2021/10/19ko prentsa-oharra
KANPO MERKATARITZAREN ESTATISTIKA (KAMEE). 2021eko abuztua
Euskal AEko ondasunen esportazioek % 32,7 egin zuten gora 2021eko abuztuan
2021eko lehen zortzi hiletan, esportazioen metatua 16.350 milioi eurokoa izan da; urte arteko % 23,9ko igoera izan du
Euskal AEn ondasunen esportazioek % 32,7ko igoera izan zuten 2021eko abuztuan, Eustaten datuen arabera. Produktu energetikoen esportazioek % 292,6 egin zuten gora, eta produktu ez-energetikoenek (balio osoaren % 91), % 24,6.
“Garraio-materiala”ren gorakada (% 51,5), “Metalena eta haien manufakturena” (% 33,2), "Produktu kimikoena” (% 108,5) eta, bereziki, “Produktu mineral eta energetikoena” (% 261,5) dira nabarmentzekoak. Oro har, esportazioek 1.698 milioi euroko balioa izan zuten; aurreko urtean, 1.279 milioi eurokoa izan zuten.
Inportazioek % 50,1eko hazkuntza izan zuten 2021eko abuztuan (1.645 milioi eurotik gora). Inportazio energetikoek % 120,6 egin zuten gora eta ez-energetikoek, % 33,0.
Lurraldeak
Esportazioetan hazkuntzarik handiena Araban izan da (% 53,2), “Garraio-material”aren igoeraren (% 179,2) ondorioz. Hazkuntza, Bizkaian, % 51,6koa izan zen, “Produktu mineral eta energetiko”en igoeraren (% 278,6) ondorioz –114,2 milioi egin zuten gora, eta, hil horretan, lurralde horrek esportatutako guztiaren % 20,5 izan ziren– eta “Metalen eta haien manufakturen” ondorioz (% 58,8). Gipuzkoan, balantzea ere positiboa izan zen. Esportazioek % 5,7 egin zuten gora, honako hauen hazkuntzan oinarrituta: “Metalak eta haien manufakturak”, % 9,3; “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak”, % 7,1, eta “Papera eta haren manufakturak”, % 47,4. Esportazioek gora egin zuten, “Garraio-materialak” behera egin arren ere (–% 13,5), 15,9 milioi gutxiago esportatu ziren, aurreko urteko hil berarekin alderatuta.
Inportazioak direla eta, Bizkaian izan zen igoerarik handiena (% 78,6), “Produktu mineral eta energetiko”en erosketen igoeraren (% 117,1) eta “Metalen eta haien manufakturen” igoeraren ondorioz (% 141,9). Bilakaera, Gipuzkoan, % 29,7koa izan zen, funtsean “Metalen eta haien manufakturen” (% 37,4) eta “Material, makina eta aparatu elektrikoen” igoeraren (% 36,5) ondorioz. Araban ere, balantzea positiboa izan zen; izan ere, ondasunen erosketek % 4,9 egin zuten gora, “Metalen eta haien manufakturen” igoerari (% 42,0) esker.
Jarduera-adarrak (A 86)
Jarduera-adar garrantzitsuenak aztertuta, eta esportazioak direla eta, nabarmentzekoa da abuztuan honako hauen gorakada: “Kokeria eta petrolio-fintzeak” (% 288,3), “Produktu siderurgikoak” (% 70,4) eta “Motordun ibilgailuen fabrikazioa”rekin zerikusia duten produktuen esportazioena (% 72,6). Azken jarduera-adar horrek –lehena esportazioen rankingean– gora egin du hiru lurraldeetan, baina, batik bat, Araban (% 213,6); bertan, 2020ko abuztuan 47 milioi esportatu ziren eta, 2021ean, 147 milioi.
Inportazioak direla eta, hil horretan jarduera-adar garrantzitsuenak, “Erauzketa- eta petrolio-industriak” (guztizkoaren % 22,5), % 125,3ko hazkuntza izan duela ikusten da, bai eta “Produktu siderurgikoek” (% 115,7) eta “Erabilera orokorreko makinariak” (% 30,8) ere.
Partida garrantzitsuenak
Xehetasunak emateko, tradizioan garrantzitsuenak izan diren hiru arantzel-partidatako esportazioen urte arteko igoerak egiaztatu dira: "10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (% 205,9), “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (% 410,3) eta “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak” (% 19,1), denak automobilgintzaren sektorekoak, zeinak, hil honetan, 364 milioi euroan esportatu baitu (guztizkoaren % 21,5). Hala ere, partida horien hazkuntza handia gorabehera, bultzada esportatzailerik handiena “Petrolio-olio findu”etan gertatu da (% 342,6), 102 milioi euroan egin baitu gora, aurreko urteko hil berarekin alderatuta. Igoera horretan iazko udan petroliotik eratorritako produktuen prezioen igoerak izan duen efektua neutralizatzen badugu, eta esportatutako tonak urte artean erkatzen baditugu, hazkuntza horrek (% 179,2) garrantzitsua izaten jarraitzen duela ikusten dugu; izan ere, 2020ko abuztuan 79.959 tona izan ziren eta, 2021ean, 223.209 tona.
Inportazioen kasuan, nabarmentzekoa da “Petrolio edo mineral bituminosozko olio gordin”etan izan dugun inportazioen igoera handia (% 109,5) eta honako hauetan izan dugun igoera nabarmena: “Petrolio olio finduak” (% 82,8), 2020an baino 15.746 tona gehiago –funtsean, “Gasolioa” eta, neurri txikiagoan, “Fuelolioa”–.Halaber, “Petrolio-gas eta gasezko gainerako hidrokarburo”en inportazioen hazkuntza bikaina nabarmendu behar da (% 437,6); urte artean 68.164 tonako igoera izan dute, eta 2020ko abuztuan baino 42 milioi euro gehiago. Halaber, potentziazio nabarmena izan dute honako hauek: “Beroan laminatutako produktu lauak, aleatu gabeko burdinazkoak edo altzairuzkoak, 599 mm-tik gorako zabalerakoak” (% 143,5), “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarra” (% 190,0) eta “Burdinazko mineralen zuzeneko murrizketaren bidez eskuratutako burdin produktuak” (53.487 tona edo 2021eko abuztuan inportatutako 25 milioi).
Xede diren bezeroak
Abuztuan, bost herrialde (Frantzia, Alemania, Herbehereak, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuak) izan dira Euskal AEren bezero nagusiak, Euskal AEko esportazioen guztizkoaren % 52 berenganatu baitute. Haietako hiru EB27koak dira; entitate horri % 63,5 dagokio.
EUSKAL AEKO KANPO-MERKATARITZA. URTEKO METATUA
2021eko lehen zortzi hiletan, Euskal AEko ondasunen esportazioek % 23,9 egin zuten gora (3.153 milioi gehiago aurreko urtean baino), eta 16.350,3 milioi eurora iritsi ziren. Zifra hori 2019ko –pandemiaren aurreko urtea– aldi bereko zifra baino pixka bat txikiagoa da, orduan 16.741,2 milioi eurokoa izan baitzen.
Inportazioen metatua 13.021,7 milioikoa izan zen, alegia, aurreko ekitaldiko aldi berean erregistratutakoa baino 2.752,4 milioi gehiagokoa (% 26,8ko igoera).
Euskal AEko kanpo-merkataritzak, 2021eko lehen zortzi hiletan, 3.329 milioi euroko saldo positiboa izan du eta % 125,6ko estaldura-tasa.
Lurraldeak
Bizkaia nabarmena izan zen aldi horretan, haren esportazio-jardueragatik; izan ere, urte arteko % 30,7ko hazkuntza izanik, ondasunen salmenten buru da (6.575 milioi euro). Arabak % 22,5eko hazkuntza izan du (4.669,8 milioi), eta Gipuzkoak, % 17,3koa (5.105 milioi).
Inportazioak direla eta, portaera berdintsuagoa izan zen hiru lurraldeetan: Gipuzkoak % 26,9ko igoera izan zuen, eta 2.901 milioi euroan inportatu zituen ondasunak; ondoren, Bizkaiak, 7.235 milioi euroan eta % 26,8ko igoera, eta Arabak, antzeko ehunekoarekin (% 26,7) eta 2.886 milioiko ekarpenarekin Euskal AEko zenbateko osoan.
Produktuak
Produktu mota kontuan hartuta, Produktu ez-energetikoek (urte arteko 3.011 milioiko hazkuntza, % 24,1) lagundu diote gehien esportazioen hazkuntzari; Produktu energetikoek ere aurreko urtean baino 141 milioi gehiago izan dute (% 20,7).
Bestalde, Produktu energetikoen inportazioek % 28,1 egin zuten gora, eta Produktu ez-energetikoenek, % 26,5.
Xede diren herrialdeak
Euskal AEko esportazioen xede diren herrialdeen rankingeko buru, aldi honetan, Alemania da (esportatutako guztiaren % 16,6), ondoren Frantzia (% 15,8), Erresuma Batua (% 6,9), Estatu Batuak (% 6,0) eta Belgika (% 5,4). Bost herrialde horiek Euskadiko esportazioen erdia hartzen dute (% 50,6). Estatu horiei Italia (% 5,1), Herbehereak (% 4,8), Portugal (% 4,3), Txina (% 2,7) eta Polonia (% 2,4) gehitzen badizkiegu, 2021eko lehen zortzi hiletako metatua, guztira, 11.428,5 milioi eurokoa da, eta Euskal AEko esportazio guztien % 70.
Jarduera-adarrak (A 86)
Esportazio-bolumena dela eta jarduera-adar garrantzitsuenen artean “Siderurgia”rekin zerikusia duten produktuen igoera nabarmentzen da (% 39,2), zeinak gainditu egiten baitu ia 494 milioi euroan aurreko urtean esportatutakoa eta 1.753 milioi eurora iritsi baita.
Nabarmen hazi da, halaber, honako hauen esportazioa: “Burdinazkoak ez diren metalak” (% 60,2), “Erabilera orokorreko makineria” (% 22,5), “Kautxuzko produktuak” (% 22,5) eta, bereziki, “Ontzigintza” (% 1.217,9).
Esportazio-bolumen handieneko adarra “Motordun ibilgailuen fabrikazioarekin” zerikusia duten produktuena da (3.552 milioi eta guztizkoaren % 21,7), zeinak, 2021. urteko zortzigarren hila amaitzean, % 23,9ko hazkuntza metatua erregistratu baitu, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
Inportazioen kasuan, nabarmentzekoa da adarrik garrantzitsuenak, “Erauzketa- eta petrolio-industriak” –petrolio gordina–, % 7,4 egin duela gora, eta bolumen aldetik atzetik dituenek ere gora egin dutela, batik bat “Siderurgia”k (% 44,9), eta, nabarmen, “Kokeriak eta petrolio-fintzea” adarrak (% 165,9) –petrolio findua–.
Partida garrantzitsuenak
Xehetasunak ematean ikusten da esportazioen barruan 25 arantzel-partida nagusien artean batean baino ez dela egon hazkuntza-tasa negatiboa: “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak” (–% 24,8); gainerako arantzel-partidetan, tasak positiboak izan dira, eta, duten garrantzia eta pisu berezia kontuan hartuta, nabarmentzekoak dira “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (% 21,7), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (% 23,9), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (% 17,5), “Petrolio-olio finduak” (% 16,3) eta, zehazki, “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak” (% 36,8).
Inportazioen kasuan analisi bera egiten badugu, nabarmentzekoa da “Petrolio-olio findu”en erosketek izan duten gorakada handia (% 158,6); kontuan hartu den aldian, 643 milioi euro metatu ditu, aurreko urteko aldi bereko 249 milioien aldean. Alegia, 808 tonatik 1.458 tonara igaro da. Inportazioen kasuan ere, inportatutako 25 partida nagusietatik, batek baino ez du izan hazkuntza-tasa negatiboa: “Petrolio-gasa eta gasezko gainerako hidrokarburoak” (–% 8,7), zeinak 2020an 196,8 inportatu baitzituen eta 2021ean, 179,6 milioi; alegia, 1.039 tonatik 718 tonara igaro da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62