2020/07/17ko prentsa-oharra
Euskal AEko ondasunen esportazioek % 36,0 egin dute behera 2020ko maiatzean
2020ko lehen bost hilotan, esportazioek % 24,7ko atzerapena izan dute aurreko urtearen aldean, baina euskal kanpo-merkataritzak oraindik 1.551 milioi euroko superabit soldata du
Euskadiko AEko ondasunen esportazioek % 36,0ko beherakada izan zuten, urte arteko tasa nominalean, Eustatek emandako datuen arabera. 1.560,3 milioi euro izan ziren eta, aurreko urteko hil berean, 2.439,7 milioi. Ondasun energetikoen esportazioek % 45,5eko beherakada izan zuten, eta ez-energetikoenek, % 35,3koa.
Hiru lurralde historikoek aurretik aipatutako joerari eusten diote, antzeko ehunekoekin, baina Bizkaian pixka bat nabarmenagoa da; izan ere, % 37,7ko atzerapena izan du. Ondoren Gipuzkoa (–% 35,5) eta Araba (–% 34,5) daude. Atzeraldi horiek Araban “Garraio-materiala”ren muga-zergen sekzioarekiko mendekotasunaren ondorio dira, eta, Bizkaian, “Produktu mineral eta energetiko”ekin duen loturaren ondorio.
Euskadiko AEko ondasunen inportazioek –1.069,3 milioi euroko zenbatekoa– % 43,8 egin zuten behera, 2019ko maiatzaren aldean. Inportazio energetikoek % 77,1 egin zuten behera (–% 40,3, baldin eta inportatutako tonak aintzat hartzen baditugu), eta ez-energetikoek, % 31,2. Lurralde-mailan, beherakadarik handiena Bizkaian erregistratu da (% 49,9), gero Araban (% 36,4) eta, azkenik, Gipuzkoan (% 34,1).
Saldo komertziala positiboa izan zen, 491 milioi euro ingurukoa. Zifra horrek superabit komertzialean % 8,5eko beherakada erakusten du, aurreko urteko aldi beraren aldean (536,7 milioi). Saldo komertzial “ez energetikoa” bakarrik aztertuta egiaztatzen da hura ere positiboa izan dela, eta 518,7 milioi eurotara iritsi dela; alegia, aurreko urtekoarekin alderatzen badugu (890,8 milioi), % 41,8ko beherakada.
Inportazioen gaineko esportazioen estaldura-tasa ehuneko 17,7 puntu handitu da, eta % 128,2koa izatetik % 145,9koa izatera igaro da. Tasa bera izan dute produktu “ez-energetikoek”; % 164,5etik % 154,6ra igaro dira.
Hil honetan, hamar herrialdetan –Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Italia, Belgika, Portugal, Herbeheereak, Polonia eta Txina– esportazioen % 68,5 metatu da. Gehienak EB-27ren barruan daude; erakunde horretan, 1.003,1 milioirekin, Euskadiko AEren ondasunen salmentaren % 64,3 kontzentratzen da.
ESPORTAZIOEN ANALISI SEKTORIALA (2020KO MAIATZA)
Jarduera-adarrak (A86) aztertuta, kategoria gehienetan itzulera esportatzailerako joera ikusten da; hala, haietako 5etan –guztira 48– baino ez dira erregistratzen igoerak –intentsoak edo ez hain intentsoak–. 10 garrantzitsuenetatik, bat baino ez da hazi aurreko urteko hil beraren aldean, “Kokeriak eta pertrolioa fintzea”; % 4,2 hazi da (91,9 milioi esportatu). Gainerako kasuetan, ehunekoak negatiboak izan dira, besteak beste: “Siderurgiak” % 22,4, eta “Kautxuzko produktuak” % 45,0.
Dagoeneko aipatutako kategoriaren beherakadaz gainera, itzulera esportatzailearen tamaina dela eta, honako adar hauek nabarmentzen dira: “Ibilgailu motordunen fabrikazioa” (–% 42,5 eta 335,2 milioi esportatu); “Material eta ekipo elektrikoa” (–% 35,8 eta 71,9 milioi), “Gai metalikoak” (–% 35,6 eta 127,5 milioi), “Burdinazkoak ez diren metalen ekoizpena” (–% 34,0 eta 58,9 milioi), “Erabilera orokorreko makineria” (–% 25,9 eta 181,0 milioi), “Beste garraio-material bat” (–% 25,2 eta 112,3 milioi), eta “Paperaren industria” (–% 25,4 eta 40,751,3 milioi).
2020ko maiatzean, 25 muga-zergen partida nagusietatik, 6 hazi egin dira eta 19k murrizketak izan dituzte, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Aldi horretan euskal esportazioaren bi partida garrantzitsuenak “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” eta “Salgaiak garraiatzeko automobilak” izan dira. Lehenengoak 165,9 milioi izan ditu, eta hilaren guztizkoaren % 10,6, % 27,4 egin baitu behera; bigarrenak % 43,3ko beherakada izan du eta, kasu horretan, esportatutako 96,4 milioien ondorioz guztizko beraren % 6,2.“Petrolioaren olio finduek” gora egin eta ranking esportatzailearen hirugarren posizioan daude; % 25,5eko gorakada izan dute, eta salmentak 86,7 milioi eurokoak izan dira.
Eskala horretako hurrengo partida “Automobilentzako zati eta osagarriak” izan da, eta % 60,0 egin du atzera. “Kautxuzko pneumatiko berriek” % 46,5 egin dute behera, eta “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” partidak, % 56,2; hala, rankingaren seigarren posizioan dago.
Ranking horretan eta zentzu positiboarekin, honako partida hauen hazkuntza garrantzitsuak aipa daitezke: “Produktu lau laminatuak, burdinazkoak edo altzairuzkoak aleatu, xaflatu eta estali gabe, 600 mm-tik beherakoak” (% 162,9) eta “Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak” (% 88,8).
ARABA. Esportazioak 2020ko maiatzean
Arabako Lurralde Historikotik egin den esportazioak % 34,5 egin du atzera. Hamar partida nagusiek (guztizkoaren % 74,2) hazkunde-tasa negatiboak izan dituzte, eta nabarmentzekoak dira, duten garrantziagatik, automobilgintzaren sektorearekin zerikusia dutenak: “Automobilentzako zati eta osagarriak” (–% 65,2), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (–% 48,7), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (–% 43,3) eta “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak" (–% 28,6).
BIZKAIA. Esportazioak 2020ko maiatzean
Bizkaian esportazioek % 37,7 egin dute behera. Fenomeno horretan honako partida hauek dute eragina, batez ere: “Automobilentzako zati eta osagarriak” (–% 57,1 eta 32,0 milioiko beherakada), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (–% 45,6 eta 25,5 milioiko beherakada) eta “0,2 mm baino gehiagoko lodiera duten aluminiozko xaflak eta tirak" (–% 48,6 eta 15,8 milioiko beherakada). Nabarmentzekoa da “Petrolioaren olio findu”en joera ona, % 25,8ko hazkuntza izan baitute, bai eta “Produktu lau laminatuak, burdinazkoak edo altzairuzkoak aleatu, xaflatu eta estali gabe, 600 mm-tik beherakoak” partidarena ere (% 168,2).
GIPUZKOA. Esportazioak 2020ko maiatzean
Gipuzkoak ere narriadura esportatzailea izan du hilabete honetan, gainerako lurralde historikoek bezala (–% 35,5); eta ez da harritzekoa, baldin eta kontuan hartzen badugu bere hamar partida esportatzaile nagusietako zazpik atzera egin dutela, aurreko urteko hil beraren aldean. Nabarmentzekoak dira honako partida hauen beherakadak: “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” (–% 56,2 eta 51,8 milioiko beherakada), “Automobilentzako zati eta osagarriak” (–% 60,7 eta 45,3 milioiko beherakada) eta “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak (–% 33,1 eta 15,1 milioiko beherakada).
Joera positiboak izan dituzte honako hauek: “Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak”, % 97,4ko igoera nabarmena izan baitu (15,8 milioiko igoera) eta “Paper-orea, papera edo kartoia lantzeko gainerako makinak, ebakigailuak barne” (% 644,9 eta 8,7 milioi gehiago).
URTEKO METATUA (2020KO LEHEN BOST HILABETEAK): kanpo-saldoak 1.551 milioi euroko superabita izan du, eta estaldura-tasa % 123,4koa da
2020ko lehen bost hilotan, Euskadiko AEko esportazioek % 24,7ko beherakada izan dute, aurreko urteko aldi beraren aldean, alegia, 2.675 milioi euro gutxiago. Aldi horretan zenbateko esportatzailea 8.170,8 milioikoa da, eta kopuru horri Bizkaiak egiten dio ekarpenik handiena, 3.185,8 milioikoa (guztizkoaren % 39,0), gero Gipuzkoak (2.706,2 milioi) eta, ondoren, Arabak (2.278,8 milioi).
Bizkaiko esportazioak Euskadiko AEko garrantzitsuenak dira, nahiz eta urte arteko beherakada % 23,1ekoa izan (2019an baino 959,0 milioi gutxiago). Araban, beherakada % 25,3koa izan da (772,3 milioi gutxiago) eta Gipuzkoan, % 25,9koa (943,7 milioi gutxiago). Esportatutako produktu-mota aintzat hartuta, egiaztatzen da “Produktu ez-energetikoak” (2.315,3 milioi gutxiago) direla aurretik aipatutako beherakada hori kontzentratzen dutenak, baina “energetikoek” ere atzera egin dute (359,7 milioi).
2020ko lehen bost hiletan gehien saldu diren hamar produktuek (muga-zergen partidak) guztizkoaren % 39,6 kontzentratzen dute, 3.237,8 milioiko zenbatekoarekin. Horiek guztiek beherakadak izan dituzte 2019ko aldi beraren aldean. Beherakada horietako gehienak 50 milioi eurotik gorakoak dira, eta haietako bost nabarmendu behar dira, 100 milioi euro baino gehiagoko beherakadak izan baitituzte, eta lauk 240 milioi baino gehiagokoak. Zehazki, automobilgintzarekin zerikusia duten produktuak dira. Hala, “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” partidak % 53,2 egin du behera (240,9 milioi euro); “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak" partidak, % 27,7 (257,4 milioi gutxiago), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” % 37,0 egin du behera (244,7 milioi gutxiago), eta “Automobilentzako zati eta osagarriak”, % 32,6 (248,0 milioi gutxiago). Halaber, atzerapen nabarmena antzeman da “Kautxuzko pneumatiko berriak” partidan (–% 23,6 eta 102,2 milioi gutxiago).
2020ko hilotako ranking esportatzailean, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, esportatutako guztizkoaren % 16,6ren hartzailea. Alemaniaren ondoren, honako hauek daude rankingean, hurrenkera honi jarraikiz: Frantzia (% 15,5), Estatu Batuak (% 6,7) eta Erresuma Batua (% 6,5). Horrela, lau herrialdeen artean, esportazioen % 45,2ren hartzaile dira.
Euskadiko AErako inportazioen metatua, aintzat hartutako aldian, 6.619,5 milioi euro ingurukoa da. Zifra hori urte artean erkatuz gero, 2019ko aldi berean erregistratutakoa baino 2.177,3 milioi baxuagoa dela ikusten dugu. % 24,8ko beherakada hori izan da, zati handi batean, Bizkaiko lurraldean (3.748,0 milioiko balioa duten inportazioak ditu) aldi horretarako % 26,3ko beherakada egon delako, alegia, aurreko urteko aldi berean baino 1.339,5 milioi gutxiago. Halaber, behera egin dute Gipuzkoako inportazioek (–% 22,7 eta 431,9 milioi gutxiago), bai eta Arabakoek ere (–% 22,5 eta 405,9 milioi gutxiago); inportatutakoaren balioa, bi lurralde horietan, 1.471,9 milioikoa eta 1.399,6 milioi eurokoa izan da, hurrenez hurren.
“Produktu energetikoen” inportazioak % 38,6 egin du behera, eta “Produktu ez-energetiko”enak, % 19,7.
Euskadiko AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2020ko lehen bost hiletan, 1.551,2 milioi euroko saldo positiboa izan du, eta aldeko estaldura-tasari eustea dakar, % 123,4koari.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62