2020/09/21eko prentsa-oharra
Kanpo Merkataritzaren Estatistika (KAMEE). 2020ko uztaila
Euskal AEko ondasunen esportazioak % 13,4 jaitsi ziren 2020ko uztailean
2020ko lehen zazpi hilabeteetan, esportazioek % 21,6ko atzerapena metatu dute aurreko urtearekin alderatuta
Euskal AEko ondasunen esportazioek % 13,4ko beheradaka izan zuten urte arteko tasa nominalean, EUSTATek emaniko datuen arabera. Zenbateko hori 1.857,2 milioi eurokoa izan zen, aurreko urteko hilabete bereko 2.143,5 milioien aldean. Ondasun energetikoen esportazioak % 54,3 jaitsi ziren, eta ez-energetikoenak % 10,1.
Hiru lurraldeek dute joera hori: Bizkaian nabarmenagoa da, % 18,8ko atzerakada izan baitu; ondoren, Gipuzkoan (-% 13,7) eta Araban (-% 7,0).
Euskal AEko ondasunen inportazioak, 1.339,2 milioi eurokoak, % 16,7 jaitsi ziren 2019ko uztailaren aldean. Inportazio energetikoak % 39,2 jaitsi ziren (-% 12,2 inportatutako tonak kontuan hartuz gero) eta ez-energetikoak % 8,8. Lurraldeka, jaitsierarik handiena Bizkaian izan da (% 23,0), gero Gipuzkoan (-% 14,5) eta, azkenik, Araban (-% 0,1).
Merkataritza-saldoa positiboa izan zen, 518,0 milioi euro ingurukoa. Kopuru horrek esan nahi du merkataritza-superabita % 3,5 jaitsi dela, aurreko urteko aldi beraren aldean (536,5 milioi). Merkataritza-saldo "ez-energetikoa" soilik aztertuz gero, ikusten da saldo hori ere positiboa izan dela eta 699,1 milioira iritsi dela; horrek esan nahi du, aurreko urtekoarekin alderatuta (795,0 milioi), % 12,1eko jaitsiera izan dela.
Esportazioek inportazioen aldean duten estaldura-tasa ehuneko 5,3 puntu igo da, % 133,4tik % 138,7ra. Produktu "ez-energetikoen" tasa bera % 166,8tik % 164,4ra iragan da.
Hilabete honetan, hamar herrialdek –Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Italia, Portugal, Erresuma Batua, Belgika, Polonia, Txina eta Mexiko– esportazioen % 68,6 biltzen dituzte. Gehienak EB-27koak dira. Erakunde horrek, 1.148,0 milioirekin, Euskal AEko ondasunen salmenten % 61,8 biltzen ditu.
ESPORTAZIOEN SEKTOREKAKO AZTERKETA (2020KO UZTAILA)
Jarduera-adarrak (A86) aztertuz gero, ikusten da esportazioek suspertzeko joera dutela aurreko hilabeteekin alderatuta; hala, horietako 14tan –guztira 48 izanik– nolabaiteko hazkunde sendoak erregistratu dira. 10 garrantzitsuenetatik hiruk baino ez dute gora egin aurreko urteko hil beraren aldean. Horien artean nabarmentzekoa da "Material eta ekipo elektrikoa", % 24,8rekin (2020ko uztailean 89,3 milioi); beste biak dira "Erabilera orokorreko makineria" (% 1,7 eta 230,6 milioi) eta "Gai metalikoak" (% 1,1, 131,4 milioi). Gainerako kasuetan ehuneko negatiboak daude; muturretan, ”Kautxuzko produktuen” -% 1,2 eta “Kokeriak eta petrolioa fintzea” delakoaren -% 54,3.
Aipaturiko kategorien beherakadaz gain, nabarmentzen dira, esportazioen atzerakadaren garrantziagatik, ”Garraioko beste materiala" (-% 49,0 eta 56,5 milioi esportatuak) eta “Makina-erremintak" (-% 22,9 eta 55,6 milioi).
2020ko uztailean, 25 muga-zergen partida nagusietatik 13k gora egin dute, eta 12k, berriz, behera, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Aldi horretan Euskal AEko esportazioak izan dituen bi partida garrantzitsuenak izan dira "10 pertsona baino gutxiagoko turismoak" eta "Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak". Lehenengoak, 218,0 milioi eurorekin, hilaren guztizkoaren % 11,7 hartu du, urte arteko % 16,1eko jaitsiera izan ondoren; bigarrenak % 9,0ko igoera izan du, eta, kasu horretan, esportatutako 178,7 milioiek guztizko kopuru horren % 9,6 hartzen dute. "Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak" hirugarren posizioan daude esportazioen rankingean, % 40,0ko atzerakada izan badute ere aurreko urteko hil beraren aldean, 104,7 milioi euroko salmenta-kopuruarekin.
Hurrengo partida, "Kautxuzko pneumatiko berriak", % 1,0 jaitsi da bakarrik, eta "Petrolioaren olio finduak" % 60,8 jaitsi dira. Seigarren tokian daude "Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako”, % 14,3 igo direnak. Joera positibo horri eutsi zaio harik eta rankingeko hamaikagarren posiziora iritsi arte. Nabarmentzekoak dira "Eskuzko erremintetarako tresna trukagarriak edo makina-erremintetarako" (% 100,5), "Altzairu herdoilgaitzezko barrak eta profilak" (% 29,4) eta "Hamar pertsona edo gehiago garraiatzeko ibilgailu automobilak, gidaria barne" (% 19,6).
Sailkapen horren barruan eta zentzu positiboan honako hauen hazkunde garrantzitsuak ere aipa daitezke: "Findu gabeko kobrea; fintze elektrolitikorako kobrezko anodoak" (% 169,0), "Materiak bero bidez tratatzeko aparatuak" (% 84,8) eta "Motor eta sorgailu elektrikoak (ekipo elektrogenoak izan ezik)" (% 52,5).
ARABA. 2020ko uztaileko esportazioak
Arabako Lurraldetik egindako esportazioak % 7,0 egin du behera. Hamar partida nagusietatik (guztizkoaren % 76,3) lauk hazkunde-tasa positiboak izan dituzte, eta duen garrantziagatik nabarmentzen da "Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak" izenekoa, automobilaren sektorearekin lotutakoa (% 9,2). Hala ere, sektore bereko beste partida batzuek ez diote joera berari eutsi, hala nola "10 pertsona baino gutxiagoko turismoek" (-% 16,5) eta "Ibilgailu automobilen zati eta osagarriek" (-% 15,9).
BIZKAIA. 2020ko uztaileko esportazioak
Bizkaian esportazioek % 18,8 egin dute behera. Gertakari horri egindako ekarpenik handiena, beste hilabete batez ere, "Petrolioaren olio finduak" partidan biltzen da (-% 61,0 eta 84,2 milioiko jaitsiera); norabide berean ere daude “Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak" (-% 62,1 eta 63,0 milioi gutxiago), “0,2 mm baino gehiagoko lodiera duten aluminiozko xaflak eta tirak" (-% 46,4 eta 12,7 milioiko atzerakada) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (-% 10,9), besteak beste. Nabarmentzekoa da honako hauen portaera ona: "Esku-erremintetarako tresna trukagarriak edo makina-erremintetarako", % 119,9ko hazkundearekin (2019ko uztailean baino 18,8 milioi gehiago); "Petrolio-olioen edo mineral bituminosoen kokea, betuna eta gainerako hondakinak" (% 475,5 eta 11,0 milioi gehiago); eta "Findu gabeko kobrea; fintze elektrolitikorako kobrezko anodoak" (% 169,0 eta 10,3 milioiko hazkundea).
GIPUZKOA. 2020ko uztaileko esportazioak
Gipuzkoan ere okerrera egin dute esportazioek hilabetean, gainerako lurraldeetan bezala (-% 13,7), baina bere hamar partida esportatzaile nagusien artean bostek atzera egin dute eta beste hainbestek gora, aurreko urteko hil beraren aldean. Lehenengoen artean, honako hauen jaitsierak nabarmentzen dira: “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako" (-% 82,9 eta 48,2 milioi gutxiago), "Trenbideetarako edo antzekoetarako ibilgailuen zatiak" (-% 20,0 eta 3,1 milioi gutxiago), "Burdinazko edo aleatu gabeko altzairuzko profilak" (-% 25,5 eta -6,5 milioi) eta "Makina-erremintarako zatiak eta osagarriak" (-% 26,4 eta -3,6 milioi). Bigarrenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: "Hariak, elektrizitate-eroale diren kable isolatuak eta zuntz optikozko kableak" (% 344,5 eta 9,0 milioi gehiago) eta "Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako” (% 24,4 eta 6,0 milioiko urte arteko hazkundea).
URTEKO METATUA (2020KO LEHENENGO ZAZPI HILABETEAK): kanpoko merkataritza-saldoak 2.745 milioi euroko superabita du, eta estaldura-tasa % 129,9tan dago
2020ko lehenengo zazpi hilabeteetan, eta Euskal AEko esportazioetan, % 21,6ko jaitsiera izan da aurreko urteko aldi beraren aldean; hau da, 3.279,8 milioi euro gutxiago. Aldi horretan esportazioen zenbatekoa 11.918,6 milioikoa izan da, eta Bizkaiak egin du ekarpenik handiena: 4.532,1 milioi (guztizkoaren % 38,0). Ondoren, Gipuzkoak (3.819,0 milioi) eta Arabak (3.567,5 milioi).
Bizkaiko esportazioak dira Euskal AEko garrantzitsuenak, urte arteko % 20,3ko jaitsiera izan arren (2019an baino 1.154,6 milioi gutxiago). Araban % 19,7 jaitsi dira (876,2 milioi gutxiago), eta Gipuzkoan % 24,6 (1.248,9 milioi gutxiago).
Esportatutako produktu-motari dagokionez, "Produktu ez-energetikoak" dira beherakada handiena izan dutenak, 2.766,2 milioi gutxiagorekin; hala ere, "energetikoak" ere jaitsi dira (513,6 milioi).
2020ko lehen zazpi hilabeteetan gehien saldutako hamar produktuak (muga-zergen partidak) 4.803,9 milioi eurokoak dira, guztizkoaren % 40,3. Guztiek egin dute atzera 2019ko aldi berarekin alderatuta. Jaitsiera horien erdiak 100 milioi eurotik gorakoak izan dira, eta horietatik hiru nabarmentzekoak dira, 350 milioi euro inguruko jaitsierekin. Zehazki, automobilgintzarekin zerikusia duten produktuak dira; izan ere, “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako" izenekoak % 57,4 egin du behera (-354,1 milioi euro), "10 pertsona baino gutxiagoko turismoek" % 23,6 egin dute behera (-339,6 milioi), "Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilek" % 19,2 egin dute behera (-179,2 milioi) eta "Ibilgailu automobilen zati eta osagarriek" % 32,3 (-347 milioi).
2020ko hilabete hauetako esportazio-rankingaren arabera, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, esportatutako guztizkoaren % 17,6 hartzen baitu. Alemaniaren atzetik, Frantzia (% 15,5), Estatu Batuak (% 7,1) eta Erresuma Batua (% 6,0) daude; horrela, lau herrialdeen artean esportazioen % 46,3 biltzen dira.
Inportazioen metatua, Euskal AE osorako, 9.173,5 milioi eurokoa izan da aipaturiko aldian. Kopuru hori urte artean konparatuta, ikusten da ezen 2.860,5 milioi gutxiagokoa izan dela 2019ko aldi berekoaren aldean. % 23,8ko jaitsiera hori, hein handi batean, gertatu da Bizkaiko lurraldean (5.119,8 milioi euroko inportazioekin) aldi horretan % 26,4ko jaitsiera izan delako, hau da, aurreko urteko aldi berean baino 1.834,1 milioi gutxiago. Gipuzkoako inportazioek ere behera egin dute (-% 21,2 eta 546,1 milioi gutxiago), nola Arabakoek ere (-% 19,2 eta 480,3 milioi gutxiago). Inportatutakoaren balioa 2.029,3 eta 2.024,4 milioi eurokoa izan da bi lurralde horietan, hurrenez hurren. "Produktu energetikoen" inportazioa % 41,2 jaitsi da, eta "Produktu ez-energetikoena" % 17,7.
Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2020ko lehenengo zazpi hilabeteetan, 2.745,1 milioi euroko saldo positiboa izan du. Aurreko urteko aldi berean baino 419,3 milioi gutxiagokoa izan bada ere, % 129,9ko aldeko estaldura-tasa bati eustea ahalbidetu du.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62