2020/12/18ko prentsa-oharra

KANPO-MERKATARITZA ESTATISTIKA (KAMEE). 2020ko urria

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2020ko urrian Euskal AEko produktu ez energetikoen esportazioak % 7,2 jaitsi ziren

2020ko lehenengo hamar hilabeteetan Euskal AEk Erresuma Batura egin dituen esportazioak 1.1000 milioitik gorakoak izan dira, eta 701 milioi euroko saldo positiboa eman dute

Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.001,3 milioi euro) % 15,3ko beherakada izan zuten 2020ko urrian, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, EUSTATek prestatutako datuek erakusten dutenez.

Produktu energetikoen portaerak asko baldintzatu du 2020ko urriko esportazioen bilakaera; izan ere, % 89,3ko oso beherakada nabarmena izan dute. Ehuneko horrek apirilean erregistratu zen eta orain arteko handiena zen jaitsiera (-% 81,1) gainditzen du, 2019ko urtarrilean hasitako joera negatiboaren barruan. Produktu ez-energetikoen esportazioek % 7,2 egin dute atzera.

Antzekoa izan da inportazioen bilakaera (1.406 milioi), % 20,0 jaitsi baitziren, produktu energetikoek (-% 61,5) eta ez-energetikoek (-% 4,8) behera egin zutelako.

graf0018035_01_e.png

Lurralde historikoen arabera, Bizkaia da esportatzeko joera txarrena erakutsi duena, esportazioek % 23,9 egin baitute behera, aipatutako esportazio energetikoek behera egin dutelako (-208,5 milioi, % 89,7ko beherakadarekin). Energiaren arloko esportazioek jasan duten atzerakada hori, “Naftalenoa”, “Olio lubrifikatzaileak”, “Petrolio-betuna”, “Berunik gabeko gasolinak” eta “Olio gordinak” produktuetan kontzentratzen da batez ere, eta baita “Gasolioan” eta “Fuelean” ere, hilabete honetan oso esportazio maila txikiak erregistratzen baitituzte. Lurralde horretan produktu ez-energetikoak % 1,4 jaitsi dira.

Gipuzkoak % 15,4 murriztu ditu bere esportazioak, “Garraio-materialak” (% 19,2 eta 35,1 milioi gutxiago) eta “Material elektrikoak” (-% 22,2 eta -64,9 milioi) behera egin dutelako, batez ere.

Arabako esportazioak % 3,8 egin du behera, eta eten egin da aurreko hileko tasa positiboa. 2020ko urrian Arabako esportazioen beherakada txiki horren zergatia (2/3 baino gehiago) “Metalen eta haien manufakturen” beherakada izan da (-% 17,3 eta 18,6 milioi gutxiago).

Urrian, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Estatu Batuak) izan dira EAEko bezero nagusiak, esportazio guztien % 53,7 (1.074,8 milioi) eurenganatuta. Lehenengo hirurak EB27 izenekoaren, esportatutako guztiaren % 66,1 biltzen duen erakundearen, barruan daude. Ehuneko hori % 73,0koa zatekeen une honetan desagertuta dagoen EB28an.

Hilabete honetan Euskal AEko esportazioak bildu dituzten hamabi herrialdeak kontuan hartuz gero, ikusiko dugu horietatik hirutan bakarrik eman direla urte arteko tasa positiboak: Italiak % 47,5 egin du gora, Austriak % 19,5 eta Alemaniak % 0,9 baino ez. Hilabete honetan Estatu Batuetara egindako salmentak % 41,1 jaitsi dira, eta Txinara (-% 14,2) eta Mexikora (-% 2,7) bideratutakoek ere behera egin dute.

Inportazioen erdia baino gehiago EB27tik etorri dira (% 61,8), eta % 64,0ra iritsiko ziren EB28 desagertuaren kasuan. Europako herrialde garrantzitsuenen artean, Alemaniara (% 4,7), Frantziara (% 14,1) eta Poloniara (% 48,4) egindako erosketek gora egin dute. Hala ere, behera egin dute Portugaletik (-% 1,7), Italiatik (-% 12,7) eta Belgikatik (-% 19,4) etorritakoek. Munduko gainerako herrialdeetarako, Txinan (-% 13,7) eta Estatu Batuetan (-% 32,3) jatorria duten inportazioak ere jaitsi egin dira. Mexikokoek, berriz, gora egin dute (% 15,3).

2020ko urrian komertzializatutako produktuak

Esportazioei dagozkien jardueraren adarrak (A86) aztertuz gero, ikus dezakegu hilabete honetan nabarmentzekoa dela Kokeriak eta petrolioa fintzea izenekoa hondoratu egin dela % 86,2 jaitsi baita aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, eta esportazio-bolumena 24,5 milioi eurokoa baino ez da izan. Beheranzko joera horren barruan sartzen dira, halaber, “Produktu siderurgikoen” (-% 14,6), “Erabilera orokorreko makineriaren” (-% 10,7) eta “Motordun ibilgailuen” (-% 1,3) jarduera-adarrak. Kontrako noranzkoan, nabarmentzekoa da “Burdinazkoak ez diren metalen” igoera handia (% 74,3).

Xehetasunetara jaitsiz, egiaztatu da, 2020ko urrian, muga-zergen hamar partida nagusiek esportazioen % 42,9 bildu zutela, eta beraien baterako balioa 858,7 milioi eurokoa izan zela; era askotako igoerekin, hauek nabarmentzen dira: “Trenbideetarako edo antzekoetarako ibilgailuen zatiak” (2019ko urrian baino % 151,0 eta 33,1 milioi gehiago), “Merkantziak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (% 42,6 eta 54,6 milioi gehiago) eta, batez ere, “Kobre findua eta kobre-aleazioak, gordinik” (% 3.581,2 eta 50,8 milioi gehiago). Guztiz kontrakoa gertatzen da “Petrolio-olio finduetan” (-% 90,5, 149,5 milioi gutxiago) eta “10 pertsona baino gutxiagoko turismoetan” (-% 22,0 eta 54,1 milioi gutxiago).

Hilabete honetan, 10 partida nagusietatik, erdiak automobilgintzaren sektorekoak dira, urte arteko % 5,4ko igoerarekin, aurreko urteko hilabete berean baino 34,2 milioi gehiago esportatzea lortu baitu.

graf0018035_02_e.png

Inportazioen kasuan, jarduera-adarren arabera (A86), garrantzitsuena, inportatutako kopuruari dagokionez, lehen postuan “Motordun ibilgailuen fabrikazioa” dago, % 10,4ko igoera izan baitu, 177,8 milioirekin; “Erauzketa- eta petrolio-industriek”, berriz, % 72,0ko beherakada izan dute, eta “Erabilera orokorreko makineriak” (-% 13,0) eta “Produktu siderurgikoek” (-% 15,9) ere joera bera erakusten dute.

Muga-zergen partidei dagokienez, pisu espezifiko handiena duenak, “Petrolio-olio gordinak edo mineral bituminosoarenak” (guztizkoaren % 7,5), % 70,1eko atzerakada izan du. Ezaugarri hori muga-zergen 25 partida nagusietatik 10ek erakusten dute, eta horien artean “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak” (-% 84,6) nabarmentzen da. “Petrolio-olio finduen” gorakada nabarmena erregistratu da, % 176,4koa, 58 milioiko igoerarekin, eta hilabete honetan gehien inportatu den laugarren produktua izan da (hirugarrena izan zen joan den hilean). Beraz, badirudi produktu horren kasuan EAEn ekoizten ez dena inportatzen dela; are gehiago zehaztuz gero, esan dezakegu, funtsean, “Sufre gutxiko gasolioak” eta “Kerosenoa/karburorreaktorea” direla.

2020KO LEHEN HAMAR HILABETEEN BALANTZEA

Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak 4.237 milioi euroko saldo positiboa izan du 2020ko lehen hamar hilabeteetako merkataritza metatuan

Lehen hamar hilabeteetan, EAEko esportazioek % 19,2ko beherakada izan dute, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, hau da, 4.079,9 milioi euro gutxiago. Esportazioaren zenbatekoa 17.157,8 milioi eurokoa da, hau da, 4.237,0 milioi euroko merkataritza-saldoa, 2019ko epe berean baino ia 97 milioi gutxiago. Ondorioz, estaldura-tasa % 132,8koa da, 2019koa baino ehuneko 7,2 puntu handiagoa, esportatutako milioi euroek jaitsiera gordina erakusten duten arren.

Epe horretan, esportazioak 17.100 milioi eurotik gorakoak izan dira. Bizkaia nabarmendu behar da (6.383,1 milioi), ondoren Gipuzkoa (5.656,2 milioi) eta, azkenik, Araba (5.118,5 milioi). Aldi hori 2019rako metatutakoarekin alderatzen badugu, nabarmen egin du behera hiru lurralde historikoetan: Bizkaian -% 21,0 (1.699,4 milioi gutxiago), Gipuzkoan -% 20,4 (1.448,6 milioi) eta Araban -% 15,4 (-931,9 milioi gutxiago).

2020ko lehen hamar hilabete horietako rankingaren arabera, Alemania da Euskal AEko ondasunak jaso dituen herrialde nagusia: % 17,7 (3.033,6 milioi). Alemaniaren atzetik Frantzia (% 15,5 eta 2.666,4 milioi), Estatu Batuak (% 6,5 eta 1.115,0 milioi) eta Erresuma Batua (% 6,4 eta 1.103,9 milioi) daude. Horrela, lau herrialdeen artean biltzen da aldi horretako Euskal AEko esportazioen ia erdia (% 46,1).

EAE osorako inportazioen kopuru metatua, aztertutako aldian, 12.920,8 milioi euro ingurukoa da. Kopuru hori urte baten eta bestearen artean alderatuz gero, ikusten da aurreko urteko epe berean erregistratutakoa baino ia 3.983 milioi gutxiagokoa dela.

2020ko lehen hamar hilabeteetan gehien saldutako hamar produktuek (muga-zergen partidak) 6.842,4 milioiko zenbatekoa dute, guztizkoaren % 39,9. Horietatik guztietatik, atzera egin ez duen bakarra dago “Trenbideetarako edo antzekoetarako ibilgailuen zatiak”, % 93,7ko hazkundearekin eta aurreko urteko aldi berean baino 164,8 milioi gehiagorekin. Gainerako partidak 2019ko epe berean esportatutakoaren azpitik daude. Aipatutako jaitsiera gehienak 100 milioi eurotik gorakoak izan dira, eta horietako lauk 349 milioitik gorako beherakadak izan dituzte; hiru automobilgintza sektoreko partidekin erlazionatuta daude. Horrela, “10 pertsona baino gutxiagoko automobilak” % 21,8 jaitsi dira (423,4 milioi gutxiago), “Ibilgailuen zatiak eta osagarriak” % 23,3 jaitsi dira (349,5 milioi gutxiago) eta “Trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako automotorrak” % 68,1 jaitsi dira (-602,4 milioi). “Petrolio-olio finduak” ere nabarmen jaitsi dira (-% 44,2 eta 538,0 milioi gutxiago).

graf0018035_03_e.png

Analisiaren fokua 25 produktu nagusietara zabaltzen badugu (guztizkoaren % 53,9, 9.247,4 milioi euro esportatuta), ikus dezakegu beste bik baino ez dituztela hazkundeak izan 2019arekin alderatuta, “Mahats freskoen ardoa” (% 1,2 eta 1,9 milioi gehiago) eta “Findu gabeko kobrea, fintze elektrolitikorako kobrezko anodoak” (% 25,0 eta 30,3).

Euskal AE osorako inportazioen kopuru metatua, denbora-tarte horretan, 12.920,8 milioi euro ingurukoa da. Kopuru hori urteen artean alderatuta, ikusten da 2019ko epe berean erregistratutakoa baino ia 3.983 milioi euro txikiagoa dela. % 23,6ko beherakada hori, 6.997,8 milioi euroko inportazio metatuak dituen Bizkaiko lurraldean aldi horretan % 28,9ko beherapena gertatu delako, eta aurreko urteko aldi berean baino 2.842,9 milioi gutxiago inportatu direlako, etorri da neurri handian. Gipuzkoako inportazioek ere behera egin dute (-% 18,3 eta 658,0 milioi gutxiago), eta baita Arabakoek ere (-% 13,9 eta 482,1 milioi gutxiago); bi lurralde horietan inportatutakoaren balioa 2.943,3 eta 2.979,7 milioi eurokoa da, hurrenez hurren.

“Produktu energetikoen” inportazioa % 46,5 jaitsi da, eta “Produktu ez-energetikoena”, berriz, % 15,1.

2020. urtean erregistratutakoari dagokionez, Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak 4.237,0 milioi euroko saldo positiboa izan du. Aurreko urteko denbora-tarte berean erregistratutakoa baino ia 97 milioi euro txikiagoa bada ere, % 125,6tik % 132,8ra igaro den aldeko estaldura-tasa erakusten du.

KANPO-MERKATARITZA ERRESUMA BATUAREKIN

Euskal AEko eta Erresuma Batuko ondasunen kanpo-merkataritzak 701,3 milioi euroko saldo positiboa izan du 2020ko lehen hamar hilabeteetan.

2020ko lehen hamar hilabeteei dagokienez, Erresuma Batura egindako esportazioek garrantzitsuak izaten jarraitzen dute (1.103,9 milioi), guztizkoaren % 6,4 baitira. Kopuru hori azken 28 urteetako batez bestekotik (% 7,0) oso hurbil dago. Ehuneko horren ondorioz, herrialdeen rankingeko laugarren postuan dago, Alemaniaren (% 17,7), Frantziaren (% 15,5) eta Estatu Batuen (% 6,5) atzetik; ranking esportatzaile horretan beti egon da hirugarren, laugarren edo bosgarren postuan.

Denbora-tarte horretan bertan, Erresuma Batuko inportazioak (402,6 milioi) guztizkoaren % 3,1 izan dira. Ehuneko hori, 1990ean hasi zen, eta % 8,5ekoa den serie historikoaren batez bestekoaren azpitik dago. Epealdi batzuetan (1994-2003) % 10,6 eta % 12,2 artean egon da. Gaur egun, Erresuma Batuko inportazioen pisua kontuan izanda, aztertutako aldian herrialde hori ranking inportatzailearen bederatzigarren postuan dago, herrialde hauen atzetik: Alemania (% 16,0), Frantzia (% 9,8), Txina (% 8,0), Italia (% 5,0), Mexiko (% 4,2), Errusia (% 4,0), Irlanda (% 4,0) eta Estatu Batuak (% 3,8). 1994an eta 1995ean bigarren postuan egon zen. Esportatzaile/inportatzaile fluxu bikoitz horren ondorioz, 1990etik 2004ra arteko saldo komertzialak negatiboak izan ziren. Urte horretan saldoa positiboa bilakatu zen, eta gaur egunera arte eutsi dio joera horri, 2014ko eta 2015eko salbuespenetan izan ezik. 2020an, ondasunen merkataritza-balantzak 701,3 milioi euroko superabita eman du, eta, ondorioz, estaldura-tasa (100 baino handiagoa bada, inportatzen duguna baino gehiago esportatzen dugu) % 274,2an dago, Alemaniaren (% 147,1), Frantziaren (% 211,5) edo Estatu Batuen (% 226,6) gainetik.

graf0018035_04_e.png

Erresuma Batuarekin merkaturatzen ditugun produktuen analisia egiten badugu, esportazioei eta 2020ko lehen hamar hilabeteei dagokienez, adierazi behar dugu esportatutako produktu nagusia (4 digituko muga-zergen partida) “Ibilgailu automobilen zatiena eta osagarriena” izan dela (112,8 milioi), guztizkoaren % 10,2arekin, eta, ondoren, ordena honetan, “Trenbideetarako automotorrak eta tranbia autopropultsatuak” (81,5 milioi eta % 7,4), “Trenbideetarako edo antzekoetarako ibilgailuen parteak” (81,5 milioi eta %  7,4), “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak” (68,1 milioi eta % 6,2), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (65,8 milioi eta % 6,0), “Merkantziak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (58,4 milioi eta % 5,3), “10 pertsona baino gutxiagoko automobilak” (50,8 milioi eta % 4,6). Ikus daitekeenez, lehen zazpi muga-zergen partidetatik sei “Automobilgintzarekin” erlazionatuta daude, eta lehen 25 produktuen artean beste bi daude: “Aireontzien parteak” (15,8 milioi eta % 1,4) eta “Gidaria barne, hamar pertsona edo gehiago garraiatzeko ibilgailu automobilak” (13,7 milioi eta % 1,2); talde horrek 504,5 milioi bildu ditu, 2020ko urtarrila eta urria bitartean esportatutako guztizkoaren % 45,7, hain zuzen ere. 2019. urte osoan talde horretan zehar 1.338,3 milioi esportatu ziren, guztizkoaren % 57,6. Esportazio nagusien artean azpimarratu behar diren beste muga-zerga talde/sekzio batzuk “Metal arruntak eta haien manufakturak” eta “Makina eta artefaktu mekanikoak” dira.

graf0018035_05_e.png

Erresuma Batutik inportatutako produktu nagusiak, hauek izan dira, beraien garrantziaren ordenan: “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinak” (88,7 milioi eta guztizkoaren % 22,0), “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarra” (22,3 milioi eta % 5,5), “Berotan ijeztutako produktu lauak, aleatu gabeko burdinazkoak edo altzairuzkoak, 599 mm-tik gorako zabalerakoak” (18,2 milioi eta % 4,5), “Arrain freskoa edo izoztua” (15,0 milioi eta % 3,7), “Trenbideetarako edo antzekoetarako ibilgailu-zatiak“ (13,8 milioi eta % 3,4) eta “Petrolio-olio finduak” (13,1 milioi eta % 3,3). Produktu horiek ere garrantzitsuenak izan dira azken urteetan (2000tik 2018ra), lehen postuetan txandakatuz, 2011., 2012. eta 2013. urteetan izan ezik, horietan ez baitzen petrolio-oliorik inportatu. Beste bi produktu ere aipatu behar ditugu, 2004az geroztik ibilbide irregularragoa izan duten arren, beti lehen hamar postuetan egon direlako: “Turboerreaktoreak, turbopropultsagailuak eta gainerako gas-turbinak, horien zatiak eta osagaiak barne” eta “Altzairu herdoilgaitza lingoteetan edo lehen mailako gainerako formetan”. Inportazioen analisiaren ondorio gisa, esan dezakegu inportazioen % 52,6 hamar produktutan kontzentratu dela, aztertutako aldian “Erregai mineralak, olioak eta haien destilazioko produktuak” izenekoen kapitulua inportatutako produktu guztien laurdena izan dela (102,4 milioi eta % 25,4), eta “Galdaketa, burdina eta altzairua” (78,1 milioi eta % 19,4) izenekoarekin batera, Erresuma Batutik datozen Euskal AEko inportazioen norantza orientatzen dutela.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2020ko urrian Euskal AEko produktu ez energetikoen esportazioak % 7,2 jaitsi ziren

Eragiketa : 
Kanpo-merkataritzaren estatistika
Eragiketa kodea : 
143101
Periodikotasuna : 
Hilekoa
Denbora arloa : 
Apirila 2025
Eguneratze data : 
2020/12/18
Hurrengo eguneratzea : 
2025/07/18
Eragiketa mota : 
Beste batzuk
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0018035_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Su feedback.   Ayúdenos a adaptar nuestra web a sus necesidades

¿Cómo valora usted la información de esta página?
Muy útil
Útil
Poco útil
Nada útil
¿Tiene alguna sugerencia que hacer?
Si, tengo
Enviar