2021/06/17ko prentsa-oharra
KANPO MERKATARITZAKO ESTATISTIKA (KAMEE). 2021eko apirila
Euskal AEko ondasunen esportazioak ia bikoiztu egin dira 2021eko apirilean
2021eko lehenengo lau hilabeteetako ondasunen esportazioen balantzea % 22,7ko hazkundearekin itxi da, eta ia 2.000 milioi euroko superabita du
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.034,3 milioi euro) % 95,2ko igoera izan zuten 2021eko apirilean, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Esportazio ez-energetikoak % 93,9 igo ziren eta esportazio energetikoak % 118,9.
Bestalde, inportazioak (1.639,6 milioi) % 66,3 igo ziren, eta gora egin zuten bai produktu energetikoek (% 78,2), 14 hilabetez jarraian hazkunde-tasa negatiboa izan ondoren, bai produktu ez-energetikoek (% 63,6).
2021eko apirilean merkataritza-saldoa (esportazioak ken inportazioak) positiboa izan zen berriro, 394,8 milioi eurotik gorakoa, eta % 124,1eko estaldura-tasa sortu zuen, 2020ko apirilean erregistratutakoa baino 18,4 ehuneko-puntu handiagoa.
Hiru lurralde historikoek atzean utzi dituzte balio negatiboak bigarren hilabetez jarraian, eta horietako esportazioen hazkunde-ehunekoak hauek izan dira: % 44,5ekoa Gipuzkoan, % 82,2koa Bizkaian eta ikaragarria izan den % 264,0koa Araban. Bizkaiaren kasuan energia-esportazioen hazkundea nabarmendu behar da (% 119,0), aurreko hilabetean hasitako joera positiboari eutsiz.
Araban esportazioak “Garraio-materialean” kontzentratu dira (guztizkoaren % 55,9), eta % 1.712,6ko igoerarekin; era berean, hauek ere igo egin dira: “Plastikoak, kautxua eta haien manufakturak” (% 174,1), “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (% 87,9) eta “Metalak eta haien manufakturak” (% 61,6), hilabete honetako lau arantzel-sekzio garrantzitsuenak aipatzearren; gainerakoek ere –bik izan ezik– igoera nabarmenak izan dituzte.
Gipuzkoan gora egin dute “Metalen eta haien manufakturen” salmentek (% 68,1), “Garraio-materialaren” salmentek (% 57,6), eta arantzel-sekzio horrek orain dela 16 hilabete hasitako joera negatiboa urratu du, eta “Material, makina eta aparatu elektrikoen” salmentek (% 30,2). Gainerako sekzioetan –bitan izan ezik– atzerrirako salmentak ere handitu egin dituzte.
Bizkaiko esportazioak beste lurraldeetako joera berari eutsi dio, % 82,2ko igoerarekin, “Garraio-materialen” (% 283,5), “Produktu mineral eta energetikoen” (% 118,7), “Metalen eta haien manufakturen” (% 60,2) eta “Material, makina eta tresna elektrikoen” (% 32,3) esportazioaren gorakadaren ondorioz. Soilik oso pisu espezifiko txikiko lau arantzel-sekziok dituzte hazkunde-tasa negatiboak.
2021eko apirilean bost herrialde (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika eta Estatu Batuak) izan ziren Euskal AEren bezero nagusiak, guztizkoaren % 51,6 eurenganatuta (1.049,8 milioi). Horietako hiru, esportazioen % 66,6 biltzen duen EB26koak dira. Ehuneko hori, % 73,4koa izango litzakete EB28 desagertuaren kasuan.
Belgikara zuzendutako salmentak % 277,5 hazi dira, eta beste herrialde batzuetako hazkundeak hauek dira: Herbehereak % 208,7, Alemania % 168,5, Erresuma Batua % 147,5, Frantzia % 117,0, Portugal % 80,8 eta Italia % 79,9. Zazpi herrialde horietara bideratzen da gure esportazio guztien % 60,5 (1.231,7 milioi).
Hilabete honetan, Europar Batasunetik kanpo, hiru herrialde nabarmentzen dira: Estatu Batuak, % 40,8ko igoerarekin eta esportatutako 106,5 milioi eurorekin; Txina, 52,6 milioirekin (% 96,8ko igoera); eta Mexiko (37,4 milioi eta % 52,4).
Inportazioen erdia baino gehiago EB27tik etorri da (% 52,4), eta % 56,2ra iritsiko ziren EB28 zaharrean. Hil honetan Alemania nabarmentzen da (erkidegoko inportazioen % 25,7) guztira 236,5 milioi eurorekin eta % 105,3ko igoerarekin, eta, ondoren daude Frantzia (152,0 milioi eta % 65,9ko igoera) eta Italia (84,8 milioi eta % 115,7ko igoera). EB27tik kanpora, baina Europako eremuan, Erresuma Batua nabarmentzen da: % 60,3ko igoera eta 61,3 milioi.
Munduko gainerako herrialdeei dagokienez, hauek dira inportazio-bolumen handiena izan duten herrialdeak: Txina, 110,3 milioi (% 17,2ko igoera), Errusia, 94,8 milioi (% 464,1eko igoera), Brasil, 60,0 milioi (% 180,0 gehiago) eta India, 51,5 milioi eta urte arteko % 311,2ko igoera. Azken herrialde horretako inportazioen ia erdia (% 39,5) energiaren arlokoa da, Errusiaren (% 87,3) eta Mexikoren (% 90,5) kasuan bezala, neurri txikiagoan bada ere.
2021eko apirilean merkaturatutako produktuak
Hamar Arantzel Partida nagusiek esportazioen % 39,5 bildu zuten, 803,6 milioi euroko balio bateratuarekin.
Garrantziaren arabera, azpimarratzekoa da “10 pertsona baino gutxiagoko turismoen” (aurreko urteko hilabete berean baino % 3.033,3 eta 177,6 milioi gehiago) eta “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilen” (% 5.902,7 eta 114,9 milioi gehiago) esportazioen hazkundea; nabarmen igo dira “Ibilgailu automobilen zatien eta osagarriak” (% 117,7ko igoera eta 70,8 milioi gehiago) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (% 187,8ko eta 55,0ko igoera) eta “Petrolio olio finduak” (% 120,8 eta 55,8 milioi gehiago). Igo egin dira, besteak beste, hauek ere: “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak” (% 132,0 eta 24,0 milioi gehiago), “Txorrotetako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako” (% 86,9 eta 24,7 milioi gehiago), “Trenbideetarako eta antzekoetarako ibilgailuen zatiak” (% 309,6 eta 26,1 milioi gehiago), “Aluminio gordina” (% 325,0 eta 20,8 milioi gehiago) eta “Pertsonak edo salgaiak garraiatzeko barkuak”.
Apirilean, 25 arantzel-partida nagusietatik bost automobilgintzaren sektorekoak dira (horietako hiru lehen posizioetan), eta urte arteko % 420,7ko igoerarekin, aurreko urteko epe berean baino 444,5 milioi gehiago esportatzea lortu dute; denbora horretan sektorean geldituta egon zen jarduera.
Multzo horretako partida bakarrean ematen da atzerapausoa esportazioei dagokienez: “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdinazkoak edo altzairuzkoak” (-% 22,9 eta 6,9 milioi gutxiago).
Inportazioen kasuan, pisu espezifiko handieneko produktuak, “Petrolio eta mineral bituminosozko olio gordinak” (guztizkoaren % 13,6), % 50,4ko igoera izan du, 2020ko apirilean baino 74,4 milioi gehiagorekin, eta joera hori inportazio-rankingeko lehenengo 43 partidekin partekatzen du. Multzo honetan, euren garrantzia dela eta, honakoak nabarmentzen dira: “Petrolio olio finduak” (% 265,0 eta 2020ko hil berean baino 57,9 milioi gehiago), eta adierazi behar da hil honetan gehien inportatutako bigarren produktua dela; “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak” (% 172,8 eta 36,8 milioi gehiago); “Soja-babak, baita hautsiak ere” (% 54,2ko igoera eta 20,3 milioi gehiago), “Beroan laminatutako produktu lauak, aleatu gabeko burdinazkoak edo altzairuzkoak, 599 mm-tik gorako zabalerakoak” (% 157,6 eta 32,3 milioi gehiago erosita) eta “Galdaketako burdinazko edo altzairuzko txatarra” (% 102,9 eta 20,3 milioi gehiago), hil honetan garrantzi handiena izan duten partidak aipatzearren.
URTEKO METATUA –2021EKO LEHENENGO LAU HILABETEAK–
Kanpoko saldoak 1.966,3 milioi euroko superabita eman du, eta estaldura-tasa % 132,0koa da
2021eko lehenengo lau hilabeteetarako Euskal AEko esportazioek % 22,7ko igoera izan dute aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, hau da, 1.499,1 milioi euro gehiago. Aldi horretako esportazio-zenbatekoa 8.109,6 milioikoa da, eta kopuru horri egindako ekarpenik handiena Bizkaikoa da, 3.216,8 milioirekin (guztizkoaren 39,7), ondoren Arabakoa (2.455,1 milioi) eta, azkenik, Gipuzkoakoa (2.437,7 milioi).
Bizkaiko esportazioak Euskal AEko garrantzitsuenak dira, lurralde horretan urte batetik bestera % 23,4ko hazkundea izan baita (2020an baino 610,0 milioi gehiago). Araban hazkundea are handiagoa da eta % 34,5era iritsi da (629,3 milioi gehiago), eta Gipuzkoan % 11,9koa da (259,8 milioi gehiago).
Esportatutako produktu mota kontuan hartuta, egiaztatu da “Produktu energetikoen” esportazioek behera egin dutela (-% 81, 33,3 milioi gutxiago) eta “Produktu ez-energetikoen” esportazioek gora (% 24,7 eta 1.532,5 milioi gehiago).
2021eko lehenengo lau hilabeteetan gehien saldutako hamar produktuek (arantzel-partidak) guztizkoaren % 40,9 hartzen dute, eta 3.318,5 milioiko zenbatekoa dute. Horietako bakarrak egin du nabarmen atzera 2020ko epe berarekin alderatuta: “Petrolio olio finduak” (% 14,9 eta 57.0 milioi gutxiago). Multzo horretako gainerako produktuek gorako tasa nabarmenak dituzte, batez ere automobilgintzarekin lotutako produktuek; hala, adibidez, “Trenbideetarako edo antzekoetarako ibilgailuen zatiek” % 164,6ko igoera izan dute, aurreko urtean baino 80,6 milioi gehiago, “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” % 64,1 eta 325,4 milioi gehiago: joera bera izan dute “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (% 62,4 eta 199,3 gehiago), “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak” (% 22,3 eta 100,9 milioi gehiago) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (% 24,8 eta 70,5 milioi gehiago).
2021eko lehenengo lau hilabete hauetako ranking esportatzailearen arabera, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, 1.435,5 milioirekin, esportatutako guztizkoaren % 17,7. Alemaniaren atzetik, Frantzia (1.293,0 milioi), Erresuma Batua (577,9 milioi), Estatu Batuak (472,4 milioi), Belgika (449,4 milioi) eta Italia (419,6 milioi) daude. Horrela sei herrialde horietan kontzentratu da esportazioen % 57,3. Aipaturiko nazioen kasuan, estaldura-tasa txikiena Italiak du, % 120,2rekin, eta handiena Estatu Batuek, % 334,4rekin.
Euskal AEko inportazioen metatuta, aztertutako aldian, 6.143,3 milioi euro ingurukoa da. Urte arteko kopuru hori alderatuta, ikusten da 2020ko epe berean erregistratutakoa baino 593,0 milioi handiagoa dela. % 10,7ko igoera horren arrazoia da, neurri handi batean, Bizkaian (3.295,9 milioiko inportazioak) aldatu egin dela aurreko urteko metatuaren joera, eta epe honetan % 3,4ko igoera izan duela, hau da, aurreko urteko epe berean baino 108,7 milioi gehiago. Gainerako lurraldeetan, inportazioek gora egin dute, Araban % 22,5 eta Gipuzkoan % 18,6; inportatutakoaren balioa 1.429,4 milioi eurokoa da lehenengoaren kasuan eta 1.418,1 milioikoa bigarrenaren kasuan.
Euskal AEn “Produktu energetikoen” inportazioak % 14,5 egin du behera (-191,7 milioi), eta “Produktu ez-energetikoenak” % 18,4 egin du gora (784,7 milioi).
Gure inportazioen buruan “Petrolio edo mineral bituminosozko olio gordinak” daude, 801,3 milioirekin, epe honetan beherakada nabarmena izan duen arren (% 23,0 eta 239,7 milioi gutxiago). Aitzitik, igo egin dira “Petrolio olio finduen” inportazioak (% 124,9 eta 142,7 milioi gehiago). Honako beste sektore hauetan kanpoan egindako erosketek ere gora egin dute: “Soja-babak, baita hautsiak ere” (% 44,9 eta 50,9 milioi gehiago, 2021eko metatu osoa 164,2 milioi euro), “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarra” (% 51,0 eta 47,8 milioi gehiago, eta metatuta 141,5 milioikoa) eta “Aluminio gordina” (% 89,3 eta 83 milioi inportatuta urteko metatuan, eta aurreko urtean baino 39,2 milioi gehiago).
Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2021eko lehenengo lau hilabeteetan, 1.966,3 milioi euroko saldo positiboa izan du, aurreko urteko aldi berean erregistratutakoa baino 906,1 milioi handiagoa, eta horrek estaldura-tasa onari eustea ahalbidetzen du, % 132,0koa.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62