 eta 109,4 milioi gutxiago).
2020ko hilotako ranking esportatzailean, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, esportatutako guztizkoaren % 16,2ren hartzailea. Alemaniaren ondoren, honako hauek daude rankingean, hurrenkera honi jarraikiz: Frantzia (% 15,6), Estatu Batuak (% 6,8) eta Erresuma Batua (% 6,7). Horrela, lau herrialdeen artean, esportazioen % 45,3ren hartzaile dira.
Euskal AErako inportazioen metatua, aintzat hartutako aldian, 5.550,3 milioi euro ingurukoa da. Zifra hori urte artean erkatuz gero, 2019ko aldi berean erregistratutakoa baino 1.343,5 milioi baxuagoa dela ikusten dugu. % 19,5eko beherakada hori izan da, zati handi batean, Bizkaiko lurraldean (3.187,2 milioiko balioa duten inportazioak ditu) aldi horretarako % 19,7ko beherakada egon delako, alegia, aurreko urteko hiruhileko berean baino 781,4 milioi gutxiago. Halaber, behera egin dute Gipuzkoako inportazioek (–% 19,5 eta 289,5 milioi gutxiago), bai eta Arabakoek ere (–% 18,9 eta 272,7 milioi gutxiago); inportatutakoaren balioa, bi lurralde horietan, 1.196,1 milioikoa eta 1.167,0 milioi eurokoa izan da, hurrenez hurren. “Produktu energetikoen” inportazioak % 27,5 egin du behera, eta “Produktu ez-energetiko”enak, % 16,6.
Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2020ko lehen lau hiletan, 1.060,2 milioi euroko saldo positiboa izan du, eta, nahiz eta aurreko urteko aldi berean erregistratutakoa baino 452 milioi gutxiago izan, aldeko estaldura-tasari eustea dakar, % 119,1ekoari.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62