2021/10/01eko prentsa-oharra
ADINEKO BIZTANLEEN PANORAMA ESTATISTIKOA. 2021
Euskal AEn, 65 urtetik gorako 10 pertsonako, 20 urtetik beherako 8 daude; horrek esan nahi du biztanleria zahartzen ari dela pixkanaka
Adinekoek oso ongi batekin baloratu dituzte bizitzarekiko gogobetetze-maila eta aisialdiarekiko gogobetetze-maila
Gaur, urriak 1, ospatzen den Adinekoen Nazioarteko Egunaren barruan, Eustatek "Adineko biztanleen panorama estatistikoa 2021" zabaltzen du, zeina bost gai-arlotan egituratzen den: Demografia, Bizitza ekonomikoa, Osasuna, Eguneroko bizitza eta Gizarte-babesa.
Demografia: 2020/01/01eko zifrek adierazten dute Euskal AEn 65 urte eta gehiagoko 494.364 pertsona (% 22,5) bizi direla, zeinetarik 284.126 (% 57,5) emakumeak diren, eta 210.238 (% 42,5) gizonak. Lurraldeka, Bizkaia da lurralderik zahartuena eta Araba gazteena.
Belaunaldi-erreleboa: 20 urtetik beherakoen eta 64 urtetik gorakoen egungo proportzioa 0,8 da Euskadin, zeinak esan nahi duen biztanleria pixkanaka zahartzen ari dela. Desoreka hori areagotu egiten da emakumeen artean, bizi-itxaropena handiagoa delako eta emakume gehiago daudelako gizonak baino.
Bizitza ekonomikoa: Erretiro-adinaren ondoren, genero-desberdintasuna areagotu egiten da batez besteko errenta pertsonalean. Eta arindu egiten da gerora alarguntza-pentsioekin
Errenta pertsonala eta familiarra: Euskal AEn bizi diren 18 urte eta gehiagoko biztanleek 21.458 €-ko batez besteko errenta pertsonala izan dute 2018an. Gizonen batez besteko errenta 26.930 €-koa da, eta emakumeena 16.416 €-koa. Alderik handiena 65 eta 69 urte bitarteko adin-tartean dago, non gizonek emakumeek baino 15.380 € gehiago jasotzen dituzten.
65 urte eta gehiagoko pertsonen errenta, bereziki, erretiro-pentsioetatik eta bestelako gizarte-prestazioetatik dator. Askozaz neurri txikiagoan, kapital-errentetatik, eta ia hutsalak dira jarduera- edo lan-errentak.
65 urte eta gehiagoko gizonen batez besteko errenta pertsonala gero eta txikiagoa da adinarekin batera. Zenbat eta adinduagoak izan, errenta txikiagoa dute. Aldiz, 80 urtez goitiko emakumeen batez besteko errentak zertxobait igotzen dira alarguntza-pentsioak kobratzeari esker.
Erretiroa hartzeko adinaren ondoren, genero-desberdintasuna areagotu egiten da batez besteko errenta pertsonalean, nahiz eta hori arindu egiten den gerora alarguntza-pentsioak gehiturik. Genero-desberdintasuna txikiagoa da 40 urtera arte.
Osasuna: Zenbat eta urte gehiago izan, orduan eta osasun okerragoa hautematen da
Osasun onaren pertzepzioak adierazten du ezen adinean gora egin ahala osasun okerragoa hautematen dela. Sexuaren arabera, emakumeek gizonek baino 10 puntu gutxiago hautematen dute osasun ona.
75 urtetik aurrera, emakumeen % 35,8k eta gizonen % 26,1ek pairatzen dute jardueraren muga kronikoa.
Euskal AEko ospitaleetan 247.502 ospitaleratze erregistratu ziren 2019an; ospitaleratutako pertsonen % 51k 65 urte eta gehiago zituzten.
Heriotza-tasa: 2020an Euskal AEn bizi ziren 24.247 pertsona hil ziren: 12.056 gizon eta 12.191 emakume. Batez beste, gizonak 77,8 urterekin hil ziren, eta emakumeak 84,2 urterekin. 3.096 pertsona hil ziren 2020an COVID-19aren ondorioz, guztizkoaren % 12,8. Arrazoi horrengatik hildako gizonen kopurua emakumeena baino handiagoa izan zen: 1.582 eta 1.514, hurrenez hurren. Adinaren arabera, COVID-19aren ondoriozko heriotzen % 72,8 80 urtez goitiko pertsonei dagozkie.
Eguneroko bizitza: Adinekoak dira beren aisialdiarekin gusturago daudenak
Bizitza pertsonala eta soziala: 65 urte eta gehiagoko biztanleek batez beste 10etik 7,53 puntu eman dizkiote bizitzarekiko gogobetetze-mailari eta 7,76 puntu, berriz, aisialdiarekikoari, 2020an. Aitzitik, 35-49 urtekoek adierazi dute baloraziorik txikiena (6,09).
Turismoa: Adinekoek ere parte hartzen dute Euskadin turismoaren kontuan (% 30,1). Urteko denboraldiari kasu eginez, Euskadin Aste Santuan turismoa egiten dutenen % 20,5 60 urtetik gorakoak dira, eta udatiarren % 28,8.
Gizarte-babesa: Zenbat eta urte gehiago izan, orduan eta emakume gehiago dago egoitzetan
25 urtean, 1994tik 2019ra, adineko pertsonentzako egoitzen kopurua hirukoiztu egin da: 153 izatetik 448 izatera igaro dira Euskal AEn, 158 titulartasun publikokoak eta 290 pribatukoak. Eguneko zentroei doakienez, kopurua % 45 igo da, 514 zentrorekin. 18.885 adineko pertsonak erabili zituzten egoitzak 2019an; hamarretik zazpi emakumeak izan ziren.
Diru-sarrerak bermatzeko prestazioak: 51.315 pertsona izan ziren oinarrizko errentaren titularrak 2019an, zeinetarik 10.841 65 urtetik gorakoak baitziren, guztizkoaren % 21, eta hamarretik zazpi emakumeak.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62