2020/07/30eko prentsa-oharra

ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN KONTUAK. 2018

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko Administrazio Publikoen defizita BPGaren % 0,4 izan zen 2018an

Defizita 283 milioi eurora iritsi zen, eta 857 milioi eurotan murriztu zen 2017. urtearekin alderatuta

Euskal AEko administrazio publikoek (euskal administrazioek, lurraldean ezarritako Estatuko administrazioak eta lurraldean ezarritako Gizarte Segurantzak) 283 milioi euroko defizita izan zuten 2018an, hau da, aurreko urtean baino % 75,2 txikiagoa, Eustatek Europar Batasuneko Nazio eta Eskualde Kontuen Europako Sistemak (SEC-2010) ezarritako irizpideei jarraikiz landutako datuen arabera. Zenbateko hori BPGaren % 0,4 izan zen, hau da, aurreko urtean baino portzentajezko 1,1 puntu txikiagoa.

Administrazio publikoetatik, euskal administrazioek (hots, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udal-entitateek eta haien guztien mendeko eta administrazio publiko gisa sektorizatutako erakundeek) finantzaketa-ahalmen txikiagoa izan dute (BPGaren % 2,1 izan zen 2017an, eta % 1,5era murriztu zen 2018an). Lurraldean ezarritako administrazioan (Estatuan eta Gizarte Segurantzan), bilakaera positiboa izan zen, eta finantzaketa-premia BPGaren % 3,6tik % 1,9ra jaitsi zen 2017tik 2018ra bitarte.

Administrazio publiko guztien saldoaren bilakaera positiboa inguruko herrialdeetan ere gertatu zen. Izan ere, Europar Batasuna-28ko herrialdeetan, defizita (BPGarekiko proportzioan) portzentajezko 0,4 puntutan murriztu zen, eta % 1,1etik % 0,7ra jaitsi zen 2017tik 2018ra bitarte. Espainian, defizitak portzentajezko 0,5 puntuko beherakada izan zuen, eta BPGaren % 3,0tik % 2,5era jaitsi zen 2017tik 2018ra bitarte.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek 28.203 milioi euroko baliabide ez-finantzarioak kudeatu zituzten guztira 2018an. Enplegu ez-finantzarioak, berriz, 28.486 milioi eurora iritsi ziren. Baliabideek % 5,2ko igoera izan zuten 2017. urtearekin alderatuta, eta enplegu ez-finantzarioek igoera txikiagoa izan zuten (% 1,9koa).

graf0017504_01_e.png

Baliabide ez-finantzarioen barruan, partidarik garrantzitsuena gizarte-kotizazioena izan zen (baliabideen % 31,5), eta, atzetik, produkzioaren eta inportazioen gaineko zergena (% 30,9) eta errentaren, ondarearen eta abarren gaineko zergena (% 26,9). Nolanahi ere, azken horiek izan zuten igoerarik handiena aurreko urtearekin alderatuta (% 8,8koa, hau da, 2017an baino 613 milioi euro gehiago). Produkzioaren eta inportazioen gaineko zergek 489 milioi euroko igoera izan zuten, hau da, % 6,0koa. Gizarte-kotizazioek ere igoera handia izan zuten (% 3,6koa, hau da, 310 milioi euro gehiago). Guztira, baliabide ez-finantzarioek 1.384 milioi euroko igoera izan zuten 2017. urtearekin alderatuta (hau da, % 5,2ko igoera).

Enplegu ez-finantzarioak 28.486 milioi eurora iritsi ziren (2017an baino 527 milioi euro gehiago). Gasturik handieneko partida gauzazko gizarte-transferentziez bestelako gizarte-prestazioena izan zen (pentsioak barne); zehazki, prestazio horiek gastuaren % 40,9 izan ziren, eta 401 milioi euroko (% 3,6ko) igoera izan zuten aurreko urtearekin alderatuta. Soldatakoen ordainsaria gastuaren % 25,0 izan zen, eta % 2,1eko igoera izan zuen. Hurrengo partidarik garrantzitsuena bitarteko kontsumoarena izan zen (gastuaren % 14,1), eta % 2,6ko igoera izan zuen 2017. urtearekin alderatuta. Aitzitik, kapital-eraketa gordina eta kapital-transferentziak (ordaindu beharrekoak), batuta, gastuaren % 6,7 izan ziren, eta 146 milioi euroko beherakada izan zuten. Behera egin zuen garrantzi txikiagoko beste partida bat dirulaguntzena izan zen. Dirulaguntza horiek gastuaren % 2,0 izan ziren, eta 43 milioi euroko beherakada izan zuten 2017. urtearekin alderatuta.

Ikuspegi instituzionaletik, lurraldean ezarritako Estatuko administrazioak 658 milioi euroko saldo positiboa edo finantzaketa-ahalmena lortu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, beraz, aurreko urteko saldoa hobetu zuen. Izan ere, aurreko urtean 635 milioi euroko finantzaketa-premia izan zuen, 2017an foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren alde erabaki zen aurreko ekitaldietako kupoaren likidazioaren zenbateko osoa (2018an baliokiderik izan ez zuena) kontabilitate nazionalean egoztearen ondorioz. Bestalde, lurraldean ezarritako Gizarte Segurantzak 2.113 milioi euroko finantzaketa-premia izan zuen 2018an, hau da, 2017an baino 78 milioi euro gehiagokoa.

graf0017504_02_e.png

Euskal administrazioei dagokienez, haien finantzaketa-ahalmena 1.530 milioi eurotik 1.172 milioi eurora jaitsi zen 2017tik 2018ra bitarte.

Eusko Jaurlaritzako entitate guztien finantzaketa-ahalmenak 564 milioi euroko beherakada izan zuen, eta 1.095 milioi eurotik 531 milioi eurora jaitsi zen 2017tik 2018ra bitarte, 2017an euskal administrazioen alde erabaki zen aurreko ekitaldietako kupoaren likidazioaren zenbateko osoa (2018an baliokiderik izan ez zuena) kontabilitate nazionalean egoztearen ondorioz, arestian adierazi dugunez.

Hiru lurraldeetako foru- eta udal-administrazio guztiak kontuan hartuta, saldo positiboa izan zuten. Arabako foru- eta udal-administrazio osoaren saldo positiboa 42 milioi eurotan murriztu zen (99 milioi eurotik 57 milioi eurora jaitsi zen 2017tik 2018ra bitarte). Bizkaian, berriz, saldo positiboa 189 milioi eurotik 360 milioi eurora igo zen 2017tik 2018ra bitarte. Azkenik, Gipuzkoako administrazio guztiak kontuan hartuta, finantzaketa-ahalmena 146 milioi eurotik 224 milioi eurora igo zen 2017tik 2018ra bitarte.

graf0017504_03_e.png

Administrazio publikoen azken gastuaren egituran, azken kontsumoko gastua (hau da, administrazioek ondasun eta zerbitzuen produkzioan egindako gastua gehi merkatu-ekoizleek produzitu dituzten eta etxeetara zuzendu diren ondasun eta zerbitzuen eskuraketa –gauzazko gizarte-transferentziak–) barne-eskari publikoaren % 90,1 izan zen 2018an, eta kapital-eraketa gordina, berriz, % 9,9. Instituzionalki, inbertsioen % 91,2 euskal administrazioenak izan ziren, eta % 2,6ko igoera izan zuten 2017. urtearekin alderatuta; hortaz, inbertsioen zenbatekoa 1.207 milioi eurotik 1.239 milioi eurora igo zen 2017tik 2018ra bitarte. Gainerako % 8,8a lurraldean ezarritako Estatuko administrazio osoari (Estatuari eta Gizarte Segurantzari) dagokio, eta, nolanahi ere, % 24,4ko beherakada izan zuen (157 milioi eurotik 119 milioi eurora jaitsi zen 2017tik 2018ra bitarte).

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko Administrazio Publikoen defizita BPGaren % 0,4 izan zen 2018an

Eragiketa : 
Administrazio publikoen kontuak
Eragiketa kodea : 
173001
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2010-2023
Eguneratze data : 
2020/07/30
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0017504_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali