2021/02/19ko prentsa-oharra
KANPO MERKATARITZAREN ESTATISTIKA (KAMEE). 2020ko abendua
Covid-19aren krisiak eragin handia izan du kanpo-merkataritzan, baina Euskal AEko merkataritza-saldo positiboari eutsi zaio 2020. urtean
Abenduan, esportazioak % 10 gutxitu dira, eta inportazioak % 14,3
2020. urte osoan, Covid-19aren krisiak markatua, Euskal AEko ondasunen esportazioak 20.864,5 milioi eurokoak izan ziren, hau da, 2019an baino % 17,8 gutxiago. Inportazioak 15.704,9 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urtean baino % 21,9 gutxiago, Eustaten datuen arabera.
Eskuragarri dagoen serie historikoaren bigarren erregistro txarrena da, 2009koak soilik gainditua, orduan esportazioak % 26,3 murriztu baitziren eta inportazioak % 38,9. Izan ere, serieak zazpi alditan soilik izan ditu hazkunde negatiboak, eta inoiz ez dira % 3tik gorakoak izan, aipatutako bi datetan izan ezik.
2020ko merkataritza-fluxuen jaitsierak eragina izan du bai esportazioetan bai inportazioetan, eta horri esker merkataritza-saldoa positiboa izan da. Hala, 2020rako superabita 5.159,6 milioi ingurukoa izan da, 2019an baino 115,9 milioi gutxiago, hau da, % 2,2 gutxiago.
Merkataritza-saldo "ez-energetikoa" ere positiboa izan da, eta 7.106,4 milioira iritsi da; horrek esan nahi du % 18,0ko murrizketa izan dela aurreko urtearekin alderatuta (8.661,4 milioi). Era berean, "produktu energetikoen" saldoa, 2019an negatiboa izan dena 3.385,9 milioitan, -1.946,8 milioira murriztu da; hau da, % 42,5 gutxiago izan da energiaren merkataritza-defizita.
Covid-19aren pandemiak 2020ko martxotik aurrera ezohiko moduan markatu zuen esportazio- eta inportazio-jarduera ekonomikoa. Hilabete horretan, ondasunen esportazioak % 21,8 murriztu ziren, eta inportazioak % 14,9. Baina apirilean eta maiatzean islatu ziren gehien kanpo-merkataritzan izan zituen ondorioak. Apirilean esportazioak aurreko urtean, 2019an, zenbatutakoen erdiak baino gutxiago izan ziren (-% 53,2), eta maiatzean esportatutako zenbateko ekonomikoa % 36 murriztu zen.
Hurrengo hilabeteetan, esportazioen joera negatiboa nabarmen leundu da, eta irailean gutxieneko kopurura iritsi da, -% 8,2ra, Covid-19a hasi zenetik. Azken hiruhilekoa hasi da urrian gorakada negatibo batekin, eta urte arteko tasa (-% 15,3) urtearen erdialdekoa bezalakoa izan da; dena dela, azkar baretu da, eta abenduan, ordea, % 10 negatibo batera jaitsi da.
Era berean, inportazioen minimoak apirilean eta maiatzean izan dira, -% 43,2ko eta -% 43,8ko urte arteko tasekin, hurrenez hurren, eta hileko bilakaera esportazioenaren paraleloa izan da, balio negatibo handiagoetan bada ere: % 20 inguru edo gehiago urteko azken bi hilabeteak iritsi arte, zeinetan -% 12,7ra murriztu baitira azaroan eta -% 14,3ra abenduan.
Arabako kanpo-merkataritza da kalte gutxien izan duena 2020an
2020. urte osoan, hiru lurraldeek uzkurdura nabarmena izan dute kanpoko merkataritza-jardueran.
Beherakada orokortuen testuinguru horretan, Araban inpaktua txikiagoa izan da besteen aldean. Esportazioak % 14 eta inportazioak % 10,7 murriztu dira. Eta hori dena, martxoan (-% 29,3) eta, bereziki, apirilean (-% 69,2) esportazioek izan duten beherakada itzelaren ondoren. Bi hilabete horietan Araba izan zen lurralde kaltetuena alde handiarekin.
Gipuzkoa izan zen 2019an esportazioetan (% 11,6) eta inportazioetan (% 3,6) igoerarik eduki zuen lurralde bakarra, baina 2020an lehenengoen % 18,7 eta bigarrenen % 15,3 galdu ditu.
Azkenik, Bizkaiak, zeinek Arabak bezala ondoz ondoko bi urteko beherapena eduki duen bai esportatuetan bai inportatuetan, balio handienak hartu ditu bi fluxuetan: esportazioek % 20,0 egin dute behera eta inportazioek % 28,4. Gainera, balio negatibo altuak bigarren seihilekoan zehar luzatu egin dira, eta Gipuzkoan eta, bereziki, Araban, ordea, krisiaren ondorioak nolabait arindu direla ikusten da.
Hala ere, esportazio ez-energetikoak bakarrik kontuan hartuz gero, % 20 izan beharrean, Bizkaiko esportazioen jaitsiera % 11,3ra mugatu litzateke, lurralde horretan horrelako esportazioek duten garrantzia kontuan hartuta.
10 pertsona baino gutxiagoko turismoen muga-zergen partida da pisurik handiena izan duena Euskal AEko esportazioetan, eta % 23,3ko urte arteko jaitsiera izan zuen 2020an
2020an, 25 partida esportatzaile nagusiek gure erkidegoak esportatutakoaren balioaren erdia baino gehiago bildu dute (% 53,6).
Euskal AEko esportazioaren partidarik garrantzitsuenak, 2020an, 10 pertsona baino gutxiagoko turismoak eta Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak izan dira.
Lehenengoa, 1.757,1 milioirekin, esportazio guztien % 8,4 izan da, azken urtean % 23,3ko jaitsiera izan ondoren. Bigarrenerako, jaitsiera % 19,5ekoa izan da, eta esportatutako 1.421,9 milioiek guztizkoaren % 6,8 bildu dute. Salgaien garraiorako ibilgailu automobilek ehuneko bera dute; partida hori hirugarren postuan dago rankingean, 1.416,2 milioi eurorekin, eta % 0,4 baino ez da murriztu 2019an esportatutakoen aldean.
Partidarik garrantzitsuenen zerrenda horretatik, bik soilik izan dituzte urte arteko hazkundeak. Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen zatiak eta Ardo eta mahats freskoak dira. Lehenengoa, 373,8 milioi euroko esportazioekin, % 85,8 hazi da, eta bigarrena % 2,4, 2020an 205,2 milioi eurora iritsita.
Aitzitik, esanguratsuak dira Petrolio-olio finduen eta Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako izenekoaren jaitsierak, bai kopuru absolutuetan, bai erlatiboetan. Lehenengoak 813,5 milioi euroko esportazio-balioa lortu du, guztizkoaren % 3,9 dena, aztertutako aldian % 43,9ko urte arteko jaitsiera izan ondoren. Bigarrenak % 69,1 egin du atzera, urte batean zazpiehun milioi gutxiago esportatu dira, eta 333,9 milioi eurora mugatu ditu esportazioak.
Europar Batasunerako (EB-27) esportazioak % 12,6 jaitsi dira, eta inportazioak % 13,4
Gure esportazio guztien % 62,9, 13.124,9 milioi euro, Europar Batasunera egin dira, hau da, aurreko urtean baino % 12,6 gutxiago. Inportazioen kasuan, murrizketa % 13,4koa izan da, 8.605,9 milioira iritsiz. Horrela, Europar Batasunarekiko merkataritza-saldoa positiboa izan da (4.519 milioi), baina aurreko urtean baino 561,7 milioi euro txikiagoa.
Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Italiak biribiltzen dute bost herrialdeko taldea zeinetara Euskal AEk bideratu dituen esportatutako ondasun guztien erdiak.
Inportazioei dagokienez, Alemaniatik eta Frantziatik aipatutakoez gain, Txinatik, Italiatik eta Mexikotik etorritakoak nabarmendu behar dira, bost herrialde horien artean 2020an inportatutakoaren % 43,7 izanik.
2020KO ABENDUA
2020ko abenduan, ondasunen kanpo-merkataritzaren portaerak oraindik ere krisi pandemikoaren luzapenak markatuta jarraitu du.
Euskal AEko ondasunen esportazioak 1.638,3 milioi eurora iritsi ziren; hau da, 2019ko abenduarekin alderatuta, % 10 jaitsi ziren. Bestalde, inportazioak, 1.292,8 milioi, % 14,3 jaitsi ziren urte arteko tasan.
Horren ondorioz, Euskal AEko merkataritza-saldoa positiboa izan da abenduan 345,5 milioitan, eta 34,6 milioi gehiagokoa 2019ko abenduan erregistratutakoa baino.
Aurreko hilabeteetan bezala, produktu energetikoen jokamoldeak eragin handia izan du urtetik urterako beherakadetan. Esportazio energetikoak % 34,1 jaitsi dira, eta ez-energetikoak % 7,9.
Produktu energetiko mota horretarako inportatutakoaren eta esportatuaren artean dagoen zuzeneko erlazioak azaltzen du inportazio energetikoak ere jaitsi egin direla, % 63,5 (282,2 milioi). Hala ere, ez-energetikoak % 6,2 hazi dira.
Hala ere, oro har, Euskal AEko ondasunen inportazioak, guztira 1.292,8 milioi eurorekin, % 14,3 jaitsi ziren 2019arekin alderatuta.
Lurraldeka, Gipuzkoan esportazioek % 8,4 egin dute behera, hiru lurraldeen arteko datu gutxien negatiboena. Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak (-% 20,5), Burdinazko edo aleatu gabeko altzairuzko profilak (-% 55,6) eta, batez ere, Gidaria barne hamar pertsona edo gehiago eramateko ibilgailu automobilak (-% 78,4) izeneko partidak izan dira eragin handiena eduki dutenak Gipuzkoan 2020an 53,5 milioi gutxiago esportatzeko.
Bizkaiko esportazio-atzerakada, abenduan 2019ko hil berean esportatutako zenbatekoaren % 10,1 dena, batez ere Petrolio-olio finduetan kontzentratu da. Bizkaiko esportazio-puska nagusia izan da, eta aurreko urteko hilabete berean baino 48,9 milioi gutxiago esportatu zituen (-% 39,9). Pisu handieneko produktu ez-energetikoen artean, bilakaera positibo batzuk ikusten dira:
Azkenik, Arabak esportazio-portaerarik txarrena izan du abenduan, esportazioak -% 12,0 jaitsi baitira, batez ere jaitsi direlako 10 pertsona baino gutxiagoko turismoei eta Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak delakoari dagozkien esportazio-partidak (% 31,3 eta % 47,5, hurrenez hurren).
Aipatzekoa da lurralde horretako partida nagusietako batek, Kautxuzko pneumatiko berriek, portaera ona izan duela, % 10,7ko hazkundea izan baitu joan den abenduan, 2019ko hil beraren aldean.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62