2020/11/19ko prentsa-oharra

KANPO MERKATARITZAREN ESTATISTIKA (KAMEE). 2020ko iraila

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2020ko irailean Euskal AEko produktu ez-energetikoen esportazioak % 0,5 jaitsi dira

Energia-esportazioen bilakaera negatiboak (-% 68,9) guztizko esportazioek % 8,2 atzera egin izana ekarri du

Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioak (1.958,8 milioi euro) % 8,2 jaitsi ziren 2020ko irailean aurreko urteko hil beraren aldean. Esportazioen atzerakada hori azken zazpi hilabeteetako txikiena izan da.

2020ko iraileko esportazioen bilakaera oso baldintzatuta dago produktu energetikoen portaerak; izan ere, % 68,9ko beherakada handia izan dute produktu energetikoek, baina produktu ez-energetikoen esportazioek % 0,5 baino ez dute egin atzera.

Bestalde, inportazioek (1.245,4 milioi) % 23,5 egin zuten behera; produktu ez-energetikoek % 12,2 egin zuten behera, eta beherakada hori produktu energetikoek aise laukoiztu zuten (-% 53,8).

graf0017770_01_e.png

Jarduera-adar esportatzaileak aztertuz gero (A86), hil honetan nabarmentzekoa da “Erabilera orokorreko makineria” % 13,6 hazi dela, eta esportazio-bolumen handienekoa den “Ibilgailu motordunak” izenekoa % 9,6; hala ere, beherakadak izan dira “Siderurgiako produktuetan” (-% 29,0) eta “Garraioko beste materialean” (-% 19,7), esportazio-bolumen handieneko adarren artean.

Lurraldeka, Bizkaiak izan du esportazioetan portaerarik txarrena, esportazioak -% 21,6 jaitsi baitira lurraldean, aipaturiko energia-esportazioak murriztu direlako (-167,0 milioi, % 69,3ko beherakadarekin). Energia-esportazioaren atzerakada hori, funtsean, produktu hauetan kontzentratzen da: "Gasolioa", "Fuel-olioa", "Naftalenoa", "Olio lubrifikatzaileak", "Petrolioaren betuna", "Oktanaje baxuko gasolinak" eta "Beste olio arin batzuk". Produktu ez-energetikoen artean, % 14,7 igo da "Material elektrikoaren" esportazioa, eta % 10,7 "Garraio-materialarena".

Esportazioa % 3,4 hazi da Araban, eta lehenengo tasa positiboa izan du 2020ko martxotik. 2020ko irailean Arabako esportazioek gora egin dute "Garraio-materiala" (% 9,8, 36,2 milioi), "Material elektrikoa" (% 35,1) eta "Plastikoak eta kautxua" (% 14,8) igo direlako.

Gipuzkoak % 2,3 egin du atzera, batez ere "Garraio-materiala" (-% 11,9, 25,4 milioi gutxiago) eta "Metalak eta beren manufakturak" (-% 7,5, -8,6 milioi) jaitsi direlako.

Irailean bost herrialde (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Italia) izan dira Euskal AEko bezero nagusiak, esportazio guztien % 54,4 hartu baitzituzten (1.065,6 milioi). Horietarik hiru EB-27koak dira, esportatutakoaren % 64,6 biltzen duen erakundekoak; ehuneko hori % 73,0 izan litzateke lehengo EB-28rako.

Alemaniara eta Portugalera egindako esportazioak % 14,5 eta % 0,1 hazi dira, baina Europako gainerako herrialde nagusietara zuzendutakoek urte arteko datu negatiboak izan dituzte, hala nola Frantziarakoek (-% 8,1), Erresuma Baturakoek (-% 29,8), Italiarakoek (-% 5,2), Belgikarakoek (-% 36,2) eta Herbehereetarakoek (-% 1,0). Hilabete honetan, Estatu Batuetara egindako salmentak % 25,7 jaitsi dira, eta baita Txinara (-% 6,6) eta Mexikora (-% 1,3) egindakoak ere.

Inportazioen erdiak baino gehiago EB-27tik etorri dira (% 57,2), eta desagertutako EB-28tik % 60,3ra iritsi lirateke. Europako herrialde garrantzitsuenen artean, Polonia nabarmendu da alde positiboan, % 37,6ko hazkundearekin; ondoren Errusia (% 29,6), Herbehereak (% 17,9) eta Erresuma Batua (% 13,1). Kontrako noranzkoan, Irlanda (-% 43,5) eta Alemania (-% 18,9) nabarmentzen dira. Munduko gainerako lekuetarako, Txinatik (-% 9,8) eta Venezuelatik (-% 47,5) etorritako inportazioak ere gutxitu egin dira; aldiz, Mexikotik (% 37,8) eta Estatu Batuetatik (% 5,3) etorritakoak gehitu egin dira.

2020ko irailean merkaturatutako produktuak

Xehetasunetara joanda, ikusi da ezen 2020ko irailean hamar Muga-zergen Partida nagusiek esportazioen % 46,5 bildu zituztela, 911,7 milioi euroko balio bateratuarekin. Nabarmentzekoak dira, igoera nahiko ezberdinekin, "Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak" (% 624,2 eta 90,5 milioi gehiago 2019ko irailean baino) eta "Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak" (% 55,2 eta 61,3 milioi gehiago). Beste muturrean daude erabat "Petrolio-olio finduak" (-% 66,4, 120,6 milioi gutxiago) eta "Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabe, burdinazkoak edo altzairuzkoak" (-% 50,4 eta 20,3 milioi gutxiago). Hilabete honetan 10 partida nagusietatik erdiak automobilgintzaren sektorekoak dira, urte arteko % 26,1eko hazkundearekin, aurreko urteko hilabete berean baino 149,7 milioi gehiago esportatzea lortu baitu.

graf0017770_02_e.png

Jarduera-adarren araberako inportazioei dagokienez (A86), garrantzitsuena, "Erauzketa- eta petrolio-industriak" deritzona (guztirakoaren % 13,4), % 62,2 jaitsi da, baita "Erabilera orokorreko makineria" (-%1,5) eta "Siderurgiako produktuak" (-% 24,9) ere. Lehenengo 10en artean gora egin duen jarduera-adar bakarra "Burdinazkoak ez diren metalak" izan da, % 13,4 hazi baita, 2019ko irailean baino 7,2 milioi gehiagorekin.

Muga-zergen partidetarako, pisu espezifiko handiena duen partidak, "Petrolioaren edo mineral bituminosoen olio gordinak" izenekoak (guztizkoaren % 12,5), % 51,6ko atzerakada izan du. Joera hori 25 muga-zergen partida nagusietatik 15ek daukate, eta horien artean nabarmentzekoak dira "Konpresio, diesel edo erdi-diesel bidez pizten diren pistoizko motorrak" (-% 63,1) eta “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak” (-% 92,3). "Petrolio-olio finduak" nabarmen igo dira, eta % 1.414,4ko igoerarekin hilabete honetan gehien inportatutako hirugarren produktua da; zehazkiago, funtsean "Sufre gutxiko gasolioak" dira.

2020KO LEHEN HIRU HIRUHILEKOEN BALANTZEA

Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak 3.641,8 milioi euroko saldo positiboa izan du 2020ko lehenengo bederatzi hilabeteetako metatuan

Lehenengo bederatzi hilabeteetan, Euskal AEko esportazioak % 19,7 gutxitu dira aurreko urteko aldi beraren aldean; 3.718,9 milioi euro gutxiago, alegia. Aldi horretako esportazio-zenbatekoa 15.156,5 milioikoa izan da, hau da, 3.641,8 milioi euroko merkataritza-saldoa, 2019ko aldi berean erregistratutakoa baino 86,7 milioi gutxiago. Ondorioz, estaldura-tasa % 131,6koa da, 2019koa baino ehuneko zazpi puntu handiagoa, esportatutako milioi euroetako beherakada gordina gorabehera.

Aldi horretan, esportazioak 15.100 milioi eurotik gorakoak izan dira; Bizkaian 5.689,9 milioi izan dira, Gipuzkoan 5.011,3 eta Araban 4.455,3. Aldi hori 2019. urterako metatuarekin alderatzen badugu, ikusten dugu jaitsiera nabarmenak izan direla hiru lurraldeetan: Gipuzkoan -% 21,0 (1.331,6 milioi gutxiago), Bizkaian -% 20,7 (-1.481,6 milioi) eta Araban -% 16,9 (-905,7 milioi).

2020ko lehenengo bederatzi hilabeteotako rankingaren arabera, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, esportazio guztien % 17,6rekin (2.664,8 milioi). Alemaniaren atzetik, Frantzia (% 15,5 eta 2.351,5 milioi), Estatu Batuak (% 6,7 eta 1.014,4 milioi) eta Erresuma Batua (% 6,4 eta 966,8 milioi) daude, lau herrialdeen artean aldi horretako Euskal AEko esportazioen ia erdiak (% 46,2) bilduta.

Euskal AE osoko inportazioen metatua, aztertutako aldian, 11.514,7 milioi eurokoa izan da. Kopuru hori urte batetik bestera alderatuz gero, ikusten da iazko aldi berean baino 3.632,2 milioi gutxiago direla.

2020ko lehenengo bederatzi hilabeteetan zehar gehien saldu diren hamar produktuek (muga-zergen partidak) 6.035,7 milioi euro bildu dituzte, guztizkoaren % 39,8. Horietatik guztietatik, batek bakarrik ez du atzera egin, "Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak" deritzonak, % 85,5eko hazkundearekin eta 131,7 milioi gehiagorekin. Gainerako partidak 2019ko aldi berean esportatutakoaren azpitik daude. Aipatutako jaitsiera gehienak 100 milioi eurotik gorakoak dira, eta horietatik lau, gainera, nabarmentzen dira 350 milioi eurotik gorako beherakadekin; hiru automobilgintzaren sektoreko partidekin lotuta daude. Hala, "10 pertsona baino gutxiagoko turismoak" deritzona % 21,8 jaitsi da (369,3 milioi gutxiago), "Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak" delakoa % 26,5 jaitsi da (356,6 milioi gutxiago) eta "Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako" % 66,5 (-537,6 milioi gutxiago). "Petrolio-olio finduek” ere nabarmen egin dute behera (-% 36,9 eta 388,5 milioi gutxiago).

graf0017770_03_e.png

Euskal AE osorako inportazioen metatua 11.514,7 milioi euro ingurukoa izan da denbora-tarte horretan. Urte artean kopuru hori konparatuz, 2019ko aldi berean erregistratutakoa baino 3.632,2 milioi txikiagoa dela ikusten dugu. Jaitsiera hori (% 24,0), neurri handi batean, Bizkaian (6.346,3 milioiko inportazio metatuekin) % 28,2ko beherakada izan delako gertatu da, hau da, aurreko urteko aldi berean baino 2.492,5 milioi gutxiago. Gipuzkoako inportazioek ere behera egin dute (-% 19,5 eta 633,0 milioi gutxiago), Arabakoek bezalaxe (-% 16,6 eta 506,6 milioi gutxiago); inportatutakoaren balioa 2.614,4 eta 2.554,1 milioi eurora iritsi da bi lurralde horietan, hurrenez hurren.

"Produktu energetikoen" inportazioa % 44,8 jaitsi da, eta "Produktu ez-energetikoena" % 16,3.

Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak 3.641,8 milioi euroko saldo positiboa du 2020. urtean oraingoz. Aurreko urteko aldi berean baino 86,7 milioi gutxiagokoa bada ere, estaldura-tasa positiboa da, eta % 124,6tik % 131,6ra igo da.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2020ko irailean Euskal AEko produktu ez-energetikoen esportazioak % 0,5 jaitsi dira

Eragiketa : 
Kanpo-merkataritzaren estatistika
Eragiketa kodea : 
143101
Periodikotasuna : 
Hilekoa
Denbora arloa : 
Apirila 2025
Eguneratze data : 
2020/11/19
Hurrengo eguneratzea : 
2025/07/18
Eragiketa mota : 
Beste batzuk
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0017770_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Su feedback.   Ayúdenos a adaptar nuestra web a sus necesidades

¿Cómo valora usted la información de esta página?
Muy útil
Útil
Poco útil
Nada útil
¿Tiene alguna sugerencia que hacer?
Si, tengo
Enviar