2021/07/08ko prentsa-oharra
EUSKAL URTEKARI ESTATISTIKOA. 2021
2020-2021 ikasturtean unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetako 380.697 ikasle matrikulatu ziren: 198.334 ikastetxe publikoetan eta 182.363 ikastetxe pribatuetan
Guztira 255.763 izan ziren D ereduan, 67.449 B ereduan, 55.259 A ereduan eta, azkenik, 2.226 X ereduan
Eustatek "Euskal Urtekari Estatistikoa 2021" izeneko lana argitaratu du, 2021ean eskuragarri dauden datu estatistiko garrantzitsuenak, Euskal AEko eremu demografiko, ekonomiko, sozial, kultural eta politikoari dagozkionak, zabaltzeko asmoz. Datuak lurralde, eskualde eta udalerri bakoitzaren arabera ere jaso dira.
Urtekariaren bost arlo nagusiak honako hauek dira: Biztanleria, Ekonomia, Gizartea, Lurraldea eta Ingurumena, eta Informazioaren Gizartea eta I+G+b.
Argitalpenean esaten da ezen 2020. urtean Euskal AEn 2.199.711 biztanle zeudela guztira. Sexuaren arabera, 1.067.216 gizon eta 1.132.495 emakume.
Ekonomiari buruzko atalean, enpresei eta establezimenduei buruzko kapituluan adierazten denez, 2020/01/01ean 171.371 establezimendu zeuden, eta horietan 921.525 langile zeuden: 517.723 gizon eta 403.802 emakume. Gainera, 2020an, Euskal AEko BPGren % 70,4 zerbitzuen sektoreak sortu zuen, % 22,8 industriak, % 6,0 eraikuntzak eta % 0,8 lehen sektoreak. BPGren lurraldekako banaketari dagokionez, % 50,5 Bizkaiari zegokion, % 33,7 Gipuzkoari eta gainerako % 15,8a Arabari.
Kanpo-merkataritzari buruzko kapituluan, industria-produktuen 2020. urteko esportazio guztietatik, eduki teknologikoaren arabera, 20.313 milioi euro izan zirela jakinarazten da; % 52 teknologia-maila ertain-handiko esportazioei dagozkie, % 35,7 teknologia-maila ertain-txikiari, % 9,5 teknologia-maila txikiari eta % 2,8 teknologia-maila handiari.
Lan-merkatuaren gaian, Gizarte-arloan islatua, besteak beste enplegu- eta langabezia-tasei buruzko datuak ematen dira. Euskal AEko enplegu-tasa % 66,6koa izan zen 2020an, aurreko urtean baino ehuneko 1,9 puntu txikiagoa. Langabezia-tasa batez beste % 10,6ra igo zen 2020an, 2019an baino ehuneko 0,8 puntu gehiago.
Hezkuntzari buruzko kapituluan esaten denez, 2020-2021 ikasturtean unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetan ikasi zuten 380.697 ikasleetatik 255.763 ikaslek D ereduan ikasi zuten, 67.449 ikaslek B ereduan, 55.259 ikaslek A ereduan eta, azkenik, 2.226 ikaslek X ereduan. Ikastetxearen titulartasunari dagokionez, 198.334 ikastetxe publikoetan matrikulatu ziren, eta 182.363 ikastetxe pribatuetan.
Gainera, Gizarte-ohiturei eta errentari buruzko kapituluan zabaltzen da ezen, 2020. urtean, Euskal AEko emakume landunek egunean batez beste 2,2 ordu eman zituztela etxeko lanetan, 4,6 ordu seme-alaba adingabeak zaintzen eta 2,3 ordu mendeko pertsonak zaintzen; aldiz, gizon landunek batez beste 1,6 ordu, 3,4 ordu eta 1,6 ordu eman zituzten zeregin horietan, hurrenez hurren.
Lurralde eta ingurumenaren arloan bildutako datuei dagokienez, Euskal AEko lurzoruaren okupazio-egoera ikus daiteke. 2020an, bizitegi-lurzoruari azalera osoaren % 2,6 zegokion, jarduera ekonomikoen lurzoruari % 1,9, sistema orokorrek okupatutako lurzoruari % 4,0 eta lurzoru urbanizaezinari % 91,5.
Azken atala Informazioaren Gizartea eta I+G+b da. 2020an, Euskal AEko familia-etxeen % 73,5ek ordenagailua zuten; familien % 85,1ek Interneterako konexioa zuten, eta familia-etxeen % 96,1ean sakelako telefonoa zegoen.
2021eko Euskal Urtekari Estatistikoaren edizio elektroniko osoa esteka honetan kontsulta daiteke: Euskal Urtekari Estatistikoa 2021 (pdf, 2,9mb).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62