2021/04/16ko prentsa-oharra
INDUSTRIAREN INKESTA. 2019
Euskal AEko industrian gora egin du teknologia-maila ertain eta altuko produktuen protagonismoak, eta salmenten % 32 hartu dute 2019an
Manufaktura-industriaren salmenten ia erdia esportaziora bideratu zen
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko industriaren 2019ko datuek, COVID-19aren eraginaren aurreko azkenak, kanpoko merkatuetara zuzendutako sektorea erakusten dute, eta teknologia-maila ertain eta altuko produktuek gero eta protagonismo handiagoa dute.
Teknologia-maila ertaineko eta altuko produktuen protagonismoa etengabe hazi da urteetan zehar, 2019an salmenten % 31,7 eta, bai lanean ari ziren langileei dagokienez, bai sortutako balio erantsiari dagokionez, ehuneko handixeagoa, % 32,1ekoa, berenganatu arte. Aurreko 10 urteekin alderatuta, hiru aldagaietako edozeinetan ehuneko 4 puntu inguru gehiagokoa da.
Oro har, balio erantsiaren eta enpleguaren bilakaerari dagokionez Euskal AEko industriaren portaera positiboa izan zen 2019an. Enpleguari dagokionez, okupatutako pertsonen kopurua % 0,3 hazi zen, azken urteetako joera positiboari eutsiz. Beraz, lanean ari zen pertsona kopurua 207.004koa izan zen, bost urteko etengabeko hazkundearen ondoren. Lanean ari ziren langile guztietatik, emakumeak % 20,6 izan ziren, 10 urte lehenago baino ia bi puntu gehiago, eta hazkunde txiki baina etengabea izan zuten: Ehungintza, larrugintza eta oinetako adarrak (% 70,8), Farmazia-produktuak (% 57,7) eta Elikagai, edari eta tabako industriak (% 40,2) dira emakumeen presentzia handiena erakusten dutenak.
Balio erantsia 15.295 milioi eurokoa izan zen, 2018koa baino % 1,4 handiagoa, baliorik handiena 2009tik. 2019an 59.904 milioi eurora iritsi zen fakturazioa hamarkadako bigarren altuena izan zen, 2018koaren ondoren, % 0,7ko jaitsiera txiki baten ostean.
Era berean, Euskal AEko industriaren produktibitatea, lanean ari zen pertsona bakoitzeko balio erantsi gisa neurtuta, 73.889 eurokoa izan zen 2019an, aurreko urtean baino % 1,1 handiagoa.
Euskal AEko industriaren erdia Metalurgia eta produktu metalikoak, Makineria eta ekipamendua eta Garraio-materiala adarrek osatzen dute
Euskal AEko industrian pisu handiena duen sektorea Metalurgia eta produktu metalikoena da, 69.738 pertsona hartzen baititu, industrian lan egiten duten langile guztien % 33,7. Era berean, salmentetan (14.531 milioi euro) eta balio erantsian (4.185 milioi euro) lehen postuan jarri da. Enplegua % 0,3 hazi zen 2018ko datuekin alderatuta, baina salmentak eta balio erantsia % 3,5 eta % 2,4 murriztu ziren, hurrenez hurren.
Urrutitik bada ere, atzetik Makineria eta ekipamendua eta Garraio-materiala sektoreak datoz. Lehenak langile guztien % 11,1 (23.008 pertsona) hartu zuen 2019an, eta bigarrenak % 9,9 (20.397 enplegu). Garraio-materialak % 9,7 igo zuen negozio-zifra eta % 7,0 balio erantsia. Bilakaera horri esker, urtea honela ixteko aukera izan zuen: salmenten % 15,2 eta erkidegoko industria osoaren balio erantsiaren % 11,4.
Makineria eta ekipamenduaren sektoreak Euskal AEko industriaren salmenten % 8,7 eta balio erantsiaren % 10,5 biltzen ditu, salmenten % 1,3ko eta balio erantsiaren % 1,6ko hazkundearen ondoren.
Aipatutako hiru sektoreen artean, industriako langileen erdia baino gehiago enplegatu dute (% 54,7), eta salmenten % 48,2aren) eta balio erantsi osoaren % 49,3aren erantzule izan dira 2019an.
Jarraian, Kautxua eta plastikoak ageri da, 19.134 pertsonarekin (2018ko ia kopuru bera) enplegu osoaren % 9,2 hartzen baitu, negozio-zifraren % 7,5 eta balio erantsi gordinaren % 9,7, 2019an lehenengoa % 1,5 eta bigarrena % 1,6 hazi ondoren.
Balio erantsiari dagokionez, Euskal AEko industriaren beste sektore garrantzitsu bat Energia elektrikoa, gasa eta lurruna da. Sektore horrek, enpleguaren % 1 soilik izanik, salmenten % 9,6 eta balio erantsiaren % 9,7 sortzen du.
Negozio-zifrari dagokionez, hazkunderik handiena Farmazia-produktuek izan zuten, % 21,0. Enplegua % 7,7 eta balio erantsia % 16,3 hazi ziren.
Produktibitateari dagokionez, handienak Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (710 mila euro pertsonako) eta Koke-lantegiak eta petrolio-findegiak (282 mila euro pertsonako) sektoreek eman zituzten; lehenak % 16,9ko hazkundea izan zuen eta % 13,6ko murrizketa bigarrenak. Horiez gain, Farmazia-produktuak nabarmendu ziren: 178 mila euro pertsonako, eta Industria kimikoa, 101 mila euro pertsonako eta % 8ko eta % 3,8ko hazkundeak, hurrenez hurren. Beste muturrean daude Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakoak (38 mila euro) eta Altzariak eta beste manufaktura-enpresa batzuk (47 mila euro). Industria eta energia osoaren batez bestekoa 73.899 eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 1,1 handiagoa.
Salmenten ia erdia esportaziora bideratzen da
Euskal AEko manufaktura-industriako enpresek atzerriko merkatuetarako irekitasun argia erakusten dute. Atzerrira egindako esportazioa manufaktura-industriaren salmenten % 44,8koa izan zen 2019an, 2018an lortutakoa baino hiru hamarren gutxiago. Salmenten % 29 Europar Batasunera bideratu zen, eta gainerako herrialdeetara, berriz, % 15,8.
Bestalde, Estatuko gainerako lurraldeetara egindako salmentek salmenta guztiekiko duten pisua ehuneko 0,2 puntu igo zen 2018arekin alderatuz, 2019an salmenta guztien % 31,8 izan baitziren. Azkenik, barne-merkatuak (EAE) saldutakoaren % 23,4 bereganatu zuen, aurreko urtean baino bost hamarren gutxiago.
Sektoreka, esportazio-ehuneko handiena duen Garraio-materialak, 1,1 hamarren murriztu du atzerrirako salmenten proportzioa salmenta guztiekin alderatuz, eta % 77,7ra iritsi da 2019an. Makineria eta ekipamenduak sektoreak % 58,9 bideratu zuen esportaziora 2019an, aurreko urtean baino bi hamarren gutxiago. Aldiz, Material eta ekipo elektrikoak, esportazio-bolumenaren arabera garrantzitsuena den hirugarren sektoreak, lau hamarren handitu zituen 2018ko esportazioak, eta % 46,8ra iritsi ziren 2019an.
ARABA
Arabako industriaren salmenten % 44 teknologia maila altuko eta ertaineko produktuak izan ziren 2019an
Araba nabarmentzen da Euskal AE osoan, teknologia maila altuko eta ertaineko ondasunen ekoizpenari dagokionez: Arabako industria osoko salmenten % 43,6, balio erantsiaren % 30,3 eta okupatutako langileen % 31,3 hartzen du.
2019an, Arabako industriaren bilakaeraren adierazle nagusiek geldialdi-zantzuak erakutsi dituzte. Horrela, enplegatutako langile-kopurua % 0,2 murriztu zen eta balio erantsia % 0,5. Salmentak, ordea, % 0,2 hazi ziren.
Okupatutako langileen % 19,7 emakumeak ziren, eta Ehungintza, larrugintza eta oinetakoen adarrak (% 69,3), Farmazia-produktuak (% 59,6) eta Material eta ekipo elektrikoa (% 38,6) ziren emakumeen presentzia handiena erakusten zutenak.
Zenbaki absolutuetan, salmentak 14.092 milioi eurokoak izan ziren, 2018an baino 24 milioi gehiago, 42.909 langile ari ziren lanean, aurreko urtean baino 83 gutxiago, eta balio erantsia 3.331,5 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino 16 milioi gutxiago.
Metalgintza eta produktu metalikoak da Araban industria-enplegu gehien duen sektorea, baina Garraio-materiala da gehien fakturatzen duena
Lurralde horretan, garrantziari dagokionez lehena den Metalurgia eta produktu metalikoen sektorean 13.451 pertsonak egin zuten lan, industriako enplegu guztiaren % 31,3, hain zuzen ere. Sektoreak 3.017 milioi euro fakturatu zituen, Arabako industriaren % 21,4, eta 881 milioi euroko balio erantsia sortu zuen. Kontzeptu horretan ere lehen postua lortu zuen, guztizkoaren % 24,4ko pisuarekin.
Negozio-zifrari erreparatuta, ordea, sektore nagusia Garraio-materiala da; izan ere, Arabako industria osoaren % 35,5 fakturatu zuen, Arabako industria osoak fakturatutako hiru eurotik bat. Gainera, salmentak % 5,9 hazi ziren, nahiz eta enplegatutako pertsonen kopurua % 4,5 murriztu aurreko urtearekin alderatuta, 7.808 pertsonatan ezarri baitzen. Balio erantsia ere % 6,1 hazi zen, 662 milioira iritsi arte.
Lurralde horretan beste bi sektore ere nabarmentzen dira: 2019an industria osoaren % 16ari lana eman zion Kautxua eta plastikoak sektoreak negozio-zifraren % 14 eta balio erantsiaren % 19 metatu zituen, % 1,3ko eta % 3,5eko hazkundearekin enpleguan eta salmentetan, eta balio erantsiaren % 0,5eko murrizketarekin. Bigarrena Elikagaien, edarien eta tabakoaren industrien sektorea da: 4.173 pertsona enplegatu zituen, 1.248 milioi euro fakturatu zituen eta 374 milioi euroko balio erantsi gordina sortu zuen. Termino erlatiboetan, sektore horrek Arabako industriaren enplegu guztiaren % 9,7 bereganatu zuen, guztizkoaren % 8,9 fakturatu zuen eta balio erantsi gordinaren % 11,2 lortu.
Araban espezializazioa nabarmena da; aipatutako lau sektoreek enpleguaren % 75,3 eta salmenten % 79,7 hartzen dute.
Negozio-zifrari dagokionez, hazkunderik handiena izan zuen adarra Produktu informatikoak eta elektronikoak izan zen, % 31,6 hain zuzen ere, enpleguan % 21,5 eta balio erantsian % 25,7 gehiago.
% 55arekin Araba da lurralde esportatzaileena zifra erlatiboetan
Arabako manufaktura-industriako enpresek irekiera nabarmena dute atzerriko merkatuetara. Atzerrira egindako esportazioa manufaktura-industriaren salmenten % 55,2koa izan zen 2019an. Salmenten % 39 Europar Batasunera bideratu zen, eta gainerako herrialdeetara, berriz, % 16,2. Bestalde, Estatuko gainerako lurraldeetara egindako salmenten pisua % 26,5ekoa izan zen, eta barne-merkatuak (EAE) saldutako guztizkoaren % 18,3 bereganatu zuen.
Zalantzarik gabe, sektore dinamikoena Garraio-materiala da, salmenten % 76,2 kanpo-merkatura bideratzen baitu. Esportatutako % 50etik gora Kautxua eta plastikoak (% 56,1) eta Makineria eta ekipamendua (% 52,7) dira.
BIZKAIA
Bizkaiko industrian lan egiten zuten langileen % 20,7 emakumeak ziren
Bizkaian, teknologia maila altuko eta ertaineko ondasunak salmenta guztien % 18,5 baino ez ziren izan, nahiz eta ehuneko hori balio erantsiaren % 25,7ra eta langile landunen % 24,3ra heldu.
Bizkaiko industriaren salmenta garbiak eta balio erantsi gordina murriztu egin ziren 2019an. Salmentak % 3,5 murriztu ziren eta balio erantsia % 1,3. Hala ere, enpleguak % 0,2 egin zuen gora.
Okupatutako langileen % 20,7 emakumeak ziren, 10 urte lehenago baino 2,3 puntu gehiago, eta Ehungintza, larrugintza eta oinetakoen adarrak (% 71,7), Farmazia-produktuak (% 56,2) eta Elikagai, edari eta tabako industriak (% 44,1) dira emakumeen presentzia handiena erakusten dutenak.
Zenbaki absolutuetan, salmentak 26.212 milioi eurokoak izan ziren, 2018an baino 958 milioi gutxiago, 81.416 langile aritu ziren lanean, aurreko urtean baino 166 pertsona gehiago, eta balio erantsia 5.898,5 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino 77 milioi gutxiago.
Bizkaian ere, Metalurgia eta produktu metalikoen sektoreak du pisu handiena (industria osoaren % 36,6), eta 29.801 pertsonari ematen die lana. Sektoreak 6.646 milioi euro fakturatu zituen, industriaren % 25,4, eta 1.746 milioi euroko balio erantsia sortu zuen, guztizkoaren % 29,6.
Bizkaian dago sektoreen dibertsifikazio handiena. Ondorioz, gainerako sektoreetako batek ere ez zuen % 10etik gorako partaidetzarik lortu bere adierazle nagusietako batean. Azpimarratu behar da, hartzen den adierazlearen arabera, haren pisua nabarmen aldatzen dela.
Hala, negozio-zifrari erreparatuz gero, Koke-lantegien eta petrolio-findegien 5.833,5 milioiko fakturazioa lurralde osoaren % 22,3 izan zen, enpleguaren % 1,2 baino hartu ez zuen arren (1.000 pertsona) eta balio erantsi gordinaren % 4,8. 2018ko datuekin alderatuta, sektore horretako enpleguak % 3,1 egin zuen behera, salmentek % 14,2 eta balio erantsiak % 16,3.
Halaber, nabarmena da Bizkaian, salmenten garrantziagatik, Energia Elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren sektorea, negozio-zifraren % 10,1 eta balio erantsiaren % 11,2 metatu baitzituen, salmentetan % 8,6ko eta balio erantsian % 20,8ko bilakaera negatiboa erakutsi arren. Era berean, enpleguak behera egin zuen (% 13,5), eta lurraldeko industriaren enplegu osoaren % 1,9ra mugatu zen.
Aitzitik, Altzariek eta beste manufaktura batzuek enpleguaren % 10,1 biltzen dute, 8.194 pertsona, baina fakturazioa (2.649 milioi) guztizkoaren % 3,4 da, eta balio erantsi gordineko 380 milioiak % 6,4. Aztertutako azken urtean, sektore horretako langile-kopuruak % 4,7 egin du gora, salmentek % 13,9 eta balio erantsi gordinak % 9,3.
Bizkaian ere Kautxua eta plastikoak sektorea nabarmentzen da, 7.385 pertsonari ematen baitzien lana, 1.417 milioi euro fakturatuz eta 467 milioi euroko balio erantsi gordina sortuz. Termino erlatiboetan, sektore horrek Bizkaiko industriaren enplegu guztiaren % 9,1 hartzen zuen, fakturazio osoaren % 5,4 eta balio erantsi gordinaren % 7,9.
Bizkaiko manufaktura-industriako enpresek salmenta garbien % 36 bideratu zuten atzerriko merkatuetara, Erkidegoko beste bi lurraldeen azpitik. Salmenten % 23,3 Europar Batasunera bideratu zen, eta Gainerako Mundura % 12,7. Bestalde, Estatuko gainerako lurraldeetara, jomugarik ohikoenera, egindako salmenten pisua, salmenta guztien % 38,0 izan zen 2019an, eta barne-merkatua, berriz, saldutako guztizkoaren % 26,0.
Araban bezala, esportazioari dagokionez sektorerik dinamikoena Garraio-materiala da, salmenten % 82,2 kanpo-merkatura bideratu baitzuen. Esportatutako % 50etik pixka bat gora dago Makineria eta ekipamendua; hirugarrenik, baina % 50etik behera, Material eta ekipo elektrikoa dago, % 44,8rekin.
GIPUZKOA
Gipuzkoan, bai fakturazioan, bai balio erantsian eta enpleguan, teknologia maila altuko eta ertaineko produktuak guztizkoaren % 40 inguru dira
Gipuzkoan, teknologia maila altuko eta ertaineko ondasunak salmenta guztien % 40,8 izan ziren, eta ehuneko hori balio erantsiaren % 39,4ra eta langile okupatuen % 40,1era heltzen da.
Gipuzkoa da hiru adierazle nagusiek 2019an bilakaera positiboa izan zuten erkidegoko lurralde bakarra. Salmentak % 2,8 igo dira, eta, bereziki, balio erantsi gordina, % 5,3. Neurri txikiagoan, enpleguak ere bilakaera positiboa izan zuen, % 0,7 gehiago.
Gipuzkoako industriako emakumeen ehunekoa ere hiru lurraldeetako altuena da: % 21 2019an. Ehungintza, larrugintza eta oinetakoen sektorean, langileen % 70,0 emakumeak dira, Farmazia-Produktuak (% 60,7) eta Elikagai, edari eta tabako industriak (% 42,3) dira emakumeen presentzia handiena erakusten dutenak.
Salmentek 19.600 milioi euroko balioa izan zuten 2019an, 2018an baino 529 milioi gehiago, eta balio erantsia 6.065 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino 304,5 milioi gehiago. Era berean, 572 langile gehiago zeuden lanean, eta, beraz, Gipuzkoako industrian 82.679 langile zeuden, Bizkaiko industriako enplegua bigarren urtez jarraian gaindituz.
Gipuzkoan nagusi den sektorea, beste bi lurraldeetan bezala, Metalurgia eta produktu metalikoen sektorea da; izan ere, 26.486 langile ditu, lurralde horretan industrian enplegatutako pertsona guztien % 32. Sektoreak 4.868 milioi euro fakturatu zituen, % 24,8, eta 1.628 milioi euroko balio erantsia sortu zuen, guztizkoaren % 26,8. Gainera, 2018ko datuekin alderatuta, enpleguak % 0,5 egin zuen gora, eta haren balio erantsia % 0,3 izan zen, baina salmentak % 2,6 jaitsi ziren.
Makineria eta ekipamenduaren sektorea bereziki nabarmena da lurralde horretan, eta bigarren sektorea da enpleguari, salmentei eta balio erantsiari dagokienez. Industriako enpleguaren % 19,4 hartzen zuen, 16.070 pertsona, eta 3.805 milioi eurotik gorako balioarekin fakturatzen zuen, guztizkoaren % 19,4. Azken urtean, enplegua % 1,7 hazi da, eta salmenta garbiak % 1,5. Horren balio erantsi gordina 1.174 milioi eurokoa izan zen 2019an, eta balio erantsi gordin osoaren % 19,4 izan zen, 2019an % 2,2 igo ondoren.
Hirugarren lekuan Garraio-materiala dago. Sektore horrek 7.614 pertsonari ematen zien lana, salmenta garbiak 2.343 milioi eurokoak ziren eta balio erantsian 608 milioi euro sortu zituen. Gipuzkoako industriari dagokionez, enpleguaren % 9,2 zen, salmenten % 12 eta balio erantsi gordinaren % 10. Azken adierazle horrek % 1,5 egin du behera 2019an, baina enplegua % 4,2 hazi da eta salmentak % 14.
Horrenbestez, aipatutako hiru sektoreak enpleguaren % 60,7, salmenten % 56,2 eta balio erantsi gordinaren % 56,2 dira, Gipuzkoako industriaren kontzentrazio esanguratsua agerian utziz.
Energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren sektorea ere esanguratsua da, salmenten garrantziarengatik eta balio erantsiarengatik; izan ere, negozio-zifraren % 11,2 eta balio erantsiaren % 9,8 biltzen du, industriako langileen % 0,4 baino hartzen ez duen arren. Sektore horrek bilakaera positiboa izan du bai salmentetan (2018an baino % 13,8 gehiago), bai balio erantsian (% 55,3 gehiago), eta, neurri txikiagoan, langile okupatuetan (% 1,3 gehiago).
Gipuzkoako industriaren salmenten erdia atzerrira bideratu zen 2019an
Bestalde, Arabaren atzetik, Gipuzkoa da, termino erlatiboetan, esportatzaileen artean bigarrena eta zifra absolutuetan lehena. Salmenta guztien % 49 atzerriko merkatuetara bideratzen da. Salmenten % 29,3 Europar Batasunera bideratu zen, eta Munduko gainerako lekuetara % 19,7. Bestalde, Estatuko Gainerako lurraldeetara egindako salmenten pisua 2019ko salmenta guztien % 27,3 da. Azkenik, barne-merkatuak (EAE) saldutako guztizkoaren % 23,7 bereganatu zuen.
Araban eta Bizkaian bezala, esportazio-sektore indartsuena Garraio-materiala da, salmenten % 77,5 kanpo-merkatura bideratzen baita. Oso gertutik, Makineria eta ekipamendua agertzen da. Sektore horrek atzerrira zuzentzen du bere salmenten ia % 62a; hirugarrenik, % 50etik gora, Material eta ekipo elektrikoa izeneko sektorea dago, % 54,2arekin.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62