2021/03/17ko prentsa-oharra
KANPO MERKATARITZAREN ESTATISTIKA (KAMEE). 2021eko urtarrila
Euskal AEko produktu ez-energetikoen esportazioak 2021eko urtarrilean % 5,7 jaitsi dira
Energia-esportazioen bilakaera negatiboak (-% 66,5) guztizko esportazioek % 12,4 atzera egin izana ekarri du
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioak (1.724,6 milioi euro) % 12,4 jaitsi ziren 2021eko urtarrilean, aurreko urteko hil beraren aldean. Esportazioetan, produktu energetikoen esportazioek nabarmen egin dute behera (% 66,5), eta produktu ez-energetikoen esportazioek, berriz, behera egin duten arren, % 5,7 egin dute behera.
Bestalde, inportazioek (1.362,1 milioi) % 13,5 egin zuten behera, produktu energetikoak % 38,3 jaitsi baitziren eta ez-energetikoak % 3,8.
Hala eta guztiz ere, merkataritza-saldoa positiboa da (362,6 milioi), eta 126,6ko estaldura-tasa sortu du, ehuneko puntu eta erdi handiagoa 2020ko urtarrilean erregistratutakoa baino.
Lurraldeka, Bizkaiak izan du esportazioen portaerarik txarrena, esportazioak % 14,5 jaitsi baitira, esportazio energetikoek behera egin dutelako (-143,6 milioi, % 66,8ko jaitsierarekin). Energia-esportazioaren atzerakada hori, funtsean, honako produktu hauetan kontzentratzen da: "Oktanaje baxuko gasolinak (<95)", "Sufre kantitate handiko gasolioa (>% 0,1 pisutan)", “Sufre kantitate handiko fuel-olioa (>% 0,5 pisutan)" eta, neurri txikiagoan, "Olio lubrifikatzaile bereziak" eta "Petrolioaren betuna"; hala ere, hazi egin dira “Oktanaje ertaineko gasolinak (>95 eta >98)”.
Gipuzkoak % 11,6 egin du atzera, neurri handi batean "Garraio-materiala" (-% 30,5 eta 44,4 milioi gutxiago) eta "Material elektrikoa" (-% 11,6, -21,3 milioi) jaitsi direlako.
Arabako esportazioak beste lurraldeetako joera bera izan du: % 10,5 jaitsi da, "Material elektrikoa" (-% 49,2, -27,5 milioi) eta "Metalak eta beren manufakturak" (-% 22,8) jaitsi direlako. Hala ere, "Garraio-materialak" 2020ko urtarrileko esportazio-bolumen ia bera izan du; izan ere, 347,1 milioi euro esportatu dira, eta horrek % 0,3ko beherakada arina baino ez du ekarri.
2021eko urtarrilean bost herrialde (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak eta Italia) izan dira Euskal AEko bezero nagusiak, esportazio guztien % 54 hartu baitituzte (930,9 milioi). Horietarik lau EB-27koak dira, % 68,9 biltzen dituen erakundekoak. Ehuneko hori % 75,5ekoa izan litzateke EB-28 zaharraren kasuan.
Herbehereetara eta Portugalera egindako esportazioak % 8,1 eta % 5,6 hazi dira, hurrenez hurren. Europako gainerako herrialde nagusietara egindakoak, berriz, negatiboak izan dira urte batetik bestera, hala nola Frantziaren kasuan (-% 20,5), Erresuma Batuan (-% 10,0), Italian (-% 5,9), Belgikan (-% 1,4) eta Alemanian (-% 4,4). Hilabete honetan, Estatu Batuetara egindako salmentak % 49,6 jaitsi dira, eta Mexikora (-% 39,1) egindakoak ere gutxitu dira, baina gehitu egin dira Txinara (% 1,4), Errusiara (% 29,3) eta Turkiara (% 35,0) egindakoak, bolumen handienekoen artean.
Inportazioen erdiak EB-27tik etorri dira (% 50), eta desagertutako EB-28aren kasuan % 51,4ra iritsi lirateke. Europako herrialde garrantzitsuenen artean Italiak izan du gorakada positibo handiena (% 9,7), gero Alemaniak (% 2,2), Portugalek (% 2,1) eta Frantziak (% 0,7). Kontrako norabidean, Irlanda (-% 55,9) eta Erresuma Batua (-% 65,8) nabarmentzen dira. Munduko gainerako lekuetarako ere jaitsi dira Errusiatik (-% 38,1) eta Turkiatik (-% 82,5) etorritako inportazioak; aldiz, Mexikotik (% 113,0), Txinatik (% 19,5) eta Estatu Batuetatik (% 56,2) etorritakoak gehitu egin dira.
2021eko urtarrilean merkaturatutako produktuak
Xehetasunez aztertuz gero, ikusten da ezen 2021eko urtarrilean hamar Muga-zerga Partida nagusiek esportazioen % 43,6 bildu zituztela, 752,8 milioi euroko balio bateratuarekin.
Nabarmentzekoak dira igoerak “Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak" izenekoan (% 194,0 eta aurreko urtean baino 24,4 milioi gehiago) eta "Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak" deritzonean (% 13,5 eta 16,6 milioi gehiago).
Aitzitik, jaitsiera nabarmenak izan dira "Petrolio-olio finduetan" (-% 68,0, 143,5 milioi gutxiago) eta “Hodiak eta profil hutsak, soldadurarik gabe, burdinazko edo altzairuzkoak” deritzonean (-% 47,1 eta 17,8 milioi gutxiago). Hilabete honetan, 10 partida nagusietarik erdiak automobilgintzaren sektorean dira, zeinek, urte arteko % 4,0ko hazkundearekin, aurreko urteko hilabete berean baino 21,9 milioi gehiago esportatzea lortu baitu.
Inportazioen kasuan eta muga-zergen partidetarako, pisu espezifiko handiena duen inportazioak, "Petrolio edo mineral bituminosoaren olio gordinak" izenekoak (guztizkoaren % 17,4), % 14,3ko atzerakada izan du.
Joera hori bera dute 25 muga-zergen partida nagusietarik 11k. Horien artean nabarmentzekoak dira "Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak" (-% 91,7), “Elikagai eta edarien industrietan erabilitako gai usaintsuen nahasketak" (-% 56,8) eta "Industria kimikoko eta lotutako beste prestakin eta produktu batzuk" (-% 50,7).
Beste alde, nabarmen hazi dira "Soja-babak, baita hautsiak ere" (% 287,2), hilabete honetan gehien inportatu den hirugarren produktua, eta "Landu gabeko aluminioa" (% 209,7).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62