2020/10/26ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTU TURISTIKOAK ETA OROTARAKOAK. 2020KO IRAILA
2020ko udan, apartamentu turistikoak izan dira Euskal AEn osasun-krisiaren inpaktuari ondoen eutsi dioten establezimendu turistikoak
Arabako Errioxak, Bizkaiko Kostaldeak, Donostiak eta Gipuzkoako Kostaldeak izan dute balantzerik onena, bai sarreretan bai hoteletako ostatu-gauetan
2020KO UDAKO BALANTZEA: UZTAILA, ABUZTUA ETA IRAILA
2020ko uztailean, abuztuan eta irailean, apartamentu turistikoen sarrerek eta ostatu-gauek % 29,7 eta % 27,1 egin dute atzera, hurrenez hurren, aurreko urteko aldi beraren aldean, Eustatek eman dituen datuen arabera. Atzerakada horiek gainerako establezimendu turistikoen kasuan erregistratutakoak baino moderatuagoak dira.
Atzerrian bizi diren pertsonen sarrerak eragin ditu beherakada horiek. 2019ko udaren aldean, sarreretan % 66,4ko beherakadak egon dira eta ostatu-gauetan, % 59,5ekoa.
2020ko udako plazen okupazio-maila % 30,3koa izan da, 2019ko udan baino ehuneko 13,7 puntu txikiagoa. Apartamentuen araberako okupazio-maila dela eta, % 55,8ra iritsi da, aurreko urtearen aldean ehuneko 18,8 puntu gutxiago.
Lurralde historikoen arabera, Arabak izan ditu zifrarik onenak 2020ko udan; halere, sarrerak aurreko udako sarrera kopurua baino % 20 baxuagoak izan dira, eta ostatu-gauak, % 22,3 baxuagoak. Bizkaian, sarrerek % 31,4 egin dute behera, eta ostatu-gauek, % 27,7. Azkenik, Gipuzkoan sarrera-kopuruan eta ostatu-gauen kopuruan, 2019ko udako hilen aldean, % 30,4ko eta % 29,4ko beherakadak egon dira, hurrenez hurren.
2020ko udako ostatu-gauek % 48,5 egin dute behera Euskal AEko hotelen, landetxeen eta apartamentu turistikoen multzoan, 2019ko udaren aldean
Euskal AEko hotelen, landetxeen eta apartamentu turistikoen multzoan, 2020ko uztaileko, abuztuko eta iraileko balantzeak agerian uzten du COVID-19aren krisiak inpaktu handia izan duela sektorean. Bai sarrerek eta bai ostatu-gauek eragin nabarmena jasan dute, eta honako balio hauetan geratu dira: 588.441 sarrera eta 1.244.676 ostatu-gau. Alegia, % 46,4ko beherakada egon da sarreretan, eta % 48,5ekoa, ostatu-gauen kasuan.
Jarduera turistikoaren bilakaera desberdina izan da lurralde historikoetan. Bizkaiak jasan du osasun-krisiari aurre egiteko hartu diren neurrien eragin handiena; 2019ko udarekin alderatuta, % 57,4 jaitsi da sarrera-kopurua, eta % 56,4, ostatu-gauen kopurua. Ondoren, Arabak jasan du eragin gehien; bertan, sarrerek % 46,5 egin dute behera eta ostatu-gauek, % 46,7. Azkenik, Gipuzkoan, beherakadak oso handiak izan dira, baina ez hain nabarmenak: sarrerek % 33,3 egin dute behera eta ostatu-gauek, % 40,7.
2020ko udako hiletako bisiten jatorria dela eta, bereziki nabarmena izan da turista atzerritarren galera, % 68 egin baitute behera sarrerek eta % 71,2, ostatu-gauek. Estatuko turisten kasuan, % 26,4koa eta % 29,7koa izan da, hurrenez hurren.
Ondorioz, plazako okupazio-mailak Euskal AE osoan ehuneko 28,8 puntu egin du behera, eta, 2020ko udan, % 39,1ekoa izan da. Lurraldeen arabera, Araban aurtengo udan % 33,0koa izan da (aurreko udan ikusitakoa baino ehuneko 20,5 puntu gutxiago), Bizkaian, % 34,1ekoa (ehuneko 34,2 puntu egin du behera urte artean) eta, azkenik, Gipuzkoan, plazako okupazio-maila % 46,5ekoa izan da, alegia, 2019ko udan erregistratutakoa baino ehuneko 26,8 puntu baxuagoa.
Arabako Errioxa eta Gipuzkoako Kostaldea izan dira hoteletako ostatu-gauen beherakada arinena izan duten guneak
Gune geografikoen araberako analisiak aukera ematen du krisiaren intzidentzian sakontzeko, behintzat hotel-ostatuei dagokienez. Bizkaian –argi dago kalte handiena jasan duen lurraldea izan dela–, Bizkaiko Kostaldea izan da lurraldearen gainerakoarekin erkatuta bilakaera onena izan duen gunea, bai sarreretan (–% 41,1) bai ostatu-gauetan (–% 41,7).
Arabak tarteko egoera bizi izan du, baina nabarmentzekoa da Arabako Errioxa, ondoen eutsi dion gunea izan baita; % 40tik beherako jaitsierak izan ditu, bai sarreretan (–% 37,7) bai ostatu-gauetan (–% 38,5).
Gipuzkoan –lurralde horrek izan ditu zifra onenak–, Gipuzkoako Kostaldea nabarmendu behar da; % 30etik beherako jaitsierak izan ditu sarreretan (–% 29,7) eta ostatu-gauetan (% 35,2), baina, bai Donostiak bai haren metropolialdeak Euskal AEko batez bestekoarekin alderatuta izan dituzten beherakadak ahulagoak izan dira, eta 10 puntu baino gehiagoko aldea egon da EAErekin. Sarreretan –% 29,6 eta –% 36,8 egin dute behera, hurrenez hurren, eta ostatu-gauetan, –% 40,3 eta –% 40,7, hurrenez hurren.
2020KO IRAILEKO EMAITZAK
Apartamentu turistikoak direla, 2020ko irailean, sarrerek eta ostatu-gauek honako balioak izan dituzte: 4.452 eta 19.708, hurrenez hurren. Zifra horiek beherakada erakusten dute, 2019ko irailaren aldean, % 45,4koa sarreren kasuan eta % 32,8koa, ostatu-gauen kasuan. Intentsitate berezikoa izan da atzerritarren kasuan izan den beherakada; 2020ko irailean, atzerritarren sarreretan % 81,4ko beherakada erregistratu da, aurreko irailarekin alderatuta, eta, ostatu-gauetan, % 68,7ko beherakada.
Euskal AEko apartamentu turistikoetako batez besteko egonaldiak gora egin du, eta 4,43 egunekoa da 2020ko irailean; 2019ko irailean 3,59 egunekoa izan zen.
Azkenik, Bizkaian izan dute beherakada handiena sarrerek 2020ko irailean, aurreko urteko hil beraren aldean. Beherakada % 50,0koa izan da, eta 7.040 ostatu-gau izan dira (aurreko urtean baino % 37,2 gutxiago). Ondoren, Gipuzkoan, sarreretan % 42,7ko beherakada egon baita eta, ostatu-gauetan, % 38,3koa. Araban, sarrerek % 32,2 egin dute behera, 2019ko irailarekin alderatuta, eta ostatu-gauek, % 17,4.
Iraila da 2020ko udan portaera txarrena izan duen hila Euskal AEko turismo-ostatuetan, bai sarreretan bai ostatu-gauetan
2020ko irailean, Euskal AEko establezimendu turistikoetan erregistratu diren sarrerek eta ostatu-gauek % 58,8 egin dute behera; 141.977 sarrera eta 289.414 ostatu-gau egon dira. Uztailean, sarrerek % 44 egin zuten behera, eta, abuztuan, % 37,6, 2019ko hilekin alderatuta, eta ostatu-gauek, % 48,3 eta % 40,7, hurrenez hurren.
Lurralde-maila dela eta, nabarmena da urte arteko beherakada (2020ko iraila 2019ko irailaren aldean) Bizkaian; % 66,6koa sarreretan eta % 64,5eko beherakada ostatu-gauetan. Atzerakadaren intentsitatea aintzat hartuta, hurrengo lurraldea Araba da; bertan, sarrerek % 55,8 egin dute behera eta ostatu-gauek, % 52,4. Azkenik, Gipuzkoan, beherakadak % 50,5ekoak izan dira sarreren kasuan eta % 54,8koak, ostatu-gauetan.
Irailean oraindik itxita daude turismo-ostatuen % 15,1
Covid-19aren osasun-krisialdian, 2020ko martxotik aurrera, itxitako turismo-ostatuen kopuruaren bilakaerak erakusten du sektorearen gaineko hasierako inpaktua arindu egin dela, baina, halere, udako hiletan itxita egon diren establezimenduen ehunekoak oraindik bikoiztu egiten du, nabarmen, aurreko urtean erregistratutakoa. Hala, 2020ko apirilean erabat itxita egon ziren establezimenduen % 90,5 eta, uztailean, % 17,7, abuztuan, % 14,7 eta, irailean, % 15,1.
Oharra: Eustat-ek eskerrak eman nahi dizkie inkesta honetan elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei, egungo egoerak ezohikoak izan badira ere elkarlanean jarduteko egindako ahaleginagatik. Haiei esker, informazio hau zabaldu da, eta, haren bidez, COVID19aro aurre egiteko hartutako neurriek sektorearen gainean izan dituzten ondorioak kuantifikatu dira.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: Tel.: 945 01 75 62