2021/07/16ko prentsa-oharra
Euskal AEko esportazioak 2.171 milioi euro baino handiagoak izan dira 2021eko maiatzean, % 39,2 handiagoak
Lehen bost hilen metatuak esportazioen % 25,8ko igoera eta 2.400 milioi eurotik gorako superabitata erakusten du
Euskal AEko ondasunen esportazioetan –2.171,6 milioi euroko balioa–, % 39,2ko igoera erregistratu zen 2021eko maiatzean, aurreko urteko hil beraren aldean; bigarren erregistro onena izan da, 2019ko abendutik, Eustaten datuen arabera. Esportazio ez-energetikoek % 41,9 egin zuten gora, eta energetikoek, % 3,5 behera.
Bestalde, inportazioek (guztira 1.733,8 milioi) % 62,2 egin zuten gora; igoera izan zen bai produktu energetikoetan (% 169,9) bai ez-energetikoetan (% 45,2).
2021eko maiatzean, saldo komertziala –esportazioak ken inportazioak– positiboa izan da, eta 437,8 milioi eurokoa izan da; hala, estaldura-tasa % 125,2koa izan da.
Hiru lurralde historikoek, laugarren hilabetez jarraian, balio negatiboak izateari utzi diote, eta esportazioetan honako igoera hau izan dute ehunekoetan: Gipuzkoan, % 29,7koa; Araban, % 35,7koa, eta Bizkaian, % 50,6koa. Bizkaiaren kasuan, esportazio energetikoek izan duten % 4,5eko beherakada nabarmendu behar da.
Araban, esportazioak “Garraioaren material”ean kontzentratzen dira, eta esportatutako guztiaren % 55,2 dira; % 20,5 egin dute gora. Modu berean, honako hauek ere igo dira: “Plastikoak, kautxua eta haien manufakturak” (% 83,7), “Metalak eta haien manufakturak” (% 48,1) eta “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (% 45,3), hilabete honetako lau arantzel-sekzio garrantzitsuenak aipatzearren; gainerakoek ere –bik izan ezik, atzera egin baitute– igoera nabarmenak izan dituzte.
Gipuzkoan gora egin dute “Metalen eta haien manufakturen” salmentek (% 45,7), “Material, makina eta aparatu elektrikoen” salmentek (% 29,4) eta “Garraio-materialaren” salmentek (% 13,2). Gainerako sekzioetan –bitan izan ezik– atzerrirako salmentak ere handitu dira.
Bizkaiko esportazioak beste lurraldeetako joera berari eutsi dio, baina igoera are nabarmenagoarekin, % 50,6ko igoerarekin, “Garraio-materialen” (% 242,3), “Material, makina eta tresna elektrikoen” (% 65,2), “Plastiko, kautxu eta haien manufakturen” (% 77,1) eta “Metalen eta haien manufakturen” (% 20,3) esportazioaren gorakadaren ondorioz. Soilik lau arantzel-sekziok dituzte hazkunde-tasa negatiboak, eta haien artean nabarmentzekoa da “Produktu eta mineral energetikoena” (–% 2,4).
2021eko maiatzean, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Norvegia) izan dira Euskal AEren bezero nagusiak, guztizkoaren % 48,8 eurenganatuta (1.060,2 milioi). Haietako bi esportazioen % 59,3 biltzen duen EB27koak dira. Ehuneko hori % 65,2koa izango litzakete EB28 desagertuaren kasuan.
Zazpi helmuga nagusietara bideratzen diren salmentak esportazioen % 53,9 hartu dituzte aurtengo maiatzean. Belgikara zuzendutako salmentak % 63,8 hazi dira, eta beste herrialde batzuetako hazkundeak honako hauek dira: Frantzia % 36,0, Erresuma Batua % 35,2, Italia % 25,1, Alemania % 22,8, Belgika % 21,8 eta Herbehereak % 16,9. Europar Batasunetik kanpo, hiru herrialde nabarmentzen dira: Estatu Batuak, % 57,5eko igoerarekin esportatuetan; Norvegia, % 703,6 gehiagorekin, eta Txina, % 39,1eko igoerarekin.
Inportazioen erdia baino gehiago EB27tik etorri da (zehazki, % 54,4), eta % 57,1era iritsiko ziren EB28 zaharrean. Hil honetan Alemaniak erkidegoko inportazioen % 28,1 kontzentratzen du, guztira 264,9 milioi eurorekin eta % 34,7ko igoerarekin, eta, ondoren daude Frantzia (158,7 milioi euro eta % 66,0ko igoera) eta Italia (100,1 milioi eta % 66,4ko igoera). EB27tik kanpora, baina Europako eremuan, Erresuma Batua nabarmentzen da: % 68,6ko igoera eta 47,9 milioi.
Munduko gainerako herrialdeei dagokienez, honako hauek dira inportazio-bolumen handiena izan duten herrialdeak: Mexiko, 109,3 milioi (% 660,3ko hazkuntza); Txina (108,1 milioi), Errusia, (91,3 milioi) eta, alde nabarmenarekin, Estatu Batuak (26,9 milioi) eta Brasil (26,3 milioi).
2021eko maiatzean merkaturatutako produktuak
Hamar arantzel-partida nagusiek esportazioen % 38,8 kontzentratu zuten; baterako balioa 843,0 milioi eurokoa izan zen.
Lehenik eta behin, “Automobilentzako zati eta osagarrien” esportazioen igoera nabarmena aipatu behar da, % 126,9 egin baitute gora. Gora egin dute, nabarmen, halaber, “Kautxuzko pneumatiko berriek” (% 81,4). Joera positiboa izan dute ere arantzel-partida nagusiek; izan ere, 25 nabarmenetatik, lauk baino ez dituzte izan hazkuntza-tasa negatiboak. Lau horietatik, honako hauek gailentzen dira: “Petrolio olio finduak” (% 17,5 egin du atzera), “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak” (–% 31,8) eta “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” (–% 23,8). Deigarria da, aldi horretan, Bizkaian honako hauetan egin den salmenta: “Arrantza-itsasontziak eta itsasontzi faktoriak itsas produktuen tratamendurako”, 57,9 milioi euroan.
Aurtengo maiatzean, 25 arantzel-partida nagusietatik, sei automobilgintzaren sektorekoak dira eta horietako lau lehen posizioetan daude. Sektore horrek, urte arteko % 35,1eko hazkuntzarekin, lortu du aurreko urteko hil berean baino 155,9 milioi gehiago esportatzea; aldi hartan, ia erabat etenda egon zen jarduera ekonomikoa industria mota horretan. Hala, “10 pertsona baino gutxiagoko turismoek” % 11,3 egin dute gora, “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilek” % 28,5 eta “Trenbideetarako eta antzekoetarako ibilgailuen zatiek” % 13,0, aipatutakoez gainera.
Inportazioen kasuan, pisu espezifiko handieneko produktuak, “Petrolio eta mineral bituminosozko olio gordinak” (guztizkoaren % 13,9), % 257,3ko igoera izan du, 2020ko maiatzaren aldean, eta joera hori inportazio-rankingeko lehenengo 60 partidekin partekatzen du, baina “Beroan laminatutako produktu lauak, aleatu gabeko burdinazkoak edo altzairuzkoak, 599 mm-tik gorako zabalerakoak” partida da salbuespena, % 33,8 egin baitu atzera.
Multzo horretan, “Petrolio olio finduak” nabarmentzen dira; 2020ko hil berean baino % 124,0 gehiago izanik, hileko bigarren posizioan daude. Haren ondoren, “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak” daude (% 141,2 gehiago inportatua) eta “Enbolo-, diesel- edo erdi-diesel-motorrak” (% 60,7ko igoera), besteak beste.
URTEKO METATUA – 2021EKO LEHEN BOST HILABETEAK
Kanpoko saldoak 2.404,1 milioi euroko superabita izan du, eta estaldura-tasa % 130,5ekoa da
2021eko lehen bost hilotan, Euskal AEko esportazioek % 25,8ko igoera izan dute, aurreko urteko aldi beraren aldean; alegia, 2.110,5 milioi euro gehiago. Aldi horretan zenbateko esportatzailea 10.281,3 milioikoa da, eta kopuru horri Bizkaiak egiten dio ekarpenik handiena, 4.088,6 milioikoa (guztizkoaren % 39,8), gero Gipuzkoak (3.122,8 milioi) eta, ondoren, Arabak (3.069,8 milioi).
Bizkaiko esportazioak Euskal AEko garrantzitsuenak dira, lurralde horretan urte batetik bestera % 28,3ko hazkundea izan baita (2020an baino 902,8 milioi gehiago). Araban hazkundea are handiagoa da eta % 34,7ra iritsi da (791,1 milioi gehiago), eta Gipuzkoan % 15,4koa da (416,6 milioi gehiago).
Esportatutako produktu mota kontuan hartuta, egiaztatu da “Produktu energetikoen” esportazioek behera egin dutela (-% 7,3) eta “Produktu ez-energetikoen” esportazioek gora (% 28).
2021eko lehen bost hiletan gehien saldu diren hamar produktuek (arantzel-partidak) guztizkoaren % 40,1 kontzentratzen dute, 4.127,1 milioiko zenbatekoarekin. Horietako bakarrak egin du nabarmen atzera 2020ko epe berarekin alderatuta: “Petrolio olio finduak” (% 15,4 gutxiago). Multzo horretako gainerako produktuek gorako tasa nabarmenak dituzte, batez ere automobilgintzarekin lotutako produktuek; hala, adibidez, “Trenbideetarako edo antzekoetarako ibilgailuen zatiek” % 102,5eko igoera izan dute eta “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilek” % 54,4koa; joera bera izan dute “10 pertsona baino gutxiagoko turismoek” (% 51,1 gora), “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriek” (% 34,6 gehiago) eta “Kautxuzko pneumatiko berriek” (% 32,8).
2021eko lehenengo bost hilabete hauetako ranking esportatzailearen arabera, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, 1.778,0 milioirekin, esportatutako guztizkoaren % 17,3. Alemaniaren atzetik, Frantzia (1.609,9 milioi), Erresuma Batua (706,2 milioi), Estatu Batuak (621,9 milioi), Belgika (552,1 milioi) eta Italia (532,1 milioi) daude. Horrela, sei herrialde horietan kontzentratu da esportazioen % 56,4. Aipaturiko nazioen kasuan, Estatu Batuen kasuan izan ezik, esportazio horien zati nagusiena “Ibilgailu automobilen zati eta osagarrien” arantzel-kapituluari dagokio, eta horien guztien artean Alemania nabarmentzen da; izan ere, bertan, esportazioen % 53,2 arantzel-kapitulu horri dagozkion produktuena da. Estatu Batuen kasuan, zati handiena (% 27,0) “Galdarak, makinak, aparatu eta tresna mekanikoak eta haien zatiak” kapituluari dagozkio.
Euskal AErako inportazioen metatua, aintzat hartutako aldian, 7.877,2 milioi euro ingurukoa da. Urte arteko kopuru hori alderatuta, ikusten da 2020ko epe berean erregistratutakoa baino 1.257,6 milioi handiagoa dela. % 19,0ko igoera horren arrazoia da hiru lurralde historikoek gora egin dutela, nabarmen, aurreko urteko datuen aldean. Bizkaiak (4.239,6 milioiko inportazioak) epe honetan % 13,1eko igoera izan du, hau da, aurreko urteko epe berean baino 491,6 milioi gehiago; Arabak, % 31,5ekoa (440.3 milioi gehiago), eta Gipuzkoak Bizkaiaren ehunekoa gainditu du, eta % 22,1ekoa izan du (aurreko urtean bost hilabete hauetan izandako metatua baino 325,7 milioi gehiago).
“Produktu energetikoen” inportazioak, aldi honetan, gora egin du, pixka bat, % 3,1 (2020an baino 44,1 milioi gehiago), eta 1.489,7 milioiko metatura iritsi da.
Gure inportazioen buruan “Petrolio edo mineral bituminosozko olio gordinak” daude, 1.042,2 milioirekin, epe honetan beherakada izan duen arren (% 6,0). Aitzitik, igo egin dira “Petrolio olio finduen” inportazioak (% 124,6). Honako beste sektore hauetan kanpoan egindako erosketek ere gora egin dute: “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak” (% 45,9), “Soja-babak, baita hautsiak ere” (% 43,3), “Enbolo-, diesel- edo erdi-diesel-motorrak” (% 33,1), “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarra” (% 64,7) eta “Aluminio gordina” (% 102,2).
Jatorrizko herrialdea aintzat hartuta, Alemaniak 2021eko maiatzera arte metatutako Euskadiko AEko inportazioen % 15,8 kontzentratzen du; ondoren, Frantziak (% 9,9), Italiak (% 5,7), Herbehereek (% 3,4) eta Erresuma Batuak (% 3,4).
Euskadiko AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2021ko lehen bost hiletan, 2.404,1 milioi euroko saldo positiboa izan du, aurreko urteko aldi berean erregistratutakoa baino 852,9 milioi handiagoa, eta horrek aldeko estaldura-tasari eustea dakar, % 130,5ekoari.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62