2021/05/17ko prentsa-oharra
TELEKOMUNIKAZIOEN ETA INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN MUNDU EGUNA. 2021
65 urte eta gehiagoko pertsonen % 42 baino ez dira Interneten erabiltzaile Euskal AEn, baina ehuneko 4,7 puntu igo da kopurua 2020an
10 langile eta gehiagoko establezimenduen % 68,3k sare sozialak erabiltzen dituzte enpresa-helburuetarako, eta horixe da gehien erabilitako teknologia digitaletarik bat
Eustaten datuen arabera, gaur ospatzen den Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Nazioarteko Eguna dela eta, Interneten erabilerak gora egiten jarraitzen du Euskal AEn: 15 urte eta gehiagoko 1,5 milioi pertsona baino gehiago (1.551.600) dira Interneten erabiltzaileak, hau da, Euskal AEko biztanleen % 82,6. Ondorioz, 2020ko lehen hiruhilekoan ehuneko 2,4 puntuko hazkundea izan da aurreko urteko aldi beraren aldean.
Adinaren arabera, datuek erakusten dute ezen Interneten intentsitateak eta erabilerak behera egiten duela adinean aurrera egin ahala, eta agerian uzten dute adinekoen eten digitala. 25 eta 34 urte bitarteko pertsona guztiek (% 99,9k) erabiltzen dute Internet, baina ehuneko hori % 42ra jaitsi da 65 urte eta gehiagokoen artean, nahiz eta 2020an gora egin duen talde horren erabilerak ehuneko 4,7 puntutan. Gainerako adin-taldeetan erabiltzaile-balioak % 95etik gorakoak dira, 55-64 urte bitartekoen taldean izan ezik, non % 90,4 baita (+4,5 puntu).
Interneten erabiltzaileen artean, gehien erabiltzen diren zerbitzuak komunikazioarekin eta entretenimenduarekin loturikoak dira, eta adinaren arabera aldatzen dira. Hala, WhatsApp eta mugikorrerako erabiltzen diren antzeko beste aplikazio batzuk dira gehien erabiltzen direnak adin guztietan, % 93tik gora; orobat, % 80,7k, batez ere 15-54 urteko pertsonek, entretenimenduarekin loturiko zerbitzuetarako erabiltzen dute Internet.
Era berean, % 54,8k, oroz gain 25-44 urtekoek, ondasunak eta zerbitzuak erosten dituzte Internet bidez, hau da, Euskal AEko biztanleen % 45,2k. % 64,2k banka elektronikoa erabiltzen dute, eta gehienak 25 eta 54 urte bitarteko erabiltzaileak dira, eta % 53,5ek sare sozialak. Ehuneko hori % 90,1era igotzen da 15-24 urtekoen artean, eta % 78,1ekoa da 25-34 urtekoen artean.
Teknologia digitala enpresetan
Sare sozialen erabilera Euskal AEko enpresetara ere hedatu da, gehien erabiltzen diren teknologia digitalen artean. Izan ere, 10 langile eta gehiagoko establezimenduen % 68,3k sare sozialak erabiltzen dituzte enpresa-helburuetarako, eta 2020an ehuneko 2,3 puntu igo da kopurua aurreko urtearen aldean.
Eustatek 4.0 Industria deritzonaren adierazleei buruz egindako azken datuetatik ondorioztatzen denez, enpresen eraldaketa digitalari dagokionez aztertzen direnak, Euskal AEn teknologia digitalen ezarpenak gora egiten jarraitzen du.
Sare sozialen erabileraren atzetik, Euskal AEko enpresetan ezarpen handiena duten teknologia digital bezala datoz "hodeiko" zerbitzu informatikoak (% 44,0, ehuneko 7,7 puntu gehiago) eta zerbitzu mugikorrak (% 42,4, ehuneko 7 puntu gehiago). Laugarrenik, zibersegurtasun-jarduerak daude, % 41,9rekin.
% 10 eta % 20 artean kokatzen dira jarduera batzuk nola makrodatuen analisia (big data), % 22,2, gauzen interneten erabilera (IoT), % 19,5, eta robotikaren erabilera, % 11,7, zeina Industriaren kasuan % 23,3ra igotzen den. % 10etik behera geratzen dira 3D inprimagailuak eta adimen artifizialeko sistemak erabiltzea (% 8,8 eta % 6,0, hurrenez hurren), baina guztiak igo dira 2019. urtearekin alderatuta.
Merkataritza elektronikoa
Merkataritza elektronikoak hazten jarraitzen du Euskal AEn; 44.000 establezimendu inguruk egiten dute merkataritza elektronikoa, hau da, establezimendu guztien % 27,1ek, eta % 12tik gorako igoera izan du. Internet bidez egiten diren salmentak (sarearen bidez edo beste sistema elektroniko batzuen bidez, hala nola posta elektronikoaren bidez edo datu elektronikoen trukearen bidez –EDI eta beste sare batzuk–) guztien % 38,4 dira, eta negozio-bolumena 21.521,6 milioi eurokoa da.
10 langile edo gehiago dituzten establezimenduen % 13,8k salmenta elektronikoak egiten dituzte; ehuneko hori handituz joan da azken urteetan, zehazki ehuneko 5,8 puntu azken hamarkadan. Negozio-bolumena 17.935,5 milioi eurokoa da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62